HomeAntolakundea"Praktika egokien" kodeaJardunbide egokien kodea europar estatistikan

Jardunbide egokien kodea europar estatistikan

EUROPAKO ESTATISTIKETAKO JARDUBIDE EGOKIEN KODEA

Egun indarrean dagoen bertsioa Europako Estatistika Sistemaren Batzordeak egokitu du 2011ko irailaren 28an.

 

Hitzaurrea

Europako Estatistika Sistemaren ikuspegia(1)

«Europako Estatistika Sistema lehena izango da munduan estatistikako informazioari lotutako zerbitzuak ematen, eta informazioaren hornitzaile garrantzitsuena ere izango da Europar Batasunarentzat eta haren estatu kideentzat. Printzipio eta metodo zientifikoak oinarritzat hartuta, Europako Estatistika Sistemak etengabe eskainiko eta hobetuko du Europako estatistika bateratuen programa bat, eta programa hau funtsezko oinarria izango da prozesu demokratikoetan eta gizarteak aurrera egiteko prozesuan.»

 

Europako Estatistika Sistemaren xedea

«Europa, nazio eta eskualde mailako ekonomiari eta gizarteari buruzko kalitate handiko informazio independentea ematen diogu Europar Batasunari, munduari eta oro har pertsona guztiei; eta ororen esku jartzen dugu informazioa, erabakiak har daitezen, ikerketak egin daitezen eta eztabaidak gara daitezen.»

Xede eta ikuspegi hori betetzeko asmoz, Europako Estatistika Sistemako kideak etengabe ari dira erabiltzaileekin elkarlanean aritzeko eta elkarreragiteko ahaleginak egiten, betiere Europako Estatistiketako Jardunbide Egokien Kodeko printzipioak eta kalitatea kudeatzeko printzipio orokorrak betez, hau da: aitzindaritzarekin konpromisoa, lankidetza, pertsonalaren gogobetetasuna eta etengabeko hobekuntza, eta integrazioa eta harmonizazioa.

 

Europako estatistiketako jardunbide egokien kodea

Europako Estatistiketako Jardunbide Egokien Kodeak hamabost printzipio hartzen ditu oinarri moduan, eta horien artean erakundeen eremua, estatistikak egiteko prozesuak eta estatistika ekoizpena. Printzipio bakoitzerako jardunbide egokien adierazle multzoa erreferentzia gisa erabil daiteke kodearen aplikazioa aztertzeko. Europako estatistiken kalitate-irizpideak Europako Estatistikaren Legean ezartzen dira (2).

Estatistika arloko agintaritzak (3), hots, Batzordeak (Eurostat), estatistikako erakunde nazionalek eta Europako estatistiken garapenaren, prestaketaren eta hedapenaren ardura duten bestelako agintaritza nazionalek (4), gobernuek, ministerioek eta Kontseilu Europarrek, Kodea aplikatzeko konpromisoa hartu dute.

Jardunbide Egokien Kodeko printzipioak eta kalitatea kudeatzeko printzipio orokorrak kalitateari lotutako eremu bakarra osatzen dute Europako Estatistika Sisteman.

__________________________________________________

(1) 223/2009 Araudia (EB), 4. artikulua.
(2) 223/2009 Araudia (EB), 12. artikulua.
(3) 223/2009 Araudia (EB), 4. eta 5. artikuluak.
(4) 223/2009 Araudia (EB), 1. artikulua. Jardunbide Egokien Kodean, «Europako estatistiken garapenaren, prestaketaren eta hedapenaren ardura duten bestelako agintaritza nazionalak» aipatzeko hurrengoa erabiltzen da «estatistikaren arloko beste agintaritza batzuk».

Erakundeen eremua

Erakunde eta antolaketa mailako faktoreek eragin handia dute Europako estatistikak garatzen, prestatzen eta hedatzen dituen estatistikako agintaritza baten eraginkortasunean eta sinesgarritasunean. Honakoak alderdi garrantzitsuak dira: independentzia profesionala, datuak biltzeko agindua, baliabideen egokitzapena, kalitatearekiko konpromisoa, konfidentzialtasun estatistikoa, inpartzialtasuna eta objektibotasuna.

 

1. Printzipioa: Independentzia profesionala

Estatistikako agintaritzen independentzia profesionalak bermatu egiten du Europako estatistikak sinesgarriak izango direla beste sail eta erakunde politiko batzuen aurrean (araupetzaileak nahiz administratzaileak) eta sektore pribatuko eragileen aurrean.

Adierazleak:

  • Estatistikako erakunde nazionalek eta Eurostat-ek kanpoko esku-hartzeen aurrean (politikoak nahiz bestelakoak) estatistikak garatzeko, prestatzeko eta hedatzeko duten independentzia legez ezarrita dago, eta estatistikako beste agintaritza batzuentzat bermatuta dago.
  • Estatistikako erakunde nazionaletako eta Eurostat-eko zuzendariek, baita estatistikako bestelako agintaritzetako zuzendariek ere (hala badagokie) duten maila hierarkiko altuak bermatu egiten du politika arloko agintarietara eta administrazioko erakunde publikoetara helduko dela, maila altuan gainera.
  • Estatistikako erakunde nazionaletako eta Eurostat-eko zuzendariek, baita estatistikako bestelako agintaritzetako zuzendariek ere (hala badagokie), estatistikak modu independentean garatzen, prestatzen eta hedatzen direla bermatzeko ardura dute.
  • Estatistikako erakunde nazionaletako eta Eurostat-eko zuzendariek eta estatistikako bestelako agintaritzetako zuzendariek (hala badagokie) bakarrik erabaki ditzakete estatistiken metodoak, arauak eta prozedurak eta estatistikako komunikazioen edukia eta egutegia.
  • Estatistikako lanaren programak argitaratzen dira eta aldizkako txostenetan egindako aurrerapenak deskribatzen dira.
  • Estatistikako komunikazioak eta adierazpen politikoak ondo bereizten dira, hauetatik bereiz ateratzen baitira.
  • Estatistikako institutu nazionalak, Eurostat-ek eta estatistikako bestelako agintaritzek (hala badagokie) estatistikari lotutako iruzkin publikoak egiten dituzte, estatistika ofizialen erabilera ezegokien kritikak eta azaleratzeak barne, halakorik badago.
  • Estatistikako institutu nazionaletako, Eurostat-eko eta estatistikako bestelako agintaritzetako (hala badagokie) zuzendariak haien lanerako gaitasunak kontuan hartuta bakarrik izendatzen dira. Kargu bat uzteko arrazoiak lege esparruan zehazten dira, baina ezin dira izan independentzia profesionala edo zientifikoa arriskuan jartzeko moduko arrazoiak.

 

2. Printzipioa: Datuak biltzeko agindua

Estatistikako agintaritzek agindu juridiko argia dute Europako estatistikak egiteko behar den informazioa biltzeko. Estatistikako agintaritzek eskatuz gero, administrazioak, enpresak, familiak eta oro har pertsona guztiak legez behartuta egon daitezke Europako estatistikak egiteko datuak erabiltzen uztera edo datu horiek ematera.

Adierazleak:

  • Estatistikako agintaritzek Europako estatistikak garatu, prestatu eta hedatzeko behar dituzten datuak biltzeko agindua legez ezarrita dago.
  • Legeak estatistikako agintaritzei baimena ematen die estatistikako helburuetarako administrazioko datuak erabiltzeko.
  • Egintza juridiko bat oinarritzat hartuta, estatistikako agintaritzek estatistikako inkestak erantzutera behar dezakete.

 

3. Printzipioa: Baliabideen egokitzapena

Estatistikako agintaritzen esku dauden baliabideak Europako estatistiken baldintzak betetzeko bestekoak dira.

Adierazleak:

  • Gaur egun estatistika arloan dauden beharrizanak betetzeko adina giza baliabide, finantza baliabide eta baliabide informatiko daude, eta baliabide horiek egokiak dira tamaina eta kalitatea aintzat hartuta.
  • Estatistiken esparrua, xehetasuna eta kostua beharrizanen araberakoak dira.
  • Badaude estatistika berrien eskaerak kostuaren arabera ebaluatzeko eta justifikatzeko prozedurak.
  • Badaude estatistika bakoitza egin behar den ebaluatzeko prozedurak; horrela, eta baliabideak askatze aldera, baten bat ezabatu edo murriztu daitekeen jakin daiteke.

 

4. Printzipioa: Kalitate konpromisoa

Estatistikako agintaritzek kalitatearekin hartu dute konpromisoa; alderdi sendoak eta ahulak sistematikoki eta aldizka identifikatzen dituzte, prozesuaren eta produktuaren kalitatea etengabe hobetzeko.

Adierazleak:

  • Kalitate politika bat dago ezarrita, edonoren esku. Kalitatea kudeatzeko egitura bat eta antolaketa-tresna batzuk daude.
  • Estatistikak prestatzeko prozesuaren kalitatearen plangintza eta jarraipena egiteko prozedurak ezarri dira.
  • Aldizka kontrolatzen da produktuaren kalitatea; kalitatearen osagaien artean egon daitezkeen konpromisoen arabera ebaluatzen da, eta horren gaineko txostenak egiten dira Europako estatistiken kalitate-irizpideak kontuan hartuta.
  • Estatistikako ekoizpen nagusiaren azterketa zorrotza egiten da aldian behin, eta horretarako, behar izanez gero, kanpoko adituak ere kontsultatzen dira.

 

5. Printzipioa: Konfidentzialtasun estatistikoa

Erabat bermatuta daude informatzaileen pribatutasuna (familiak, enpresak, administrazioak eta beste inkestatu batzuk), ematen duten informazioaren konfidentzialtasuna eta estatistika hutserako erabilera.

Adierazleak:

  • Legeak bermatzen du konfidentzialtasun estatistikoa.
  • Estatistikako langileek konfidentzialtasunari lotutako konpromiso juridikoa sinatzen dute kontratatzen direnean.
  • Konfidentzialtasun estatistikoa nahita ez betetzeagatik zigorrak ezarri dira.
  • Ekoizpen eta hedapen prozesuetan konfidentzialtasun estatistikoa babesteari buruzko jarraibideak eta orientabideak ematen zaizkie estatistikako langileei. Konfidentzialtasun politika edonoren esku dago.
  • Estatistikako datu-baseen segurtasuna eta osotasuna babesteko baliabide fisikoak, teknologikoak eta antolaketakoak daude.
  • Protokolo zorrotzak aplikatzen zaizkie ikerketaren bat egiteko asmoz estatistikako mikrodatuak eskuratzen dituzten kanpoko erabiltzaileei.

 

6. Printzipioa: Inpartzialtasuna eta objektibotasuna

Estatistikako agintaritzek independentzia zientifikoa errespetatuz eta modu objektibo, profesional eta gardenean garatzen, prestatzen eta hedatzen dituzte Europako estatistikak; erabiltzaile guztiek tratu bera hartzen dute.

Adierazleak:

  • Gogoeta estatistikoek zehazten duten oinarri objektibo baten arabera biltzen dira estatistikak.
  • Estatistikako iturriak eta metodoak hautatzeko, eta estatistikak hedatzeari buruzko erabakiak hartzeko, gogoeta estatistikoak hartzen dira oinarri gisa.
  • Argitaratuta dauden estatistiketan antzematen diren akatsak ahalik eta arinen zuzentzen dira eta argitaratzen dira.
  • Erabilitako metodoei eta prozedurei buruzko informazioa edonoren esku dago.
  • Estatistikak argitaratzeko data eta ordua aldez aurretik ematen dira aditzera.
  • Metodologian berrikuspenik edo aldaketa garrantzitsurik egiten bada aldez aurretik ematen da horren berri.
  • Erabiltzaile guztiak modu eta une berean eskura ditzakete estatistiken argitalpenak. Ezarritako argitalpen orokorra baino lehen, pribilegioz, eskuratzen badu kanpoko erabiltzaileren batek argitalpena, eskuraketa hori mugatua, kontrolatua eta publikoa izango da. Filtrazioak gertatzen badira, lehentasunezko erabileren akordioak berrikusiko dira inpartzialtasuna bermatu ahal izateko.
  • Prentsa-ohar gisa egindako estatistikako argitalpenak eta adierazpenak objektiboak eta inpartzialak dira.

Prozesu estatistikoak

Europako eta nazioarteko arauak, orientabideak eta jardunbide egokiak erabat errespetatzen dira estatistikako agintaritzek Europako estatistikak antolatzeko, biltzeko, prestatzeko eta hedatzeko erabiltzen dituzten prozesuetan. Kudeaketa onaren eta eraginkortasunaren ospeak indartzen du estatistiken sinesgarritasuna. Metodologia sendoa, prozedura estatistiko egokiak, inkestatuei zama handiegirik ez ematea eta kostuaren eta eraginkortasunaren arteko erlazioa dira alderdi garrantzitsu batzuk.

 

7.Printzipioa: Metodologia sendoa

Kalitatezko estatistikek metodologia sendoa izaten dute, eta horretarako bitarteko, prozedura eta ezagutza egokiak behar dira.

Adierazleak:

  • Europako estatistiken metodologia-esparru orokorrak Europako eta nazioarteko arauak, orientabideak eta jardunbide egokiak betetzen ditu.
  • Estatistikako agintaritza guztiek kontzeptu, definizio eta sailkapen estandarrak koherentziaz erabiltzen dituztela bermatzeko prozedurak daude.
  • Enpresen erregistroa eta biztanleen gaineko inkesten esparrua aldizka ebaluatzen dira eta, behar izanez gero, egokitu egiten dira kalitate maila altua izan dezaten.
  • Modu zehatzean bat datoz sailkatzeko sistema nazionalak eta Europako sailkapen-sistemak.
  • Tituludunak kontratatzen dira, beharrezko diziplina akademikoetan.
  • Estatistikako agintaritzek etengabeko lanbide-prestakuntzako politika bat ezarri dute langileentzat.
  • Komunitate zientifikoarekin elkarlanean jarduten da metodologia eta aplikatutako metodoen eraginkortasuna hobetzeko eta, halaber, bideragarria denean, bitarteko hobeak bultzatzeko.

 

8. Printzipioa: Prozedura estatistiko egokiak

Kalitatezko estatistikek prozedura estatistiko egokiak hartzen dituzte oinarritzat, datuak biltzen direnetik datuok baliozkotu arte aplikatuta.

Adierazleak:

  • Europako estatistikek administrazioko datuak hartzen dituztenean oinarri moduan, administrazio helburuetarako erabiltzen diren definizioak eta kontzeptuak helburu estatistikoetarako eskatu direnetara hurbiltzen dira.
  • Estatistikako inkestetan, galdesortak aldiro-aldiro probatzen dira datuak bildu baino lehen.
  • Inkesten diseinuak, laginen hautaketak eta zenbatesteko metodoek oinarri ona dute, aldizka aztertzen dira eta behar izanez gero berrikusi egiten dira.
  • Informazioaren bilketa, datuen sarrera eta kodetzea aldizka kontrolatzen dira eta behar den guztietan berrikusten dira.
  • Edizio eta egozpen metodo egokiak erabiltzen dira, aldizka aztertzen dira eta behar denean berrikusten edo eguneratzen dira.
  • Berrikuspenetan prozedura normalizatuak, sendotuak eta gardenak betetzen dira.
  • Estatistikako agintaritzek datu administratiboen diseinuan parte hartzen dute, estatistika xedeetara ahalik eta gehien egokitzeko.
  • Datu administratiboen jabeekin akordioak ezartzen dira, eta horietan datuok xede estatistikoetarako erabiltzeko konpromiso komuna ezartzen da.
  • Estatistikako agintaritzak datu administratiboen jabeekin lankidetzan aritzen dira datuen kalitatea bermatzeko.

 

9. Printzipioa: Gehiegizko kargarik ez ezartzea inkestatuentzat

Erantzun-karga proportzionatua da, erabiltzaileen beharrizanei lotutakoa, eta ez die gehiegizko kargarik ezartzen inkestatuei. Estatistikako agintaritzek inkesta erantzuteak dakarren karga kontrolatzen dute, eta pixkanaka murrizten joateko helburuak ezartzen dituzte.

Adierazleak:

  • Europako estatistiken esparruko eskakizunen irismena eta xehetasuna soilik behar direnak dira.
  • Erantzun-karga ahalik eta modu zabalenean banatzen da inkestaren xede diren biztanleen artean.
  • Ahal izanez gero, erraz eskura daiteke enpresei kontuen bitartez eskatzen zaien informazioa, eta posible denean, informazioa transmititzeko baliabide elektronikoak ematen dira.
  • Ahal den guztietan administrazio-iturriak erabiltzen dira, informazio-eskaerak bikoiztu ez daitezen.
  • Datuak orokorrean partekatzen dira estatistikako agintaritzen artean, inkestak ugaldu ez daitezen.
  • Erantzun-karga murrizte aldera, estatistikako agintaritzek datuen iturri ezberdinak konektatzeko moduko neurriak bultzatzen dituzte.

 

10. Printzipioa: Kostu-eraginkortasun erlazioa

Baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen dira.

Adierazleak:

  • Barruko eta kanpoko neurri lokabeen bidez kontrolatzen dute estatistikako agintaritzek baliabideen erabilera.
  • Informazioaren eta komunikazioen teknologien ekoizteko ahalmena erabiltzen da datuen bilketa, datuen prozesua eta hedapena optimizatzeko.
  • Ahalegin proaktiboak erabiltzen dira datu administratiboen potentzial estatistikoa hobetzeko eta zuzeneko inkesten erabilera mugatzeko.
  • Estatistikako agintaritzek konponbide normalizatuak bultzatzen eta aplikatzen dituzte, eraginkortasuna hobetzen dutenak.

Estatistika produkzioa

Erabilgarri dauden estatistikek erabiltzaileen beharrizanak asetzen dituzte. Estatistikek Europako kalitate arauak betetzen dituzte, baita Europako erakundeen, gobernuen, ikerketa zentroen, enpresen eta oro har pertsona guztien beharrizanak ere. Ondokoak hartu behar dira kontuan: estatistikak zein neurritan diren garrantzitsuak, beharrezkoak eta fidagarriak, egokiak, koherenteak eta eskualde eta herrialdeen artean alderatzeko modukoak eta erabiltzaileek erraz erabiltzekoak.

 

11. Printzipioa: Garrantzia

Europako estatistikek erabiltzaileen beharrizanak asetzen dituzte.

Adierazleak:

  • Erabiltzaileei kontsultak egiteko prozedurak daude, baita egungo estatistiken garrantzia eta erabilgarritasuna kontrolatzeko prozedurak, haien beharrizanen arabera betiere, eta beharrizan eta lehentasun berriak kontuan hartzeko prozedurak ere.
  • Lehentasunezko beharrizanak betetzen dira eta lan-programan islatzen dira.
  • Aldizkako kontrola eta jarraipen sistematikoa egiten zaizkio erabiltzaileen gogobetetasunari.

 

12. Printzipioa: Zehaztasuna eta fidagarritasuna

Europako estatistikek zehatz eta modu fidagarrian erakusten dute errealitatea.

Adierazleak:

  • Jatorrizko datuak, bitarteko emaitzak eta estatistikako produktuak aldizka ebaluatzen eta baliozkotzen dira.
  • Laginketa-erroreak eta laginketaz bestelako erroreak sistematikoki kalkulatzen eta dokumentatzen dira, Europako arauak betez.
  • Berrikuspenak aldizka aztertzen dira, estatistika prozesuak hobetzeko.

 

13. Printzipioa: Egokitasuna eta puntualtasuna

Europako estatistikak modu egokian eta garaiz argitaratzen dira.

Adierazleak:

  • Estatistikak argitaratzeko egutegiak Europako eta nazioarteko komunikazio arauak betetzen ditu.
  • Eguneko ordu jakin bat ematen da estatistikak argitaratzeko.
  • Estatistiken aldizkakotasuna ezartzean, ahal den neurrian, erabiltzaileen betekizunak kontuan hartzen dira.
  • Argitaratzeko ezarri den egutegia betetzen ez bada, aurretiaz jakinarazten da eta horren arrazoiak ematen dira. Gero data berria ezartzen da.
  • Erabilgarria izan daitekeela uste bada, zehaztasun onargarria duten aurretiko emaitzak argitara eman daitezke.

 

14. Printzipioa: Koherentzia eta alderagarritasuna

Europako estatistikak denboran zehar barrutik trinkoak dira eta eskualdeen eta herrialdeen arteko alderaketak egiteko aukera ematen dute; iturri ezberdinetatik ateratako datuak batu eta batera erabil daitezke.

Adierazleak:

  • Estatistikak koherenteak eta barrutik trinkoak dira (hau da, identitate aritmetikoak eta kontabilitatekoak ditu).
  • Estatistikak arrazoizko denbora jakin batean aldera daitezke.
  • Estatistikak biltzean arau orokor batzuk betetzen dira haien irismenari, definizioei, unitateei eta inkesta eta iturrien sailkapenari dagokienez.
  • Iturri ezberdinak erabilita eta aldizkakotasun ezberdinarekin egindako estatistikak alderatu egiten dira eta haien artean egokitu.
  • Datuen alderagarritasun transnazionala bermatzeko, Europako Estatistika Sistemaren barruan, sistema horren eta estatistikako beste sistema batzuen artean aldizka trukeak egiten dira. Batasuneko estatuak eta Eurostat lankidetza estua izaten dute azterketa metodologikoak egiteko.

 

15. Printzipioa: Eskuratzea eta argitasuna

Europako estatistikak argiak eta ulergarriak dira, behar bezala eta modu egokian zabaltzen dira, haien erabilgarritasuna eta eskuragarritasuna inpartzialak dira, eta horiekin batera metadatuak eta laguntzeko orientazioa ematen dira.

Adierazleak:

  • Estatistikak eta horiei dagozkien metadatuak, behar bezala interpretatzeko moduan eta alderaketa adierazgarriak egiteko moduan aurkezten eta artxibatzen dira.
  • Hedatzeko zerbitzuek informazioari eta komunikazioari lotutako teknologia modernoa erabiltzen dute, eta egoki bada, ohiko kopia inprimatua ere ematen dute.
  • Posible denean, neurrirako azterketak egiten dira eta jendeari horren berri ematen zaio.
  • Mikrodatuak ikerketa xedeetarako eskura daitezke, arau edo protokolo jakin batzuk betez gero betiere.
  • Metadatuak dokumentatuta daude, metadatu normalizatuen sistemen arabera.
  • Erabiltzaileei estatistika prozesuen metodologiari buruzko informazioa ematen zaie, baita datu administratiboen erabilerari buruzkoa ere.
  • Estatistika produkzioaren kalitateari buruzko informazioa ematen zaie erabiltzaileei, Europako estatistiketako kalitate irizpideei lotuta.

Erreferentzia-dokumentoak

 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali