HomeAntolakundeaEuskal Estatistika Sistema

Euskal Estatistika Sistema

Indarrean dagoen Espainiako Konstituzioa 1978ko abenduan onartu zen, eta horren arabera, Espainiako Estatua 17 autonomia-erkidegotan antolatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoa horietako bat da, eta hiru lurralde historikok (Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak) osatzen dute.

Euskal Herrirako Autonomia Estatutoa, berriz, 1979ko abenduan onartu zen. Lege horren bidez, bere Jaurlaritza eta Legebiltzarra izateko eskubidea aitortu zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoari.

Estatuto horrek ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du bere beharretarako estatistika-produkzioan; horretaz baliatuz, Eusko Jaurlaritzak Estatistika Zuzendaritza sortu zuen, 1980an. Zuzendaritza hori Euskal AEko estatistika-produkzioaren behin-behineko erakunde nagusi gisa sortu zen, eta, horren bidez, Eusko Jaurlaritzak erakutsi zuen administrazio-maila handiko estatistika-bulego bat ezarri nahi zuela gure erkidegoan. Urte horretatik aurrera, estatistika-produkzioa, urtez urte, garatuz joan zen, dela erabilitako baliabideetan, dela egindako ahalegin teknikoan.

Erakunde horren bidez, beraz, gure erkidegoaren estatistika-informazioaren beharrari erantzun zitzaion, zeren Estatuko estatistika ofizialak ez baitzituen behar guztiak asetzen. Horrela, lurraldekako eta arlokako desagregazio-maila egokiagoak ezarri ziren, erabilgarritasun-epeak laburtu ziren, eta zabalkude-lan hobea egin zen.

Euskal Autonomia Erkidegoaren estatistika-jarduera egituratzeko eta antolatzeko, 1986ko apirilean, Euskadiko Autonomia-Elkarteko Estatistikari buruzko Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Horixe da Espainiako Estatuan onartu zen lehenengo Estatistika Legea, eta horren bidez sortu zen, hain zuzen, Euskal Estatistika-Erakundea (EUSTAT), administrazioko erakunde autonomoaren mailaz.

Lege horrek estatistika-jarduerari buruzko hiru alderdi nagusi ezartzen ditu: alde batetik, egin beharreko estatistika-eragiketei dagozkien planak eta egitarauak egiteko esparru orokorra ezartzen du; bestetik, eragiketa horiek zehazteko, diseinatzeko, gauzatzeko eta zabaltzeko behar den antolaketa finkatzen du; eta, azkenik, informazioa emateko betebeharra eta estatistika-sekretua behar bezala arautzen ditu, informatzaileek banaka ematen dituzten datuak sekretu horren babespean baitaude.

Une bakoitzean egin behar diren estatistika-eragiketak estatistika-planen bidez ezartzen dira, eta plan horiek lege mailaz onartu behar ditu Eusko Legebiltzarrak. Plan horiek ezartzen dute zenbat estatistika-eragiketa egingo dituen Euskal Estatistika Antolakundeak lau urteko epe batean, bai eta eragiketa horiek zein erakundek egingo dituen ere.

Estatistika-plan horiek Eusko Jaurlaritzak urtero onartzen dituen urteko estatistika-egitarauen bidez gauzatzen dira. Egitarau horietan, besteak beste, estatistika-eragiketa bakoitza nolakoa den zehazten da, hala nola: zein helburu duen, noizero egiten den, nor diren informatzaileak, zein erakundek egingo duen, emaitzak noiz argitaratuko diren, aldi bakoitza zenbat kostatuko den, etab.

Orain arte, 1989-1992 eta 1993-1996, 1997-2000, 2001-2004, 2005-2008, 2010-2012 planak osatu dira, eta orain Euskal Estatistika Plana 2014-2017 (PDF, 2,2MB) dago indarrean. Oraingo plan horretan, 236 estatistika-eragiketa egitea aurreikusten da, eta guztira 72.317.668 € kostatuko dira. Kostu hori honela banatuko da:

Estatistika-eragiketa Eragiketa-kop.
Ekonomia-estatistikak 78
Biztanleria-estatistikak 44
Gizarte-estatistikak 49
Lurralde- eta ingurugiro-estatistikak 39
Estatistika-garapena 15
Zabalkundea 11
GUZTIRA 236

Estatistika-kopuruak, plan guztien arabera, goranzko joera izan du: 1989-1992 aldian, 111 eragiketa egin ziren; 1993-1996 aldian, 119; 1997-2000 aldian, 133; 2001-2004 aldian, 188; 2005-2008 aldian, 180 eta, orain indarrean dagoen 2010-2012 planean, 226. Beraz, euskal estatistika-sistema gero eta eraginkorragoa da, bai estatistiken bai estatistikarien aldetik.

Euskal Estatistika Legeak, bestalde, Euskal Estatistika Antolakundea sortu zuen. Antolakunde hori honako erakunde hauek osatzen dute:

  1. Estatistika-produkzioaz arduratzen diren erakundeak: EUSTAT, Eusko Jaurlaritzaren sailak, foru-aldundiak (lurralde historiko bakoitzeko gobernu-erakundeak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta udalak.

    2014-2017 euskal estatistika-planean agertzen diren 226 eragiketetatik, 128 egiteko ardura du EUSTATek (% 54,9); gainerako erakundeek, berriz, 105 (% 45,1).

  2. Aholku-erakundeak:
    • Euskal Estatistika Batzordea: estatistikak egiteaz arduratzen diren administrazio-erakunde guztiek dituzte ordezkariak batzorde horretan.
    • Euskal Estatistika Kontseilua: estatistiken produzitzaileak eta erabiltzaileak biltzen dira batzorde horretan, eta, herri-administrazioez gain, beste hainbat erakundek ere parte hartzen dute hor, hala nola: Eusko Legebiltzarrak, batzar nagusiek (hiru lurralde historikoetako legebiltzarrak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), enpresaburu-elkarteek, sindikatu-elkarteek, egoitza gure erkidegoan duten unibertsitateek, merkataritza-ganberek, kontsumitzaile-elkarteek, eta estatistika-gaietako zenbait adituk.

Euskal Estatistika Legeak EUSTAT kokatzen du antolakunde horren erdian, eta, besteak beste, honako eginkizun eta eskumen hauek egozten dizkio:

  1. estatistika-planetan eta urteko estatistika-egitarauetan sartutako estatistika-eragiketei buruz.
    • estatistika-jarduna zuzentzea eta koordinatzea.
    • estatistika-eragiketa bakoitzaren egitasmo teknikoa onartzea, horretaz zein erakunde arduratuko den alde batera utzita.
    • planetan eta egitarauetan espreski egozten zaizkion estatistikak lantzea.
    • estatistika-emaitzak argitaratzea eta zabaltzea.
  2. Estatistika-gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordekaritza ofiziala, bai Estatu mailan zein nazioarte mailan.
  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren estatistikako datu-bankuaren oinarriak ezartzea, eta banku hori abian jartzea eta iraunaraztea.
  4. Biztanleriari, ekonomiari eta gizarteari buruzko estatistika-sistema bateratuak (lurralde-maila guztietakoak) lantzea eta iraunaraztea.
  5. Euskal Estatistika Antolakundearen estatistika-jarduera harmonizatzea, bateratzea eta koordinatzea.

EUSTATek hainbat arlotan (estatistika-produkzioan, ikerketan eta garapenean, prestakuntzan, etab.etan) gauzatzen du bere jarduera; lan horretarako, azken urteotan lankidetza-hitzarmenak izenpetu ditu hainbat erakunderekin: estatuko erakundeekin –hala nola Espainiako Estatistika Erakundearekin (INE) edo Espainiako Gobernuko ministerioekin–; Eusko Jaurlaritzaren sailekin; unibertsitateekin; autonomia-erkidegoekin; etab.ekin. Era berean, nazioarteko hainbat proiektutan ere hartzen du parte, gure inguruko hainbat erakunderekin, hala nola Europako Batasunaren Estatistika Bulegoarekin (EUROSTATekin), Suediako (SCB), Holandako (CBS), Frantziako (INSEÉ), etab.eko estatistika-agentziekin, bai eta mugaz gaindiko hainbat proiektutan ere (Nafarroarekin eta Frantziako Akitaniarekin batera).

EUSTAT Nazioarteko Estatistika Erakundeko (ISIko), Estatistika Ofizialerako Nazioarteko Elkarteko (IAOSeko) eta Estatistika Ikertzaileen Nazioarteko Elkarteko (IASSeko) kide da, bai eta Espainiako Estatuko Lurralde arteko Estatistika Batzordekoa eta Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Espainiako Elkartekoa (EIOekoa) ere.

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali