2019/09/25eko prentsa-oharra

INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA. FAMILIAK (IGIF) 2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2019an, Euskal AEko herritarren % 80,2k Internet erabiltzen du

Interneten eta ordenagailuaren erabileran murriztu egin da genero-haustura, baina mantendu egin da internet bidez erabilitako zerbitzuetan eta on line erosketetan

2019ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEko 15 urtetik gorako 1.499.100 pertsonek erabiltzen dute Internet, hau da, adin-tarte horretako euskal biztanleen % 80,2k, Eustaten datuen arabera. Iragan urteko epealdi berdinarekin alderatuta, % 1,5 igo da.

Lurraldeen arabera, ez da alde handirik antzeman hiru lurralde historikoen artean. Bizkaia dago lehen postuan (pertsonen % 80,6k Internet erabiltzen du), ondoren, Araba (% 80,3) dago eta, azkenik, Gipuzkoa (% 79,7).

Euskal hiriburuei dagokienez, Gasteizen dago Interneten erabiltzaileen ehuneko handiena (% 80,3); ondoren Bilbo dago (% 79,8) eta hirugarren lekuan Donostia (% 78,8).

Eskualde-mailan alde handiagoak antzeman dira —sarera konektatutako pertsonen ehunekoan 10 punturainoko aldea— Plentzia-Mungiaren (% 84,2) eta Arabako Mendialdearen (% 75,8) artean.

Jarduerak kontuan hartuz, ia ikasle guztiek (% 99,6) Internet erabiltzen dute; horien atzetik, lanean dauden pertsonak datoz (% 97,3). Aitzitik, pertsona ez-aktiboen eta langabeen erdiak baino pixka bat gehiagok (% 55,8) erabiltzen du Internet. Hala ere, hobetzeko aukera handiena duen talde honetan igo da gehien ehunekoa (1,3 puntu) 2018ko datuekin alderatzen badugu.

Adina kontuan hartuz, azpimarratu behar da 65 urte edo gehiago dituzten pertsonen artean Interneten erabilera 3,9 puntu igo dela, eta 55 eta 64 urte bitartekoen artean 3 puntu. Erabilerak gora egin duen arren, Interneten erabiltzaileak % 95en azpitik dituzten talde bakarrak dira. Adin-taldeen arteko alde handiena 25 eta 34 urte bitarteko pertsonen —ia denak erabiltzaileak (% 99,5)— eta 65 urte edo gehiago dituzten pertsonen (% 37,3) artean ematen da.

Interneten nabigatzeko erabilitako hizkuntza nagusia gaztelania da (% 98,4), ondoren datoz euskara (% 24,9) eta ingelesa (% 20,3).

Gehien erabilitako zerbitzuak informazioa eskuratzearekin eta komunikazioarekin loturik daude.

Azken hiru hilabeteetan, euskal biztanleen % 40,7k Internet bidez ondasunak eta zerbitzuak erosi ditu, 2018an baino % 1 gehiago. Interneteko erabiltzaileak bakarrik kontuan hartuz, % 50,7.

Interneteko erabiltzaileek informazioa eskuratzearekin eta komunikazioarekin lotutako zerbitzuak erabiltzen dituzte gehien. Ohikoenen artean honako hauek daude: ondasunei eta zerbitzuei buruz informazioa bilatzea (% 83,8), mezu elektronikoa jasotzea edo bidaltzea (% 79,4) eta albisteak, egunkariak edo gaurkotasun-aldizkariak irakurtzea (% 74,3).

Azpimarratu behar da WhatsApp-a eta mugikorrerako antzeko beste aplikazio batzuk erabiltzen direla gehien, Interneteko erabiltzaileek jarduerarekin duten erlazioa, sexua eta adina edozein izanik. Kasu guztietan % 90 gainditzen dute. Adinaren arabera, aplikazio horiek gutxien erabiltzen dituzten pertsonak 65tik gorakoak dira. Hala ere, adin horretan Internet erabiltzen duten guztien % 90,8k erabiltzen ditu aplikazio horiek. Adin horretako herritar guztiak kontuan hartuta, % 33,9 dira; aurreko urtean baino % 13,9 gehiago.

Interneten erabiltzaileen artean genero-haustura murriztu egin da

Genero-haustura 4,3 puntu murriztu da, 2018an baino puntu erdi gutxiago. Gizonen % 82,5ek Internet erabiltzen duen bitartean, emakumeen % 78,2 erabiltzen du.

Ordenagailuaren erabilerari dagokionez, genero-haustura % 7,6 puntukoa da; 2018an baino 2,8 puntu gutxiago. Gizonen % 70,4k ordenagailua erabiltzen du; emakumeen kasuan % 62,8k.

Internet bidez erabilitako zerbitzuen artean ere aldeak aurkitzen ditugu generoa kontuan hartzen badugu. Gizonekin alderatuta, emakumeek osasunarekin lotutako zerbitzu gehiago erabiltzen dituzte, adibidez, medikuarekin hitzordua hartzea edo informazioa bilatzea (ehuneko 17,4 puntu gehiago); sare sozialetan gehiago aritzen dira (+ 5,2 puntu) eta on line ikastaro gehiago egiten dituzte (+ 3,2 puntu). Bestalde, gizonek jokoarekin lotutako zerbitzu gehiago (+ 6,8) —gehiago jokatzen edo deskargatzen dute—, Informazioarekin lotutako zerbitzu gehiago (+ 5,6) —albiste, egunkari edo gaurkotasun-aldizkari gehiago irakurtzen dituzte— erabiltzen dituzte, film edo bideo gehiago (+ 5,2) ikusten dituzte eta musika gehiago (+ 4,8) entzuten dute.

Merkataritza elektronikoan ere generoaren arabera aldeak daude erositako produktuetan eta zerbitzuetan. Emakumeek gizonek baino kirol-material eta arropa gehiago (ehuneko 10 puntu baino gehiago), bidaietarako zerbitzu gehiago (+ 5,5 puntu) —garraio publikoko txartelak, autoa alokatzea— eta ikuskizunetarako sarrera gehiago (+ 5,1 puntu) erosten dituzte. Bestalde, gizonek emakumeek baino musika gehiago (+ 13,5 puntu), on line prestakuntza-material gehiago (+ 9,8 puntu) eta informatikako ekipamendu gehiago (+ 6 puntu) erosten dute.

Euskadiko etxeetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) inguruko gero eta ekipamendu gehiago daude

2019ko lehen hiruhilekoan, familien % 81,3k (725.700) Interneteko konexioa dute etxean. 2018ko datuekin alderatuta, 18.300 familia gehiagok (1,3 puntu). Hortaz, 15 urtetik gorako herritarren % 87,4k (1.632.000 lagun) etxean Sarera konektatzeko aukera du; 2018an baino 23.700 lagun gehiagok.

Bestalde, Euskal AEko etxeen % 70,9k ordenagailua du, hau da, herritarren % 78,3k.

Etxeen % 95,2k telefono mugikorra du; beraz, herritarren % 97,2k eskuragarri du.

Etxeetako ikus-entzunezko ekipamenduari dagokionez, azpimarratu behar da etxeen % 37,4k ordaintzeko telebista duela; 2018an baino 96.000 familia gehiagok (10,8 puntu). Hortaz, herritarren % 41,7k —2018an baino 224.700 pertsona gehiagok— zerbitzu hori etxean dauka.

graf0016768_01_e.png

Oharra: Prentsa-ohar honetan emandako datuak 15 urte edo gehiago dituzten pertsonei eta hauen etxeei lotuta daude.

Argibide gehiago nahi izanez gero:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2019an, Euskal AEko herritarren % 80,2k Internet erabiltzen du

Eragiketa : 
Informazioaren gizartearen inkesta. Familiak
Eragiketa kodea : 
220122
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2019/09/25
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0016768_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali