HomeGaiakBiztanleriaPrentsa Oharrak Euskal AEko populazioaren...

2019/10/17ko prentsa-oharra

BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA (BUE). 2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko populazioaren maximo historikoa 2019ko urtarrilaren 1ean iritsi zen, 2.188.017 pertsonarekin

Azken 20 urteetan hiru lurraldeek biztanleria handitu dute, nahiz eta neurri handiagoan Araban eta Gipuzkoan

Euskal AEn, 2019ko urtarrilaren 1ean, 2.188.017 biztanle zeuden, maximo historiko berri batera iritsita eta 2012ko zifrak gaindituta, aurreko populazio-goreneko urtea, Eustatek egindako datuen arabera. Horrela, aurreko urteko goranzko joerari eutsi zaio, eta, 2018ko datuekin alderatuta, Euskal AEko biztanleriaren hazkundea 7.568 pertsonakoa izan da.

Hiru lurraldeek handitu dute biztanleria 2018 eta 2019 artean, eta Gipuzkoak irabazi du gehien, 2.928 egoiliar gehiago baititu. Beraz, duela ia bi hamarkada hasitako biztanleria-hazkundearen ildoari jarraitzen dio, eta azken 20 urteetan 44.427 biztanle irabazi ditu. Araba da ondoren, 327.967 egoiliarrekin, aurreko urtean baino 2.449 pertsona gehiago, eta 1999an baino 44.479 pertsona gehiago, Gipuzkoakoaren antzeko irabazia. Bizkaiak 1.142.853 biztanle ditu, eta biztanleria-hazkunde txikiena izan duen lurraldea da, bai 2018aren aldean (+2.191 biztanle), bai azken hamarkadetan (15.856 pertsona gehiago).

Euskal AEko hiru hiriburuetan egin du gora biztanleriak 2018 eta 2019 artean, eta Gasteiz izan da igoera handiena izan duena, 2.334 pertsonarekin; Donostiak eta Bilbok 663 eta 620 biztanle irabazi dituzte, hurrenez hurren. Aldi zabalagoan eginez gero analisia, emaitzak ezberdinagoak dira. 2009an Bilboko eta Donostiako populazioek beren maximo historikoak lortu zituzten; hortik aurrera, Bilbon beherakada etengabea izan da, 11.626 biztanle gutxiagorekin azken 10 urte hauetan; Donostiak gorabeherak izan ditu, 922 biztanle gutxiagorekin 2009ko datuekin alderatuta. Gasteizko biztanleriak, 2013an eta 2014an izan ezik, gora baino ez du egin, eta 2019an lortu du kopururik handiena, 246.149; hau da, 2009an baino 11.408 biztanle gehiago.

Euskal AEko gainerako udalerrietan ez da biztanle-aldakuntza nabarmenik gertatu 2018 eta 2019 artean. Halatan, Barakaldok irabazi du biztanle gehien, 442 pertsona gehiago, %0,45eko hazkunde erlatiboa izan dena. Astigarraga izan da portzentajezko igoera handiena izan duen udalerria, %4,36; hau da, 258 pertsona gehiago. Alderantziz, Getxo da biztanleriaren beherakada absolutu handiena izan duen udalerria, 442 biztanle, nahiz eta hori -%0,57 baino ez den.

2009 eta 2019 artean Basaurik, Getxok, Portugaletek, Santurtzik eta Sestaok 1.000 biztanle pasa galdu zuten, orotara 10.557 pertsonako galera dena. Denak Bilbo Handiko udalerriak dira, eskualdea non dauden biztanle-dentsitaterik handiendun udalerriak Euskal AEn, km karratuko 5.000 pasa; Portugaleten da maximoa, 2019an, 14.480 biztanlerekin km karratuko.

Eboluzio negatibo hori Bilbo Handiko eskualdean errepikatzen da, zeinak galdu dituen 17.324 biztanle azken 10 urteetan; aldiz, Arabako Lautadak 13.057 irabazi ditu aldi berean.

graf0016799_01_e.png

Euskal AEko 33 udalerritan 65 urte edo gehiagokoak guztizkoaren laurden pasa dira

2019an Euskal AEk, %22,2rekin, Espainiako 65 urteko eta gehiagoko biztanleriaren proportzioa gainditzen du (%19,4), nahiz eta beste autonomia-erkidego batzuek, hala nola Asturiasko Printzerriak, Gaztela eta Leonek eta Galiziak, proportzio handiagoak dituzten, %25etik gorako ehunekoekin. Europarekin konparatuta, Italia bakarrik dago Euskal AEko proportzioaren gainetik, lau hamarren hala ere. Sexua kontuan hartuz, emakumezkoen artean %24,9 dira 65 urte eta gehiagokoak, eta %19,5 gizonezkoen artean.

Euskal AEko batez besteko ehunekoa gainditzen duten udalerriak 85 dira, eta 166k balio bera edo txikiagoa dute; lehenengoen artean daude Bilbo, Donostia eta Barakaldo, zeinetan Euskal AEko biztanleria osoaren %29 bizi baita. 2009an 65 urtetik gorako biztanleen ehunekoa ez zen %19ra iristen, eta batez bestekoa baino ehuneko handiagoa zuten udalerriak 125 ziren. Gainera, 2009 eta 2019 artean 56 udalerritan jaitsi da 65 urtetik gorako pertsonen proportzioa, nahiz eta biztanleria osoaren %2,2 baino ez diren.

Euskal AEko udalerrien artean alde handia dago biztanle egoiliarren adinari dagokionez, eta, zehazkiago, 65 urte eta gehiago dituzten pertsonen ehunekoari dagokionez, Irurako %10,1 eta Haranako %41,6 artekoa baita. Lehenengoaz gain, %12tik beherako ehunekoa duten beste lau udalerri daude: Astigarraga, Larraul, Iruña Oka eta Altzo (12.118 biztanle denen artean). Bestalde, bi udalerri daude %35en gainetik: Harana eta Lagran, 407 egoiliar dituztenak batuta.

Fokua eskualde-mailan jarrita, nabarmentzekoa da adinekoen proportzio handia Arabako Mendialdean (guztizkoaren %26,8); aldiz, ehuneko handiena duen hurrengo eskualdean, Markina-Ondarroan, %23,7 da, eta %17,0ra jaisten da Plentzia-Mungiako eskualdean.

Adin aurreratuenei erreparatzen badiegu, ikus dezakegu ezen 85 urteko eta gehiagoko pertsonak 2009an %2,4 izatetik 2019an %3,9 izatera igaro direla, nahiz eta igoera hori ez den modu berean banatzen emakumeen eta gizonen artean; izan ere, ehuneko 1,1 puntukoa da gizonen artean eta 1,8koa emakumeen artean. Ondorioz, 85 urte edo gehiago dituzten emakumeak Euskal AEn guztizkoaren %5,1 dira, baina gizonen kasuan %2,5era jaisten da ehunekoa. 100 urte eta gehiagoko biztanleriaren kasuan, hazkunde-prozesua biziagoa izan da: 2009an 403 pertsona zeuden egoera horretan, eta hamar urte geroago 717 dira; %85,8, emakumezko.

Euskal AEn 65 urte eta gehiagoko 1,5 pertsona daude 16 urtetik beheragoko bakoitzeko; Espainian, guztira, 1,2koa da ratioa. Asturiasko Printzerriko erlaziotik urruti gara oraindik, hor 2,2koa baita.

Erlazio hori gainditzen duten udalerriak 77 dira, muturreko kasuekin, hala nola Harana (7tik 1era) eta Lagran (4tik 1era). Kontrako aldean udalerri batzuk daude –hala nola Irura, Baliarrain, Larraul, Dulantzi eta Astigarraga– 65 urte edo gehiago dituen pertsona bakoitzeko 15 urte arteko 2 gazte baino gehiago dituztenak.

Arabako udalerrietan ditugu muturreko kasuak adinaren araberako biztanle-banaketan, duten tamaina txikiagatik eta migrazio bezalako fenomenoek banaketan duten eraginagatik.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko populazioaren maximo historikoa 2019ko urtarrilaren 1ean iritsi zen, 2.188.017 pertsonarekin

Eragiketa : 
Biztanleen udal estatistika
Eragiketa kodea : 
010154
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2019
Eguneratze data : 
2019/10/17
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0016799_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali