HomeGaiakMigrazio mugimenduakPrentsa Oharrak Euskal Autonomia Erkidegoaren...

2019-09-18ko prentsa-oharra

MIGRAZIO-MUGIMENDUEI BURUZKO ESTATISTIKA. 2018

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal Autonomia Erkidegoaren migrazio-saldoa positiboa izan zen 2018an eta 14.724 pertsona gehitu zitzaizkion biztanleriari

Kanpoko edo erkidegoaz gaindiko mugikortasun geografikoa Espainiako autonomia-erkidegoen batez bestekoa baino 5 puntu txikiagoa izan zen

2018an migrazio-saldo positiboa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan; zehazki, Eustatek landutako datuen arabera, etorritako pertsonak 14.724 gehiago izan ziren joandakoak baino, eta kopuru hori 2017koa baino handiagoa da, orduan 10.725 gehiago izan baitziren.

Lurraldeka, Bizkaiak 7.019 pertsona irabazi eta migrazio-saldo handiena izan zuen zenbaki absolutuetan; Gipuzkoak 4.835 pertsonako saldo positiboa izan zuen, eta Arabak 2.870ekoa. Migrazio-saldoaren igoera handiena, ehunekotan, Gipuzkoako lurraldeari dagokio, aurreko urteko aldean ia % 66ko gorakada izan baitzuen. Bizkaian saldoaren hazkunde erlatiboa % 28,5ekoa izan da, eta Araban % 22,1ekoa. Hiriburuetara jotzen badugu, Bilboko udalerrian migrazio-saldoa 2.569 pertsonakoa izan zen, Gasteizen 2.553koa eta Donostian 1.402 pertsonakoa.

graf0016721_01_e.png

Euskal Autonomia Erkidegoaren eta gainerako autonomia-erkidegoen arteko mugimenduei dagokienez, 2018. urtean 82 pertsonako saldo positiboa atera zen, baina aurreko urtekoa (720) baino txikiagoa izan zen. Beste alde batetik, atzerriko herrialdeekiko saldoa positiboa izan zen, etorritako pertsonak 14.642 gehiago izan baitziren atzerriratuak baino.

2000. urtean zeinu-aldaketa gertatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko migrazio-mugimenduetan, positibo bihurtu baitziren; eta harrezkero, hau da, azken 19 urteetan, 2012an eta 2013an baino ez da egon migrazio-saldo negatiboa. Migrazio-saldoaren errekorra 2007an lortu zen: 16.835 pertsona.

Emigrazio-tasek nahiko behean jarraitzen dute

Kanpoko edo erkidegoaz gaindiko mugikortasun geografikoak 2018an Euskal Autonomia Erkidegoko 1.000 biztanletik ia 36ri eragin die. Espainiako autonomia-erkidegoen batez bestekoa baino 5 puntu txikiagoa izan zen, haietan 1.000 biztanletik 41 mugitu baitziren batez beste. Lurraldeka, Araba ‰ 41,5era iritsi zen, Bizkaia ‰ 35,4ra, eta Gipuzkoa ‰ 35,3ra.

Autonomia-erkidegoekiko migrazio-mugimenduak kontuan hartzen baditugu, ikusiko dugu nola haien erdiekin Euskal Autonomia Erkidegoak migrazio-saldo negatiboa izan zuen, eta beste erdiekin positiboa.

Hauek dira immigratzaile gehien ekarri zituzten autonomia-erkidegoak, kopuru handienetik txikienera: Andaluzia, Murtzia, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Asturias, Ceuta-Melilla eta Valentziako Erkidegoa. Andaluzia da saldo positibo handiena ekarri duen autonomia-erkidegoa: 352 pertsona.

Euskal Autonomia Erkidegoarentzat erakargune, berriz, autonomia-erkidego hauek izan ziren, kopuru handienetik txikienera ordenatuta: Madril, Katalunia, Balearrak eta Errioxa. Lauren artean, gure autonomia-erkidegotik beste batzuetara joandako pertsonen bi heren jaso zituzten, nahiz eta saldo negatiboak ez ziren 200 pertsonatik gorakoak izan.

Emigratzaileen batez besteko adina 36,4 urte izan zen, eta immigratzaileena, berriz, txikiagoa: 32,8 urte. 21-39 urte arteko pertsonek immigrazioen % 51 eta emigrazioen % 47 egin zituzten.

Sexuaren araberako aldeak ez dira oso handiak: immigratzaileen % 52 dira gizonezkoak eta % 48 emakumezkoak, eta emigratzaileak ere antzera: % 53 dira gizonezkoak eta % 47 emakumezkoak.

Immigratzaileen % 62k eta emigratzaileen % 43k zuten atzerriko nazionalitatea

Atzerriko nazionalitatea zuten pertsonen immigrazioak 29.159 izan ziren 2018. urtean. Horrenbestez, guztizko kopuruaren bi heren egin zuten ia (% 62). Haietatik 6.517 beste autonomia-erkidego batzuetatik etorri ziren, batez ere Madriletik, Kataluniatik, Andaluziatik eta Valentziako Erkidegotik; eta 22.642 atzerritik zuzenean etorri ziren.

Atzerriko nazionalitatea zuten pertsonen emigrazioak 13.472 izan ziren, guztizko kopuruaren % 43; eta erdiak baino gehiago (% 58) atzerriko herrialderen batera joan ziren. Hala, atzerritarren saldoa positiboa izan zen 15.417 pertsonaz.

EAEko biztanleen bizileku-aldaketetatik % 66 Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan gertatzen da

EAEko biztanleen % 10,7k bizileku-aldaketaren bat egin zuten 2018an, eta mugikortasun hori, aldien % 66tan, Euskal Autonomia Erkidegoaren barrukoa izan zen; gainerako kasuetan erkidegoaz gaindikoa izan zen. Zenbaki horiek eta 2017koak ia berdinak dira.

Denetara, ohiko bizilekuaren 232.894 aldaketa zenbatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Horietatik 101.438 udalerri beraren barruko bizileku-aldaketak izan ziren. Erkidego barruko mugikortasuna, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak abiapuntu eta helmuga dituena, 52.216 mugimendura iritsi zen.

Halaber, kanpotiko edo erkidegoaz gaindiko 46.982 immigrazio zenbatu ziren. Erkidegoaz kanpotik abiatu eta Euskal Autonomia Erkidegoa helmuga duten immigrazioak dira, eta horietatik 26.099 etorri ziren atzerritik.

Azkenik, 32.258 izan ziren kanporako edo erkidegoaz gaindiko emigrazioak, edo, beste era batera esanda, autonomia-erkidegoko udalerri batetik abiatu eta helmuga erkidegotik kanpo izan zutenak; haietatik 11.457 atzerriratzeak izan ziren, eta hor % 3,5eko beherakada izan zen 2017ko kopuruen aldean.

graf0016721_02_e.png

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoaren migrazio-saldoa positiboa izan zen 2018an eta 14.724 pertsona gehitu zitzaizkion biztanleriari

Eragiketa : 
Migrazio-mugimenduen estatistika
Eragiketa kodea : 
010311
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2018
Eguneratze data : 
2019/09/18
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0016721_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali