HomeGaiakIndustriaPrentsa Oharrak Hazkunde nabarmena eta...

2019/05/10eko prentsa-oharra

INDUSTRIA ESTATISTIKA. ESKUALDEAK 2017

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Hazkunde nabarmena eta orokorra manufaktura- eta erauzketa-industriaren salmentetan Euskal AEko eskualdeetan 2017an

Nahiz eta apalagoak izan, hazkundeak enpleguan ere gertatu dira

2017an, erauzketa- eta manufaktura-industrietako salmentak igo ziren nabarmen Euskal AEko hogei eskualdeetako hamazazpitan, Eustatek landutako datuen arabera. Igoera handienak Arabako bi eskualdetan gertatu dira, Gorbeia Inguruetan eta Kantauri Arabarrean, %16 eta %11,1eko hazkundeekin hurrenez hurren, eta Bizkaiko eskualde batean, Bilbo Handian, non igoera %11ekoa izan den.

graf0016448_01_e.png

Erauzketa- eta manufaktura-industrian salmenta garbien eboluzioa oso positiboa izan bada ere Euskal AE osorako, 2016 eta 2017 artean %7,7 egin baitute gora, eskualdeka xehakaturik ezberdintasun aipagarri batzuk ageri dira.

Lurraldeka, Araban salmenta garbiak %8 hazi dira, eta aipaturiko igoerez gain Gorbeia Inguruetan eta Kantauri Arabarrean, azpimarragarriak dira halaber Errioxa Arabarrarena, salmentetan %9,9ko hazkundearekin, eta Arabako Lautadarena, %7,7 gehiagorekin. Kontuan har azken eskualdeak, non lurraldearen hiriburua den, lurraldearen salmenta guztien %70 hartzen dituela. Halarik ere, Araba da lurralde heterogeneoena zentzu horretan, zeren hor ere baitaude hiru eskualdeetako bi zeinen eboluzioa negatiboa izan den. Arabako Ibarrak eskualdea da bata, non salmentek %5,7 egin duten behera azken erreferentzia-urtean, eta Arabako Mendialdea bestea, %3,7ko atzerakadarekin. Oro har, bi eskualde horietako salmentak lurraldeko guztien %4,6 izan dira.

Bizkaia da lurraldea non gehien hazi den negozio-zifra, %9,5, apurtuz horrela hiru urteko bolada negatiboa zifretan. Plentzia-Mungiako eskualdea kenduta, non 2016 eta 2017 artean %0,6 murriztu baitira salmentak, gainerako eskualdeetan igoerak gertatu dira, oso intentsitate ezberdinarekin nolanahi dela ere. Arratia-Nerbioin %0,9koa izan da hazkundea, eta %0,8koa Enkartazioetan, baina Bilbo Handian %11 hazi dira salmentak. Aipagarriak dira, orobat, Durangaldeko hazkundea, %9,4 gehiago, Markina-Ondarroakoa, %9,5 gehiago, edo Gernika-Bermeokoa, %7,3. Bizkaian Bilbo Handiak eta Durangaldeak, hazkunde handieneko bi eskualdeetakoek, lurraldearen salmenta guztien %85,8 hartzen dituzte, zehazki %64,8 lehenak eta %21 bigarrenak.

Gipuzkoa, %4,9ko hazkundearekin, lurralde bakarra da zeinetan eskualde guztiek duten erakusten salmenta garbietan eboluzio positiborik 2016 eta 2017 artean. Lurraldeko batezbestekoaren gainetik, %4,9koa, daude Debagoiena (%8,2), Bidasoa Beherea (%7,2), Tolosaldea (%5,7) eta Goierri (%5,6), eta azpitik daude Donostialdea (%4,7), Deba Beherea (%1,8) eta Urola-Kostaldea (%0,7). Lurralde horretan Donostialdeak salmenta guztien %24,8 ditu, eta antzera dabiltza Goierri eta Debagoiena, %20,1 eta %18,2rekin hurrenez hurren.

Guztiaz ere, eskualde bakar batek, Errioxa Arabarrak, lortu ditu salmenta-zifra handiagoak krisiaren hasierakoak baino, 2008an ezarria. Urte horren aldean, eskualde horren salmentak %6,2 handiagoak dira. Hala ere, gainerako eskualdeetan murrizketak segitzen du aipagarria izaten, bereziki Enkartazioetan, zeinetan salmentak 2008aren aldean diren %53,4 txikiagoak, edo Donostialdean, Bilbo Handian eta Urola-Kostaldean, horietan denetan %35 baino gehiagoko murrizketarekin fakturazioan, urte horretakoarekin konparatua.

Salmentetan azken urtean izan den hazkunde orokortuak enpleguan ere islarik badu, zeren bilakaera positiboa erakusten baitu eskualdeetako hemezortzitan. Horien artean, nabarmendu behar dira, Gipuzkoan, Debagoiena, %5eko hazkundearekin, eta Bidasoa Beherea, %3,9koarekin; Bizkaian Markina-Ondarroak urte arteko %4,6ko tasa erakusten du, nola Araban Gorbeia Inguruek.

Lurraldekako eboluzioa antzekoa da hiruretan: Gipuzkoan industria-enpleguan %2,8 gehiago, Araban %2,6 gehiago eta Bizkaian %2,3 gehiago. 2016aren aldean, oro har, Euskal AEn enplegua %2,5 gehitu da.

Gipuzkoan, nola gertatzen baita salmentekin, eskualde guztietan hazi da manufaktura- eta erauzketa-industriaren enplegua 2016 eta 2017 artean. Hazkunde handienak lurraldean eta baita erkidegoan ere lehen aipaturiko eskualdeetan izan dira: Debagoienean eta Bidasoa Beherean. Tolosaldea salbu, non hazkundea den bakarrik %0,8koa, gainerakoetan %2ko edo gehiagoko hazkundeak izan dira. Donostialdean %2,6koa da zifra, %2,3koa Goierrin eta %2koa Deba Beherean eta Urola-Kostaldean.

Araban Mendialdean bakarrik izan da murrizketarik enpleguan (-%3,2), eta Kantauri Arabarrean ia ez da aldaketarik izan (%0,1). Lurralde horretako beste lau eskualdeetan hazkundeak Gorbeia Inguruetako %4,6ren eta Arabako Ibarretako %1,8ren artean dira kokatuak. Bitarteko konparazio-kokagune batean daude Errioxa Arabarra (%2,2) eta Arabako Lautada (%3,2).

Bizkaian ere eskualde bakar batek izan du eboluzio bat negatiboa urtean; Arratia-Nerbioi da, zeinen enplegua %2,2 erori den. Gainerakoetan hazkundea homogeneoagoa da, eta salbu eta Plentzia-Mungiak izaniko hazkunde txikia (%0,3), gainerako eskualdeetako enplegu-hazkundeak daude Gernika-Bermeoko %1,7ren eta Enkartazioetako %2,6ren artean. Ohargarria da Markina-Ondarroako igoera enpleguan, %4,6 gehiagorekin.

Araban eta Bizkaian, nabarmena bada ere enplegu-nagusitasuna eskualde horietan non kokatzen diren lurraldeetako hiriburuak, txikiagoa da salmentetan ikusitakoa baino. Halatan, lehenean, Arabako Lautadan, lurraldearen enpleguaren %63 dago, baina salmenten %70. Bizkaian Bilbo Handiak enpleguan %54,4 du guztira, baina %64,8 salmentetan. Aldiz, Gipuzkoan Donostialdeak duen pisua antzekoa da kasu bietan, lurraldeko enpleguaren %25,1 eta salmenten %24,8.

Salmenta garbien banaketa erauzketa- eta manufaktura-industrian, eskualdeka. 2017

graf0016448_02_e.png

Iturria: EUSTAT. Euskal AEko Industriaren Estatistika

Salmentekin gertatzen den gisan, enpleguaren gaurko egoerak, 2008koaren aldean, segitzen du negatiboa izaten. Enpleguaren kasuan, Bizkaiko hiru eskualdek dituzte datu okerrenak. Horiek dira Bilbo Handia, eskualde bat zeinek 2008an zen manufaktura- eta erauzketa-enpleguaren %30,1 galdu duen, Enkartazioak, %32ko galerarekin, eta Plentzia-Mungia, zeinen jaitsiera %31,9koa izan den. Euskal AEko batezbestekoa %22,3koa da.

Balio erantsi gordinaz denaz bezainbatean, zeina den diferentzia produzituaren balioaren eta erabilitako kontsumoen artean, eta sorturiko aberastasuna irudikatzen baitu, %3,1eko igoera izan zuen 2017an. Eskualdekako bilakaera positiboa izan da Euskal AEko hogei eskualdeetako hamaseitan. Aldakuntza positiboak dituztenen artean, nabarmengarriak dira Gorbeia Inguruak eta Errioxa Arabarra Araban, %9,4ko eta %8,6ko igoerekin hurrenez hurren, Gernika-Bermeo Bizkaian, %9,3ko hazkundearekin, eta Bidasoa Beherea Gipuzkoan, zeinen balio erantsi gordinak %6,3 egin baitu gora. Alderantzizko norabidean, jaitsiera gogorrenak Arabako Mendialdean eta Enkartazioetan izan dira, %9,4ko galerarekin bi eskualdeotan. Gipuzkoaren kasuan, ezein ere eskualdek ez du eduki aldakuntza negatiborik.

Ohar metodologikoa

Erabilitako sektorizazioa Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala (JESN-2009) da; eskualdeen araberako desagregazioan B (erauzketa) eta C (manufaktura) sekzioak bakarrik daude.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Hazkunde nabarmena eta orokorra manufaktura- eta erauzketa-industriaren salmentetan Euskal AEko eskualdeetan 2017an

Eragiketa : 
Industriaren inkesta
Eragiketa kodea : 
112311
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2017
Eguneratze data : 
2019/05/10
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0016448_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali