HomeGaiak0Prentsa Oharrak Vitoria-Gasteiz da hazkunde...

2007/02/21eko prentsa-oharra

UDAL-ADIERAZLEAK. SERIE ESTATISTIKOAK, 2006


Vitoria-Gasteiz da hazkunde begetatibo positiboa duen Euskal AEko hiriburu bakarra, Eustaten “Udal-adierazleak 2006”ko emaitzen arabera



251 udalerrien datuen artean, adierazi da Donostia-San Sebastian dela migrazio-saldoa negatiboa duen hiriburua


EUSTATek duela gutxi argitaratu ditu bere web gunean 2006. urteko "Udal adierazleak. Serie estatistikoak”; bertan Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerriei eta eskualdeei buruzko informazio zabala bildu du (140 adierazle baino gehiago). Lurraldea, biztanleria, hezkuntza-sistema, euskara, establezimenduak eta etxebizitzak, okupazioa eta langabezia, egitura ekonomikoa, ospitaleak eta ospitalez kanpoko zentroak, banku-bulegoen kopurua, ibilgailu-parkea edo errenta pertsonala eta familiarra dira lan honetan jasotako kapitulu handietako batzuk.


2005ean bezala, edizio honetan ere atzera begirako informazio guztia gure Web-ean jarri dugu, udal-errealitatearen hainbat alderdik izandako bilakaeraren azterketa errazteko helburuarekin. Ildo horretatik, aipagarria da biztanleriaren informazioari dagokionez, 1900. urtetik gaur artekoa jasotzea.


Lurraldea eta demografia


Euskal AEko udalerriak oso anitzak dira tamainaren aldetik, Vitoria-Gasteizen 276,8 km2-tik Lanestosaren 1,2 km2-rainoko tartean. Udalerriaren fisionomiarekin jarraituz, Portugalete da, km2-ko 15.665 biztanlerekin dentsitate handienekoa, biztanle-kopuru altuak eta udalerriaren tamaina txikiak (3,2 km2) eraginda. Jarraian Sestao eta Bilbao datoz, km2-ko 8.671 eta 8.569 biztanlerekin, hurrenez hurren. Dentsitate txikieneko udalerria, aldiz, Valdegobia dugu, km2-ko 4,3 biztanlerekin.


Biztanleriari dagokionez, Euskal AEko hiru hiriburuak dira erkidegoan biztanle gehieneko udalerriak. Bilbaok 354.001 biztanle ditu, Vitoria-Gasteizek 225.631 eta Donostia-San Sebastianek 184.012. Beste muturrean, biztanle gutxien dituztenak Arakaldo (95 biztanle) eta Orexa (83 biztanle) dira.


Hazkunde begetatiboari dagokionez, 2004. urteko azken datu eskuragarrien arabera, Vitoria-Gasteiz da hazkunde begetatibo (jaiotzak ken heriotzak) handiena (471) duen udalerria. Bestalde, Bilbaok ageri du txanponaren beste aurpegia -676 biztanleko hazkunde begetatibo negatiboarekin; segidan datoz Donostia-San Sebastian (-159), Barakaldo (-129), eta Portugalete (-74). Jaiotza-kopuruari dagokionez, hiru hiriburuak nabarmentzen dira: Bilbao 2.886 jaiotzarekin, Vitoria-Gasteiz 2.118 jaiotzarekin eta Donostia-San Sebastian 1.568rekin. Jarraian Barakaldo (737) eta Getxo (690).


Migrazio-mugimenduak kontuan hartuta, udal-adierazleek jasotako datuek adierazten dute Bilbaoko migrazio-saldoa 2.871 biztanlekoa izan zela, Vitoria-Gasteizkoa 2.375ekoa eta Donostia-San Sebastianekoa negatiboa (-181).



Etxebizitza eta jarduera ekonomikoa


Etxebizitzen atala aztertuta, ikusten da esaterako Bilbaok 130.312 etxebizitza nagusi dituela, Vitoria-Gasteizek 77.831 eta Donostia-San Sebastianek 65.875. Udal-adierazleen bidez, beste hainbat daturen artean, etxebizitza nagusien kopurua ere ikus daiteke, berauen instalazioen eta zerbitzuen arabera.

Eskuragarri diren beste datu batzuk udalerrietako jarduera ekonomikoaren informazioa ematen dute. Horrela, establezimendu-kopuruaren, euren jardueraren (industria, eraikuntza, merkataritza, banka,... ) eta enpleguaren berri ere izan dezakegu. Zehatzago, Bilbaok 35.276 establezimendu eta 156.677 enplegu izan zituzten, Donostia-San Sebastianek 20.524 establezimendu eta 83.711 enplegu, eta Vitoria-Gasteizek 17.651 establezimendu eta 102.651 enplegu.

Hiru hiriburuetako langabezi erregistratuari erreparatuta, 2005ean Bilbaok 15.688ko zifra izan zuen, Vitoria-Gasteizek 8.629koa eta Donostia-San Sebastianek 6.064koa.


Jardueren araberako biztanleria landuna kontuan hartuta, Bermeo (1.207) eta Ondarroa (804) dira nekazaritzan eta arrantzan diharduten biztanle gehien dituzten udalerriak. Bilbao, Vitoria-Gasteiz eta Donostia-San Sebastian dira, ordena horretan, eraikuntza- eta zerbitzu-sektoretan lehen postuak betetzen dituzten udalerriak, eta industrian Vitoria-Gasteizek (30.233) aurrea hartzen die Bilbaori (22.423) eta Donostia-San Sebastiani (12.372).


Azterketa ekonomikoak Euskal AEko udalerrien batez besteko errenta pertsonala eta familiarra ere aztertzen ditu. Laukiz (23.363 €), Sukarrieta (18.458 €), Gatzaga (18.094 €) eta Getxo (17.823 €) dira errenta pertsonalik altueneko udalerriak. Hiru hiriburuetan lehena Donostia-San Sebastian (14.895 €) dugu, jarraian Vitoria-Gasteiz (13.731 €) eta Bilbao (12.881 €). Errenta baxueneko udalerria, berriz, Karrantza Harana dugu, 8.087 eurorekin.


Errenta familiarrari dagokionez, Laukiz (70.922 €), Gatzaga (45.457 €) eta Getxo (45.353 €) dira sailkapenean buru. Donostia-San Sebastianek 34.225 € ditu, Vitoria-Gasteizek 32.213 € eta Bilbaok 29.730 €. Zerrenda itxiz, batez besteko errenta familiar txikieneko udalerria Lanestosa dugu, 18.011 €rekin.


Zerbitzu-ekipamendua


“Udal-adierazleek” udalerrien ekipamendu-mailaren eta zerbitzuen edo baliabideen berri izateko aukera ere ematen digute. Osasun-ekipamenduen kasuan ikusten da ia udalerri guztiek dutela gutxienez osasun zentro publiko bat edo ospitale bat. Salbuespen gehienak baserri inguruko udalerri txikiak dira, 1.000 biztanletik beherakoak. Hiriburuei dagokienez, Bilbaok 13 ospitale ditu, Donostia-San Sebastianek 7 eta Vitoria-Gasteizek 6.


Udalerrien ekipamendu-mailaren beste alderdi bat banku-bulegoen kopuruak ematen digu. Euskal AEn banku pribatuen bulego-kopurua (732) aurrezki-kutxena (701) baino apur bat handiagoa da eta zerbitzu-mota horretako gehienak hiriburuetan kokatzen dira. Zehatzago, Bilbaok 337 bulego zituen, Vitoria-Gasteizek 206 eta Donostia-San Sebastianek 163.




Irakaskuntza eta euskara


Kontsulta daitekeen beste adierazle bat hezkuntza-sistema dugu. Kasu honetan udalerri bakoitzean ikasten ari ziren ikasleen kopurua jakin dezakegu, hezkuntza-mailaren (haur hezkuntza, lehen hezkuntza, BDH, batxilergoa, LH,...), ikasteredu elebidunaren (A-X, B, D) edo ikastetxearen titulartasunaren (publikoa, pribatua edo ikastola) arabera.


Esan bezala, “Udal-adierazleek” ikasteredu elebidunen araberako ikasle-kopuruaren datuak ere ematen dituzte. Horrela, jakin dezakegu Bilbaon 26.309 ikaslek A ereduan ikasi zutela, 12.799k B ereduan eta 13.648k D ereduan. Donostia-San Sebastianen, ostera, D eredua da nagusi (13.910 ikasle), A (9.101 ikasle) eta B (10.148 ikasle) ereduen aldean. Azkenik Vitoria-Gasteizen 19.231 ikaslek ikasi zuten A ereduan, 10.243k B ereduan eta 8.410ek D ereduan.


Halaber, 2 urte eta gehiagoko biztanleen euskara-maila orokorra ere jasotzen da beste atal batean. Balio absolututan hiru hiriburuek dituzte euskaldun-kopuru handienak: Donostia-San Sebastianek 60.415, Bilbaok 53.051 eta Vitoria-Gasteizek 31.482. Atentzioa ematen dute biztanleen gehiengo handia euskalduna duten udalerriek. Esaterako Markina-Xemeinen 4.604 biztanletik 4.084 dira euskaldunak eta Mutrikun 4.655 biztanletik 4.006.


Bukatzeko, Euskal AEko udalerrien beste hainbat adierazle ikus daitezke, besteak beste udal bakoitzaren gastuaren aurrekontu-likidazioa, ibilgailuen eta nekazaritzako makinariaren parkea, nekazaritzako azaleraren banaketa edo udalerri bakoitzeko gizarte-zerbitzuetako zentro-kopurua.


Oharra:

“Udal-adierazleak, 2006” lanaren informazio guztia eskuragarri dago Eustaten web-ean, www.eustat.eus/estad/municipal_e.html helbidean.




Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 01 75 00 Faxa: +34-945 01 75 01 E-maila: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Manu Riveiros
Tlf:+34-945-01 75 62 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Vitoria-Gasteiz da hazkunde begetatibo positiboa duen Euskal AEko hiriburu bakarra, Eustaten “Udal-adierazleak 2006”ko emaitzen arabera

Eragiketa : 
Udal-adierazleak. Serieak
Eragiketa kodea : 
990104
Periodikotasuna : 
Etengabea
Denbora arloa : 
2006
Eguneratze data : 
2007/02/21
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Bilduma
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0004275_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Estatistika taulak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Txostenak

Mikrodatuak

Metadatuak

Metodologia eta Kalitatea

Definizioak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali