2002/04/22ko prentsa-oharra

 

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA) 2002ko 1. hiruhilekoa

ENPLEGUAREN GORANZKO JOERA EZ DA ETEN 2002KO LEHEN HIRUHILEKOAN (%+1,6)

Langabeen kopurua gehitu egin da (5.400 lagun), eta langabezia-tasaren igoera gertatu da (ehuneko 0,4 puntu)

Eustatek hiru hilean behin zabaltzen duen Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestaren arabera, 2002ko lehen hiruhilekoan, ia 880.000 landun zenbatu ziren, aurreko hiruhilekoan baino %1,6 gehiago. Langabeen kopurua 81.000 lagunekoa da, eta langabezia-tasa, %8,4koa, Europar Batzordearen 1897/2000 Erregelamenduan jasotako biztanleria langabearen definizio harmonizatu berriaren arabera (ikus eranskin metodologikoa). Horrek esan nahi du igo egin dela langabeen kopurua (5.400) eta langabezia-tasa (ehuneko +0,4 puntu), 2001eko 4. hiruhilekoaren aldean. Biztanleria landunaren eta langabearen bi gehikuntza horiek aktibo-tasaren igoera ekarri dute (ehuneko puntu bat), eta %53,4ra iritsi da.

Euskal AEko langabezia-tasa harmonizatuak (%8,4) euroguneko herrialdeena berdindu du

Alderatze-baliotan, Eurostatek (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak) eskaintzen duen Europar Batasuneko herrialdeen langabezia-tasa %7,7koa izan da 2002ko otsailean; euroguneko herrialdeena, berriz, %8,4koa da, Euskal AE 2002ko lehen hiruhilekoan izan duen tasa bera, 2002. urtean Espainiako Estatuan eraginkor bihurtzen hasi den Europar Batzordearen 1897/2000 Erregelamenduko langabearen definizio berria aplikatzearen ondorioz.

Zenbaki absolututan, biztanleria langabeari buruzko emaitza, 2002ko lehen hiruhilekoan, 81.000 lagunekoa da, duela hiru hilabete baino 5.400 gehiago (2.400 langabe emakumezko eta 3.000 langabe gizonezko). Sexukako langabezia-tasek alde oso nabarmenak dituzte oraindik, zeren emakumezkoenak (%12,4) gizonezkoena (%5,7) bikoizten baitu.

Langabezia-tasa igo egin da Araban eta Bizkaian, eta jaitsi Gipuzkoan

Herrialde historikoka, langabezia-tasaren gehikuntza Araban eta Bizkaian gertatu da; Gipuzkoan, aldiz, jaitsi. Arabari dagokionez, %7,2rekin, langabezia-tasa ehuneko 1,4 puntu igo da, 2001eko 4. hiruhilekoaren aldean. Bizkaian, %10,2rekin, igoera ehuneko 0,4 puntukoa da. Gipuzkoak, azkenik, hiruetatik tasa baxuena lortzen du hilabete horretan, %6,2rekin, ehuneko 0,3 puntu aurrekoaren azpitik.

Langabeen kopurua, 2002ko lehen hiruhilekoan, 10.000 langabekoa izan da Araban, 50.000koa Bizkaian, eta 20.000koa Gipuzkoan.

Biztanleria landunaren joera goranzkoa da oraindik

Biztanle landunen kopurua, 2002ko lehen hiruhilekoan, 878.900koa da, hau da, duela hiru hilabete baino 14.100 gehiago, eta, horrekin, azken lau hiruhilekoetako goranzko joera ez da eten. Hobekuntza gizonezkoen (7.900) eta emakumezkoen (6.200) artean banatzen da. Herrialde historikoka, Arabak ia aurreko emaitza errepikatu du (+900 biztanle); Gipuzkoak eta Arabak, aldiz, landunen kopurua igo dute, 3.200 eta 10.100 biztanle, hurrenez hurren.

Sektore ekonomikoei dagokienez, azken hiru hilabeteetan igo egin da landunen kopurua eraikuntzan (6.500) eta zerbitzuetan (13.400); nekazaritzan, berriz, emaitza errepikatu da (+900), eta industrian jaitsi egin da (-6.400).

Landunen kopuruaren igoerarekin, enplegu-tasa ere igo egin da, hau da, biztanle landunen ehunekoa, 16 urtetik 64 urte arterainoko biztanleriaren guztizkoaren aldean. 2002ko lehen hiruhilekoan, ehuneko hori %61,7ra iritsi da (aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 1,1 puntu gehiago), eta alde nabarmenak daude gizonezkoen (lan egiteko adinean dauden 100 gizonezkotik 75) eta emakumezkoen (100etik 48) artean.

Etxeguneen sailkapenean, jaitsi egin dira aktiborik gabeko etxeguneak (-3.000); biztanle aktibo guztiak langabezian dituzten etxeguneen kopurua (etxeguneen guztizkoaren %2,5), aldiz, ez da aldatu.

Duela 12 hilabete baino ia 50.000 biztanle landun gehiago

Biztanleria landuna hazi egin da, 2001eko lehen hiruhilekoaren aldean (48.400 biztanle gehiago), hau da, ia %6. Igoera hori %10ekoa izan da gutxi gorabehera emakumezkoentzat, eta %3,5ekoa, gizonezkoentzat. Herrialde historikoka, ez dago alde erlatibo handirik: azken 12 hilabeteetako landun-kopurua %6 igo da Araba eta Bizkaian, eta %5 Gipuzkoan.

Sektore ekonomikoka, zertxobait jaitsi da landunen kopurua nekazaritza eta industrian, eta %9 igo da eraikuntza eta zerbitzuak sektoreetan. Aldi horretan berean, enplegu-
-tasa ehuneko 3,4 puntu igo da.

Langabezia-tasa 2,5 puntu jaitsi da azken urtean

Alderatze-xedeekin, 2001eko lehen hiruhilekoko langabezia-tasa zenbatetsi da, eta %10,9 lortu da. Beraz, azken urte horretarako zenbatetsitako jaitsiera ehuneko 2,5 puntukoa da guztizko biztanlerian, bi puntu gizonezkoentzat eta 3,5 puntu emakumeentzat. Herrialdeka, jaitsiera 1,7 puntukoa da Araban, 3,7koa Bizkaian, eta ia puntu batekoa Gipuzkoan.

 

 

Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística

Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz

Tel:+34-945-01 75 00. Fax:+34-945-01 75 01. E-mail: eustat@eustat.eus

Harremanetarako pertsona: Elena Goni Rementeria

Tel:+34-945-01 75 33. Fax:+34-945-01 75 01.

Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus

 

ERANSKIN METODOLOGIKOA

Aldaketa biztanleria langabearen definizioan

Orain arte, Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestak biztanleria langabetzat honako hauek jotzen zituen: erreferentziako astean enplegurik ez izateagatik (enplegu alokatu edo beregaina) lanik egin ez duten, enplegu bila dabiltzan eta lan egiteko prest dauden pertsona guztiak, LANEk definitzen duen bezala.

2002az geroztik, inkestaren sailkapen-irizpidea Europar Batzordearen 1897/2000 Erregelamenduko langabezia landunaren definizio harmonizatura egokituko da. Erregelamendu horren arabera, aldatu egin da LANEren definizioa eraginkor bihurtzeko modua, eta langabetzat bakar-bakarrik jotzen dira inkesta egin aurreko lau asteetan enplegua bilatzeko kudeaketa aktiboren bat egin duten pertsona guztiak.

Erregelamenduak langabeen taldetik kanpo uzten ditu bilaketa aktiborik egin ez duten biztanleak, eta ez da bilaketa aktibotzat jotzen, lau aste horietan, enplegu-bulego publikoarekin harremanetan jartzea, lan-eskaera berritzeko administrazio-izapidea ("kartilla zigilatzea") edo prestakuntza-ikastaroekin lotutako beste izapide batzuk egiteko. Betiere erregelamendu horren arabera, aktibotzat jo ahal izan daitezen, enplegu-bulego publikoarekiko harremanak lan-bilaketarekin lotuta egon behar dira, hala nola, lehen aldiz izena ematea, eskaeraren datuak eguneratzea, eskaintzei buruzko informazio jasotzea, etab.

Aldaketak Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestan

Europar Batzordearen Erregelamendua aplikatzeko, bi aldaketa burutu dira BJAn:

  • lehenik, irizpide hau erabili da: azken lau asteetan enplegua bilatzeko kudeaketaren bat egin izana, eta ez denbora-aldirik gabe enplegua bilatu izana.
  • Bigarrenik, aldi horretan egindako kudeaketa-motari buruzko galderak sartu dira, kudeaketa aktiboren bat egin duten pertsonak bereizteko.

Aurreko bi irizpide horiek aplikatzearen ondorioa biztanleria langabea murriztea izan da, eta aldi berean biztanleria ez-aktiboa igotzea. Aurreko definizioarekin alderatuta, langabezia-tasak eta, ondorioz, aktibo-tasak murriztuko dira.

Aldaketen eraginak 2002ko lehen hiruhilekoan

Oraindik biztanleria aktiboaren aurreko definizioa aplikatuz, 2002ko lehen hiruhilekoan 92.600 langabeko emaitza lortuko litzateke. Argitaratu den zifra (81.000) lortzeko eman diren urratsak honako hauek dira:

Lehenik, langabetzat jotzeko aurreko baldintzak dituen –eta, gainera, azken lau asteetan enplegua bilatzeko kudeaketaren bat egin duen– biztanleria hartu da, eta horiek 79.600 biztanle dira. Ondorengo irizpidea aplikatuz, horiek guztietatik aktibotzat jotzen den kudeaketaren bat egin dutenak baino ez dira kontuan hartu behar (79.400). Azken zifra lortzeko, erreferentziako astean enplegurik ez zuten arren, lanean hasiko diren pertsonak ere batu behar dira (1.600 biztanle), horiek ere langabetzat jo behar baitira (LANEren arabera). Azken emaitza 81.000 biztanleko taldea da.

Inkestan sartu diren bi aldaketetatik, langabeen kopuruaren murriztean eraginik handiena honako honek izan du: azken lau asteetan enplegua bilatzeko kudeaketaren bat egin izana ezartzen duen baldintza aplikatzeak, eta ez orain arte bezala, oro har enplegu bila egotea. Azken bi urteetan, baldintza hori betetzen ez zuten langabeak (langabetzat jotzen zirenak), gorabehera batzuekin, %15 inguruan zeuden.

Emaitzen alderaketa 2002ko lehen hiruhilekoari buruz

Langabezia-tasa aldaketaren erakusgarri nagusitzat hartuz, aurreko definizioarekin jarraituz, Euskal AEko langabezia-tasa %9,5ekoa izango zatekeen, argitaratu dena baino ehuneko 1,1 puntu handiagoa. Azken hori definizio berriarekin lortu da. Gizonezkoen langabezia-tasari dagokionez, argitaratutako tasa aurreko definizioarekin lortutakoa baino 0,8 puntu txikiagoa da, baina emakumezkoena are gehiago urruntzen da, %13,9tik %12,5era (-1,5 puntu).

Irizpide-aldaketaren eragina ez da berdina hiru herrialde historikoetan. Arabari eta Gipuzkoari dagokionez, langabezia-tasa ehuneko 0,3 puntu murriztu da; Bizkaiari dagokionez, aldiz, 1,8 puntu murriztu da, eta %12tik %10,2ra pasa da.

Bi definizioetan desberdin sailkatzen diren taldeak lanez besteko jarduera duten emakumeak (etxeko lanak, ikasketa, etab. egiten dituztenak) eta, oro har, enplegu bila denbora gehiago daramaten pertsonak eta lehen langabetzat jotzen zirenak. Hau da, enplegu bila dabiltzala esan arren, ezarritako aldian bilaketa-kudeaketarik egin ez duten pertsonek ezaugarri horiek izan ohi dituzte.

 

Biztanleria langabearen definizio zaharraren araberako emaitzak erabilgarri daude erabiltzaileentzat Eustaten.



  Informazio gehiago


Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

ENPLEGUAREN GORANZKO JOERA EZ DA ETEN 2002KO LEHEN HIRUHILEKOAN (%+1,6)

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
1er trimestre de 2002
Eguneratze data : 
2002/04/22
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0001909_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali