2002/10/18ko prentsa-oharra

 

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA) 2002ko 3. hiruhilekoa

LANGABEZIA IGO EGIN DA UDAN ETA BIZTANLERIA AKTIBOAREN %8,2AN KOKATU DA

Hala ere, biztanleria landunaren goranzko joera ez da eten (%+0,7)

Eustatek hiru hilean behin zabaltzen duen Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestaren arabera, 2002ko hirugarren hiruhilekoan, ia 894.500 landun zenbatu ziren, aurreko hiruhilekoan baino %0,7 gehiago. Langabeen kopurua 80.300 lagunekoa da, eta langabezia-tasa biztanleria aktiboaren %8,2koa.

Emaitza horiek, 2002ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz, langabetuen taldeak 7.300 laguneko gorakada izan duela agertzen dute. Ondorioz, jarduera tasa ehuneko 0,7 puntu igo eta %54,3ra heldu da.

16 urtetik 24ra bitarteko gazte aktiboen bostetik bat langabezian dago

Hirugarren lauhileko honetan Euskal AEko langabezia-tasa %8,2koa izan da, duela hiru hil baino ehuneko 0,6 puntu altuagoa. Igoera aztertutako talde guztietan izan da, Arabako Lurralde Historikoan izan ezik.

Honenbestez, gizonezkoen langabezia-tasa %5,5era igo da eta emakumeena, askoz ere altuagoa -zortzi emakumeko bat-, %12,2era. Hiruhileko honetan Arabak %6ko langabezia-tasa izan du, aurreko hiruhilekokoa baino ia puntu bat baxuagoa, hiru lurraldeetako baxuena. Bizkaia puntu bat igo da, %10era eta Gipuzkoa ere ehuneko 0,6 puntu igo eta %6,5eko tasara heldu da denbora tarte berean. Gazteen langabezia--tasa ia ehuneko puntu bi hazi da eta 16tik 24 urte bitarteko gazte aktiboen bostetik batera iritsi, % 18,7ra.

Euskal AEko langabezia-tasa Euroguneko herrialdeenaren oso antzekoa da, pasa den abuztuan %8,3ko tasa izan baitzuten (EUROSTAT). Europar Batasuneko guztizko tasa zertxobait baxuagoa da, % 7,7koa.

Euskal AEn 80.300 langabetu zenbatu dira

Aurreko hiruhilekoaren aldean, langabetuen kopurua %10 igo da, 7.300 lagun gehiago, guztira 80.300. Langabetuen kopurua aztertutako talde guztietan igo da, aurrean aipatutako Arabako kasuan salbu, 1.300 laguneko jaitsiera izan baitu eta 8.800 laguneko taldeari eragin dio. Bizkaiko kasuan langabetuen taldea 50.700 lagunekoa da, 6.400 langabetu gehiago baitira. Gipuzkoan 20.800 dira egoera berean direnak, aurreko hiruhilekoan baino 2.100 lagun gehiago.

Duela bi urte edo gehiagotik enplegu bila dabiltzan langabetuak 16.600 lagun dira, langabeen guztizkoaren bostena, 4.200 gutxiago.

Biztanleria landunaren joera goranzkoa hiruhileko honetan ere eta 900.00 lagunera hurbildu da

Biztanle landunen kopurua, 2002ko hirugarren hiruhileko horretan, 894.500ekoa da, hau da, duela hiru hilabete baino 6.100 gehiago. Horrekin, ez da eten azken sei hiruhilekoetako goranzko joera; hazkundearen erritmoa apalagoa bada ere.

Herrialde historikoka, Arabak ia aurreko emaitza errepikatu du (700 landun gehiago); Gipuzkoak eta Bizkaiak, aldiz, nabarmenago igo dute landunen kopurua (2.600 eta 2.800 gehiago, hurrenez hurren). Igoerak ia gizonezkoak bakarrik mesedetu ditu (5.300 gehiago ari dira lanean) emakumeek aurreko emaitza ia bera baitute (700 inguruk baino ez baitu lanik aurkitu).

Aurreko hiruhilekoaren aldean, igo egin da landunen kopurua lau sektore ekonomikoetan: nekazaritza eta eraikuntzan 1.000 lagunetik gora bakoitzean eta zerbitzuetan 4.500 lagun. Industrian 1.100 jaitsi dira.

Landunen kopuruaren igoerarekin, enplegu-tasa ere igo egin da, hau da, biztanle landunen ehunekoa, 16 urtetik 64 urte arterainoko biztanleriaren guztizkoaren aldean, biak barne. 2002ko hirugarren hiruhilekoan, ehuneko hori %63ra iritsi da (aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,4 puntu gehiago), eta alde nabarmena ageri da oraindik ere gizonezkoen (lan egiteko adinean dauden 100 gizonezkotik 76,5) eta emakumezkoen (100etik 49,3) artean. Herrialde historikoka, enplegu-tasarik altuena Arabak du, % 67,2koa eta azken hiruhilekoan gehien hazi dena Gipuzkoakoa, ehuneko 0,6 puntuko igoera izan baitu.

Etxeguneen sailkapenean, aktibo guztiak langabezian dituzten etxeguneak 3.500 gehiago dira, kide aktibo guztiak lanean dituzten etxeguneak berriz, 1.700 gutxiago.

Duela urtebete baino 39.000 biztanle landun gehiago

Biztanleria landuna hazi egin da, 2001eko hirugarren hiruhilekoaren aldean (39.000 biztanle gehiago), hau da, %4,6. Igoera hori %5,4 ingurukoa izan da emakumezkoentzat, eta %4koa, gizonezkoentzat. Herrialde historikoka, ez dago alde erlatibo handirik; izan ere, azken 12 hilabeteetako landun-kopurua %4tik gora igo da hiru herrialdeetariko bakoitzean.

Azken urtean zehar, jaitsi egin da landunen kopurua industrian (%-1,9), eta %8,3 igo da eraikuntzaren sektorean, eta %7 zerbitzuenean. Aldi horretan berean, enplegu-
-tasa ehuneko 3 puntu igo da.

Langabezia-tasa ehuneko 2 puntu jaitsi da azken urtean

Azken 12 hilabeteotan langabezia-tasa ehuneko 1,9 puntu jaitsi da, 2 puntu baino zertxobait gehiago gizonezkoentzat eta 1,5 emakumezkoentzat. Herrialdeka, jaitsiera 4,1 puntukoa izan da Araban, 1,6koa Bizkaian eta 1,4koa Gipuzkoan.

 

 

 

Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística

Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz

Tel:+34-945-01 75 00. Fax:+34-945-01 75 01. E-mail: eustat@eustat.eus

Harremanetarako pertsona: Elena Goni Rementeria

Tel:+34-945-01 75 33. Fax:+34-945-01 75 01.

Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus



  Informazio gehiago


Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

LANGABEZIA IGO EGIN DA UDAN ETA BIZTANLERIA AKTIBOAREN %8,2AN KOKATU DA

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
3er trimestre de 2002
Eguneratze data : 
2002/10/18
Hurrengo eguneratzea : 
2019/10/18
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0001950_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali