HomeGaiakEnpresakPrentsa Oharrak Informazio-teknologiako...

2003/07/10ko prentsa-oharra

INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA (IGI): ENPRESAK 2003. urtea



Informazio-teknologiako ekipamenduek hobera egiten jarraitzen dute Euskal AEko enpresetan 2003an



10 enplegatu eta gehiagoko Euskadiko enpresen erdiak baino gehiagok dauka web orria.



Informazioaren gizarteari buruz Eustatek enpresetan eginiko inkesta honetan, 2003. urtea hastean, Euskadiko enpresek duten informazioaren teknologietako ekipamenduek hobetzen jarraitzen dutela ageri da. Orokortu egin da teknologia horien erabilera enpresa horietako langileen artean, bereziki Interneten sartzeari eta posta elektronikoa erabiltzeari dagokienez.


Informazioaren Gizarteari buruzko Inkesta (IGI-enpresak) hirugarren aldiz egin du Eustatek 2003ko lehenengo hiruhilekoan, lehen sektorea ez den edozein jarduera-sektoretako Euskadiko enpresei zuzenduta. Inkesta honen bidez, datu hauek jakin nahi dira: informazioaren eta komunikazioen teknologietan (IKT) enpresek dituzten ekipamenduak; Internet nola erabiltzen duten; eta merkataritza elektronikoaren garrantzia. Euskal AEn kokatutako 7.200 establezimenduko lagina du oinarri inkestak.



Internet eta sakelako telefonoen erabilera orokortu egin da enpresa handietan eta txikietan


Interneteko ekipamendua, Euskadiko enpresetan, nabarmen gehitu da aurreko urtearen aldean, ehuneko sei puntu baino gehiago, hain zuzen. Horrekin batera, ehuneko bost puntu inguru gehitu da ordenagailuak, posta elektronikoa eta sakelako telefonoak erabiltzeko aukera ere.


Lurraldeka, Araban gehikuntza handiagoa izan dute establezimenduetako Interneteko sarbideek eta sakelako telefonoek eta Gipuzkoan, aldiz, gehikuntza handiagoa izan da ordenagailu pertsonaletan. Bizkaiak lortu du aipaturiko ekipamenduetan gehikuntzarik txikiena.






Establezimenduen tamainaren aldagaiak establezimenduen arteko funtsezko ezberdintze-elementu bat sartzen du eta aldagai horri dagokionez, tamaina txikieneko establezimenduek (0-2 enplegatu) jarraitzen dute guztietan ekipamendurik apalena izaten. Zifrarik kaskarrena: %30,8k dute posta elektronikoa. Zifrarik onena: %61,7k dituzte sakelako telefonoak. Tarteko zifra gisa, %48,5ek dituzte ordenagailuak eta %33,8k Interneteko sarbidea. Zifra horiek guztiak ehuneko lau puntu handiagoak dira aurreko urtekoak baino. Bestalde, 10 enplegatu eta gehiagoko enpresen batez bestekoa %80tik gorako zifretan mugitzen da: %80,6 lortu dute sakelako telefonoetan, %86,2 posta elektronikoan, %96,3 ordenagailuetan eta %86,7 Interneteko sarbideetan.


Konparazioa egitean geruza horietako bakoitzeko enplegua haztatzen badugu, aldeak asko txikitzen dira. Izan ere, establezimendu txikiek gehiago aurreratu dute, eta handietan enplegatuen zati batek baino ez du enpresako ekipamenduak erabiltzeko aukera. Hartara, ikusten dugu 0-2 enplegatuko establezimendu txikietako landunen artean %43,0k erabiltzen dutela ordenagailua eta 10 enplegatu eta gehiagokoetan %55,2k; txikietan %28,4k dutela Interneten sartzea eta handietan, %38,0k; eta azkenik, %25,2k dute posta elektronikoa eta handiagoetan %40,8k.



ADSL lineak izan du hazkunderik handiena Internetera sartzeko bideen artean eta 2003ko hasieran konexioen %40,3 hartu zuen.


Modemarekiko ohiko telefono linea bidezko Interneteko sarbidea da oraindik Euskadiko enpresa gehienek (%49,3) erabiltzen dutena, nahiz eta jaisten jarraitzen duen. Beherakada horrek ehuneko 9,1 puntuko jaitsiera ekarri du bide horren erabileran aurreko urtearen aldean. Bestalde, ISDN lineak ere ehuneko 7,8 puntu jaitsi dira aldi berean eta orain %15,3 hartzen dute. ADSL lineak, ostera, aurrekoen jaitsieretatik etekinak ateratzen ari dira eta nabarmen igo da horien erabilera. konexioen %40,3 dira 2003an; aurreko urtean, berriz, %26,2ra besterik ez ziren heldu. Azkenik, bestelako konexioek %4,8 hartzen dute.


ADSL lineen erabileraren gorakada are nabarmenagoa da 10 enplegatu eta gehiagoko establezimenduak aztertuz gero: horietan, Internetera sartzeko bide nagusia dira eta %58,4k erabiltzen dituzte. Urrutitik jarraitzen diete modema erabiltzen dutenek (%25,5), ISDN lineek (%25,4) eta gainerako lineek (%11,2).


Web orria duten enpresei dagokionez, hazkunde esanguratsua izan da, dela euren weba dutenen artean, %10,0 baitira dagoeneko, dela besteren zerbitzarian ostataturiko orria dutenen artean (%4,5). Ondorioz, Euskal AEko enpresen guztizkoaren %14,5ek web orria du.


Berriro ere establezimenduaren tamainari erreparatuta, euren web orria duten 10 enplegatu eta gehiagoko establezimenduak %35,5 dira dagoeneko eta besteren zerbitzarian ostatutako web orria dutenak %16,2. Honenbestez, mota horretako establezimenduen erdiak baino gehiagok (%51,7k) web orria dute.



2002an merkataritza elektronikoa pisu espezifiko urriarekin mantendu da Euskadiko enpresetan


Euskadiko establezimenduek ez dute merkataritza elektronikoa gehiegi erabiltzen 2002ko IGI-Enpresak inkestako datuetan ikusten denez. Sarearen edo bestelako sistema elektronikoen (EDI, datu elektronikoen trukea) bidez erosten edo saltzen dutenen proportzioak hain dira apalak oraindik, ezen zenbatespena ez baita estatistikoki segurua, eta errore-marjina handia baitu.


Dena dela, ikus dezakegu zertxobait hazi dela merkataritza elektronikoa egiten duten establezimenduen ehunekoa: %3,0 ziren 2001ean, eta %4,4 izan dira 2002an. Gehikuntza horren arrazoiak bi dira: batetik, bide elektronikoetatik erosten duten enpresak gehitu egin dira eta %3,6 dira dagoeneko; eta bestetik, neurri txikiagoan bada ere, bide beretik saltzen duten enpresak ere gehitu egin dira eta %1,3ra iritsi dira.

Egindako kalkuluen arabera, 7.500 dira Euskal AEn merkataritza elektronikoa egiten duten establezimenduak. Establezimendu horiek bide horretatik egiten dituzten erosketak guztizko erosketen %11,4 hartzen dute eta salmentek, guztizko salmenten %16,1.


Jarduera-sektoreka, nagusi ageri dira merkataritza elektronikoaren erabileran, papera eta arte grafikoak eta kimika-industria sektoreak, eta horietan establezimenduen %13 baino zertxobait gehiagok erabiltzen dute. Era berean, material elektrikoa, kautxua eta plastikoa, garraio-materiala eta makineria sektoreetako establezimenduen %10 baino gehiagok egiten dute merkataritza elektronikoa. Zerbitzu-sektorean, banka eta aseguruak nabarmentzen dira eta beren establezimenduen %11,2k egiten dute merkataritza elektronikoa.






Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Jose Miguel Escalada
Tlf:+34-945-01 75 07 Faxa+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
 

Top

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Informazio-teknologiako ekipamenduek hobera egiten jarraitzen dute Euskal AEko enpresetan 2003an

Eragiketa : 
Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Eragiketa kodea : 
223002
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
ENCUESTA SOBRE LA SOCIEDAD DE LA INFORMACIÓN -ESI- Empresas Año 2003
Eguneratze data : 
2003/07/10
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002262_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali