2004/02/25eko prentsa-oharra

DENBORA AURREKONTUEN INKESTA 2003 (DAI) 2003. urtea



Azken bost urteetan, 15 minutu laburtu da idatzizko eta ikus-entzunezko komunikabideei egunero eskainitako denboraren batez bestekoa


1998. urtearen aldean, 14 minutu luzatu da solas egiteari –batez ere telefonoz hitz egiteari- eskainitako batez besteko denbora.


Eustatek 2003an egindako hirugarren Denbora Aurrekontuen Inkestaren emaitzen arabera, biztanleriak behatutako zenbait jarduerei eskaintzen dien eguneroko denboraren banaketak ez du aldaketa nabarmenik agertzen 1998tik, baina joera berriak agertzen hasi dira.


Euskal AEko 16 urte eta gehiagoko biztanleriak 11 ordu eta 50 minutuko batez besteko gizarte-denbora erabiltzen du behar fisiologikoetarako eta norbera zaintzeko, 1998an baino 16 minutu gehiago. Halaber, egunero, lanean eta prestakuntzan 3 ordu eta 23 minutu ematen du, etxeko lanetan 2 ordu eta 23 minutu, gizarte-bizitzari 58 minutu eskaintzen dizkio (1998an baino pixka bat gutxixeago), aisialdiari 3 ordu eta 56 minutu, joan-etorriei ordu 1 eta 8 minutu eta etxeko lagunez arduratzeari 21 minutu.



1998an baino 8 minutu gehiago eskaintzen zaizkie etxetik kanpoko otorduei eta %36 hazi da otordu horiek egiten dituen biztanleria.


Lotan ematen den denbora 8 ordu eta 45 minutukoa da eta ez da aldatu aurreko aldiaren aldean. Etxetik kanpoko otorduei eta mokaduei eskainitako denborak eragin du, batez ere, behar fisiologikoei eta norbera zaintzeari eskainitako denbora gehitzea. Izan ere, jarduera horien partaidetza-tasa (jarduera hori egiten duen biztanleriaren ehunekoa guztizko biztanleriaren aldean) 14 ehuneko-puntu hazi da, eta partaideko batez besteko denbora 1998 baino 8 minutu handiagoa du, ordu 1 eta 13 minutukoa.



Lan-aldia eguneko 14 minutu laburtu da azken bost urteetan


Azken bosturtekoan, astelehenetik ostegunera bakarrik kontatuta, 14 minutu urritu da biztanleria landunak egunero lan ordainduan ematen duen denbora. Bestalde, laburtu egin da ikasleek ikasten ematen duten denbora ere: 1998an baino 26 minutu gutxiago astelehenetik ostegunera eta 43 gutxiago ostiraletan.


2003an, astelehenetik ostegunera bakarrik kontatuta, emakumezkoek gizonezkoek baino ordubete eta 9 minutu gutxiago ematen dute batez beste lan ordainduan. Egun horietan, gizonezkoen eguneroko lan-aldia 7 ordu eta 4 minutukoa izan da batez beste. Ostiraletan, gizonezkoek gainerako lanegunetan baino 4 minutu gutxiago ematen dute lanean eta emakumezkoek 25 minutu gutxiago .


Denboraren erabileran ikusitako aldakuntzen zati handi bat emakumeen lan ordainduaren hazkundeak eragin du. 2003an gizonezkoek lan nagusian duten partaidetza-tasa %46,8koa izan zen eta emakumezkoena %30,8koa; lehengo kasuan, 1998an baino 2,2 ehuneko-puntu gehiago, emakumezkoen kasuan, bikoitza (4,1 ehuneko-puntu gehiago).



16 urte eta gehiagoko bost biztanleko batek baino zertxobait gehiagok -%21,4k- dio ez diola denborarik eskaintzen etxeko lanei; gainerakoek, berriz, 3 ordu eta 2 minutu ematen dituzte egunero jarduera horietan.


Emakumezkoek 3 ordu eta 31 minutu ematen dituzte etxeko lanetan, gizonezkoek baino 2 ordu eta 21 minutu gehiago. Jarduera horiek egiten dituen biztanleriaren ehunekoa 3 ehuneko-puntu jaitsi da (%78,6) 2003an, baina batez beste 1998an baino 4 minutu gehiago ematen dira jarduera horietan. Hala ere, banaketa apur bat aldatu da asteko egunaren arabera: astelehenetik ostegunera apenas aldatu da (2 minutu gehiago), ostiralean 18 minutu gutxiago ematen dira eta larunbat eta igandetan 18-20 minutu gutxiago.


16 urte eta gehiagoko bost biztanletik batek -%19,7k- batez beste ordubete eta 46 minutu eskaintzen dizkio egunero etxeko lagunez arduratzeari, umeez zein nagusiez arduratzeari. 1998an baino 5 minutu gehiago ematen dira jarduera horretan. Gizonezkoei ordubete eta 22 minutu hartzen dizkie eta emakumezkoei 2 ordu. Umeak zaintzea 6 minutu luzatu da eta ardura hori dutenek ordubete eta 22 minutu ematen dituzte horretan. Nagusiak zaintzeari dagokionez, 15 minutu urritu da jarduera horretan ematen den denbora.




Biztanleriak batez beste 7 minutu eskaintzen dizkie ordenagailuari eta Interneti


Biztanleriaren %91,5ek denbora du aisialdi pasiborako (prentsa, telebista, ikuskizunak, jokuak, e.a.) baina ehuneko hori 2,6 ehuneko-puntu jaitsi da 1998tik. Biztanleriaren guztizkoak 2 ordu eta 39 minutu eskaintzen dizkio aisialdi-mota horri eta 15 minutu murriztu da azken bost urteetan.


Hedabideak (prentsa eta ikus-entzunezkoak) banatuta, erabiltzaileen proportzioan 5 ehuneko-puntuko jaitsiera ikusten da eta 2003an %84,5eko tasa izan da. Horiek, 2 ordu eta 28 minutu eskaintzen dizkiete hedabideei, 1998an baino 15 minutu gutxiago. Denbora hori 17 minutu laburtu da gizonezkoetan eta 12 emakumezkoetan.


Biztanleriaren laurden bat baino zertxobait gehiagok (%26,7k) dio batez beste ordu 1 eta 11 minutu ematen dituela atseden hartzen, pentsatzen, ezer egin gabe egoten, duela bost urte baino 19 minutu gehiago.


Aisialdi aktiboari, hau da, kirola egiteari, paseatzeari edo txangoak egiteari, Interneten ibiltzeari, eta abarri eskainitako batez besteko gizarte-denbora 1998an baino 5 minutu handiagoa da. Biztanleriaren %60k atal honetako jarduerak egiten ditu eta azken bost urteotan %7ko hazkundea izan dute.


Internet eta informatikako bestelako produktuekin erlazionatutako jardueren presentzia sumatzen da eta batez beste egunean 7 minutuko gizarte-denbora hartzen dute. Gizonezkoek parte hartze handiagoa dute jarduera horietan emakumezkoek baino.



Lagunak bisitatzen edo poteatzen denbora ematen duen biztanleria %28 murriztu da eta jarduera horietan 2 ordu eta 5 minutu ematen dira.


16 urte eta gehiagoko biztanleriaren erdia baino zertxobait gehiagok (%52,7k) ordu 1 eta 50 minutu eskaintzen dizkie egunero gizarte-bizitzarekin erlazionatutako jarduerei, esate baterako, lagunak bisitatzeari, solas egiteari, alderdi politiko edo elkarteetan parte hartzeari eta praktika erlijiosoei. Jarduera horiek egiten dituen biztanleriaren ehunekoa ia 6 ehuneko-puntu urritu den arren, egiten dituztenek horretan ematen duten batez besteko denbora 2 minutu luzatu da.


Biztanleriaren %18,2k dio lagunak bisitatzeari edo etxean hartzeari, poteatzera irteteari edo erromeri edo dantzaldietara joateari denbora eskaintzen diola eta zifra hori nahiko txikiagoa da 1998ko inkestan lortutako %25,6a baino. Talde horrek egunean jarduera horietan ematen duen denbora 2 ordu eta 5 minutukoa da, duela bost urte baino 4 minutu luzeagoa.


Solasean (batez ere, telefonoz) aritzen direnen denbora egunean 14 minutu luzatu da eta ordubete eta 15 minutu hartzen ditu. Larunbat eta igandetan, batez besteko hori ordubete eta 32 minutura eta ordubete eta 27 minutura luzatzen da, hurrenez hurren.



Euskal AEko egoiliarretan, bizkaitarrak dira lo gutxien egiten dutenak eta telefonoz eta solasean gehien aritzen direnak; arabarrak, lanean denbora gehien egiten dutenak eta gutxien ikasten dutenak; eta gipuzkoarrak, kirol gehien egiten dutenak eta hedabideei eta gizarte-bizitzari arreta gehien jartzen dietenak.


Bizkaitarrek 8 ordu eta 37 minutu egiten dituzte lo, gipuzkoarrek baino 19 minutu gutxiago eta arabarrek baino 15 gutxiago. Arabarren artean, landunek batez beste egunean 7 ordu eta 14 minutu ematen dituzten lanean, gipuzkoarrek baino 8 minutu eta bizkaitarrek baino 14 minutu gehiago.


Hala ere, ikasle arabarrek (araututako ikasketak egiten dituztenak) egunean 18 minutu gutxiago ematen dituzten ikasten eta eskoletara joaten gipuzkoarrek eta bizkaitarren baino, horiek egunean batez beste 4 ordu eta 55 minutu ematen baitituzte jarduera horietan.


Gipuzkoako lurralde historikoko egoiliarren %17,5ek lagunak bisitatu edo etxean hartu, poteatu edo antzeko jarduerak egiten dituzte gizarte-bizitza deritzonaren barruan eta 2 ordu eta 16 minutu eskaintzen dizkiete, arabarrek baino 18 minutu gehiago eta bizkaitarrek baino 16 gehiago.


Bizkaitarrak dira ehuneko handienean telefonoz hitz egin edo lagunekin edo familiakoekin solasean aritzen direla diotenak, %42,8% baitira hala diotenak. Arabarren eta gipuzkoarren ehunekoa, berriz, %35en kokatzen da. Gainera, batez beste egunean ordu 1 eta 17 minutu eskaintzen dizkiete, arabarrek baino 8 eta gipuzkoarrek baino 2 minutu gehiago.


Gipuzkoarrek ordu 1 eta 31 minutu ematen dituzte kirola egiten, arabarrek baino 14 minutu gehiago eta bizkaitarrek baino 10 gehiago.


Gipuzkoarrak dira hedabideei ere egunean batez beste denbora gehien eskaintzen dietenak: 2 ordu eta 34 minutu, arabarrek baino 14 eta bizkaitarrek baino 7 minutu gehiago.







Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tlf:+34-945-01 75 00 Fax:+34-945-01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Alicia Barriocanal
Tlf:+34-945-01 75 Fax:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Azken bost urteetan, 15 minutu laburtu da idatzizko eta ikus-entzunezko komunikabideei egunero eskainitako denboraren batez bestekoa

Eragiketa : 
Denbora-aurrekontuen inkesta
Eragiketa kodea : 
010902
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
Año 2003
Eguneratze data : 
2004/02/25
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002490_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Metadatuak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali