2004/02/17ko prentsa-oharra

IRAKASKUNTZAREN ESTATISTIKA 2002/2003 ikasturtea



Euskal AEko haurrak gero eta goizago eskolatzen dira



Hezkuntza-sistemaren barruan Haur Hezkuntza nahitaezkoa ez den arren, Euskal AEko 2 eta 5 urte bitarteko haurren % 98 hezkuntza-sarean matrikulatuta daude.



2002/2003 ikasturtean, araubide orokorreko irakaskuntzetako ikasleak guztira 395.486 izan ziren Euskal AEn, hau da, aurreko urtean baino % 0,5 gutxiago, Eustatek landutako datuen arabera.


Moteldu egin da ikasleen gutxitzea. Izan ere, bigarren urtez jarraian, ikasle-kopuruaren beherakada txikiagoa da azken hamabost urtean gertatzen ari zena baino (urtean % -2,7, batez beste).


Ikasturte honetan, ikasleak guztira 2.054 gutxiago dira, nahiz eta gutxitze horrek maila guztiei berdin eragiten ez dien. Izan ere, maila gehienetan handitu egin da matrikulatuen kopurua. Garrantziaren hurrenkeran, lehenik eta behin Helduen Hezkuntza dugu, % 11 hazi baita; ondoren, Haur Hezkuntza (% 5), Lanbide Heziketa (% 1) eta, azkenik, Lehen Hezkuntza (% 0,3). Beste alde batetik, jaitsiera izan dute Batxilergoak (% -6), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak (% -4,5) eta unibertsitate-ikasketek (% -2,2).







Nabarmentzekoa da, bereziki, Haur Hezkuntza (2 – 5 urte), ikasturte honetan 63.980 ikasle matrikulatu baitira. Horrek esan nahi du % 98,8koa dela eskolatze tasa; aurreko ikasturtean, aldiz, % 91,1ekoa izan zen.



Aipagarri da, orobat, Batxilergoan, nahiz eta ikasleak gutxitu, eskolatze-tasa garbia % 63,7koa dela, aurreko ikasmailakoaren antzekoa. Matrikulatu-kopurua jaistearen kausetariko bat adin-tarte horretan (16 – 17 urte) biztanle kopurua urritu izana da. Lanbide-heziketen kasuan, erdiko zikloak % 5,1eko tasa du; eta goiko zikloak, % 12,4koa. Horiek horrela, ondorioztatzen da ikaslek gehienek batxilergoak egitea aukeratzen dutela, nahitaezko hezkuntza bukatzean.



2002/2003 ikasturtean, 76.589 ikasle matrikulatu ziren unibertsitatean


Aurreko ikasturtean baino % 2,2 matrikulatu gutxiago izanik, indarrean jarraitzen du duela 5 urte unibertsitate-hezkuntzan hasitako beherakadak. Dena dela, kontuan izan behar da unibertsitatean matrikulaturiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen proportzioa aurreko urtearen antzekoa dela (% 21). 18 eta 21 urte bitarteko adin-tartean tasa garbia konparatzen badugu, ikusiko dugu % 35,6k unibertsitate-ikasketak egiten dituztela, eta % 12,4k, berriz, unibertsitateaz kanpoko goi-mailako ikasketak (goi-mailako prestakuntza-zikloak).



Unibertsitateko ikasleen % 61 ziklo luzeko karrerak ikasten ari dira, eta lizentziatura hauek izan dira ikasle gehien erakarri dituztenak: Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea, Industria Ingeniaritza, Psikologia, Informatika Ingeniaritza, Ekonomia Zientziak eta Arte Ederrak. Ziklo laburreko karreren artean, aldiz, ikasle gehienekoak dira Enpresa Ikasketak, ingeniaritzak (mekanika, industria-elektronika eta kudeaketa-informatika), Haur Hezkuntzako Irakaslegoa eta Gizarte Hezkuntza.


Unibertsitate-ikasketak egiten dituztenen artean, gehiago dira emakumezkoak (% 54) gizonezkoak baino, Europan gertatzen den bezalaxe.


Gorantz egiten segitzen du Helduen Hezkuntza Iraunkorreko matrikula-kopuruak, 2002/2003 ikasturtean 18.372 ikasle izan baitira, horietatik % 62,7 emakumezkoak.



Oinarrizko Hezkuntzan, D ereduan egin dira Haur Hezkuntzako matrikulen % 61,4 eta Lehen Hezkuntzakoen % 51,8



Unibertsitatearen aurretiko mailetan —Helduen Hezkuntza Iraunkorra alde batera utzita—, hizkuntza-ereduaren arabera, honela zeuden banatuta ikasleak 2002/2003 ikasturtean: % 30,5 A ereduan (euskara ikasgaitzat), % 22 B ereduan (elebiduna) eta % 46 D ereduan (euskaraz).


Haur Hezkuntzan, D ereduan ikasleen % 61,4k egin zituzten ikasketak; B ereduan, % 28,6k; eta A ereduan, % 9,3k baino ez. Lehen Hezkuntzan ere, D eredua hartu zuten gehienek, ikasleen % 51,8k; B eredua izan zen bigarren, % 29,7rekin; eta A eredua hirugarren, % 17,7rekin. Bai DBHn, bai Batxilergoan, euskaraz ikasi zuten ikasleak % 40 baino gehixeago izan ziren; Lanbide Heziketan, berriz, kopuru apalagoa, % 13,6. Edonola ere, oro har, maila guztietako joera da D ereduan aurreko urtean baino ikasle gehiago matrikulatzea.







Gure autonomia-erkidegoko landunen % 5ek hezkuntza-sektorean lan egin zuten


Euskal AEko hezkuntza-sisteman, 2002/2003 ikasturtean, 48.294 pertsonak lan egin zuten, hau da, biztanle landunen % 5ek. Langile horien artetik, batzuk irakasleak ziren (35.432 pertsona, horietatik % 64 emakumezkoak), eta beste batzuk ez (12.862 pertsona). Unibertsitatean aritu ziren irakasleen % 14,5.




Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Maria José Triguero
Tel.: 46-945 017 546. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
 

Top

Euskera
Productuaren datuak
Productuaren datuak

Euskal AEko haurrak gero eta goizago eskolatzen dira

Eragiketa : 
Eskola-jardueraren estatistika
Eragiketa kodea : 
040601
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
ESTADISTICA DE LA ENSEÑANZA Curso 2002/03
Eguneratze data : 
2004/02/17
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002486_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali