HomeGaiakKanpo merkataritzaPrentsa Oharrak Euskal AEko esportazioak...

2004/03/25ko prentsa-oharra

KANPO MERKATARITZAREN ESTATISTIKAK (KAMEE) 2003KO 4. HIRUHILEKOA



Euskal AEko esportazioak % 0,4 hazi ziren, eta inportazioak % 0,2, 2003ko laugarren hiruhilekoan



Arabako esportazioak nabarmen hazi dira, % 10,1, urteko azken hiru hiletan.


Euskal AEko esportazioek % 0,4ko hazkunde nominala izan dute 2003ko laugarren hiruhilekoan, EUSTATek emandako datuen arabera. Hartara, 3.157,9 milioi eurora iritsi dira. Hiruhileko horretan, Arabako esportazioek baino ez dute urte arteko bilakaera positiboa (% 10,1) izan; aitzitik, jaitsi egin dira Gipuzkoakoak (% -4,7) eta Bizkaikoak (% -1,2).


Inportazioek ere bilakaera positiboa izan dute, % 0,2koa, 2002ko hiruhilekoaren gainean. Haien bilakaeran orobat alde handiak izan dira lurralde batetik bestera: Bizkaian % 9,1, Gipuzkoan % -0,2 eta Araban % -19,1.


2003. urteko azken hiruhileko horretako merkataritza-saldoa (hots, esportazioak ken inportazioak) 326 milioi eurorena da. Esportazioek inportazioen gainean duten estaldura-tasa (% 111,5) urtebete lehenagokoa baino hiru hamarren hobea da.




2003. URTEAREN BALANTZEA


2003. urtearen balantzea eginda, esportazioak % 1,8 hazi ziren, eta inportazioak % 3,8.


Euskal AEko esportazioak 11.752,8 milioi euro izan ziren 2003. urtean, aurreko urtean baino % 1,8 gehiago. Esportazioek % 5,9ko hazkunde nominala metatu zuten 2003ko lehen seihilekoan. Urtearen bigarren erdian, aldiz, hazkunde-tasa murritzagoak izan zituzten, hirugarren hiruhilekoan % 4,8 jaitsita eta urteko azken hiruhilekoan % 0,4 goratuta.


Urteko inportazioak 10.452,6 milioi euro izan dira. Horrenbestean, urteko hazkunde-tasa % 3,8 da.


Beste alde batetik, esportazio ez-energetikoak % 0,7 gehitu dira urte osoan; eta izaera bereko inportazioak, % 3,3.


Merkataritza-saldoa 2002ko 1.466,4 milioi euroetatik 2003ko 1.300,2 milioi euroetara jaitsi da. Produktu energetikoen transakzioak alde bat utziz gero, merkataritza-saldo ez-energetikoa ere jaitsi egin da, aurreko urteko 3.084,4 milioi euroetatik 2003ko 2.898,4 milioi euroetara.



Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorio gisa, guztizko esportazioek guztizko inportazioen gainean duten estaldurak ehunekotan bi puntu eta bi hamarren galdu ditu, aurreko urtearen aldean: 2002an % 114,6 zen, eta 2003an % 112,4, inportazioek hazkunde erlatibo handiagoa izan zutelako. Esportazio ez-energetikoen estaldura, inportazio ez-energetikoen gainean, aurreko urteko % 138,5etik 2003ko % 135,0ra beheratu da, ehunekotan hiru puntu eta erdi galduta.


Partida nagusien jatorria eta jomuga 2003an


Europar Batasuneko gainerako aldeetara doazen esportazioek % 3,5eko urteko tasa izan dute. Aipagarriak dira, izan duten urteko hazkundeagatik, Irlandara (% +85,8) eta Danimarkara (% +24,7) egindakoak. Orobat handitu egin ziren bezero nagusiei egindako salmentak: Frantzia (% 2,7), Alemania (% 2,4), Italia (% 7,8), Begika (% 3,4) eta Herbehereak (% 8,8). Aitzitik, jaitsi egin dira Erresuma Batura (% -1,8) eta Portugalera (% -4,1) doazenak, besteak beste.

Europar Batasunetik datozen inportazioek % 1,4ko atzerakuntza izan dute, beheratu egin baitira Frantziakoak (% -0,7) eta Alemaniakoak (% -3,5), nahiz eta Herbeheretatik (% 6,0), Danimarkatik (% 16,3), Greziatik (% 39,9) eta Portugaldik (% 3,6) datozenak goratu diren.

Ekipo-ondasunak dira esportazio guztien % 47,3 hartzen duen muga-zergetako taldea. Bada, talde horrek hazkunde txiki bat izan du, % 0,2, 2003. urtean. Muga-zergetako bigarren talde garrantzitsuena metalak eta manufakturak dira (esportazio guztien % 23,5) eta talde horrek % 2,6 gehitu ditu atzerrira egindako salmentak.

Ekipo-ondasunen inportazioak % 3,6 jaitsi dira 2003. urtean; kanpoan erositako metalak eta manufakturak, ordea, % 11,1 gehiago dira.


2003ko bilakaera, lurraldeka


2003. urtean, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioek oso antzeko bilakaera izan dute, lehenak % 2,8 eta bigarrenak % 2,6 hazi baitira. Arabako esportazioak, berriz, zertxobait apaldu dira, % 0,5, aurreko urtearen aldean. Gipuzkoako esportazioen bilakaeraren euskarri ekipo-ondasunak (% 3,2) eta metalak eta manufakturak (% 6,7) taldeen igoerak izan dira. Bizkaian, beheratu egin dira ekipo-ondasunak (% -1,0) eta pixka bat goratu metalak eta manufakturak (% 1,0), eta, horrenbestez, hango urteko emaitzak oinarritzat ditu produktu kimikoak (% 16,3) eta produktu mineralak eta energetikoak (% 31,6), besteak beste.

Arabako esportazioetan nabari da bilakaera negatiboa izan dutela ekipo-ondasunek (% -2,0), bereziki garraio-materialak (% -5,0), eta horrek zuzenean eragiten dio esportazioen guztizkoaren zeinuari, nahiz eta metalak eta manufakturak taldeak % 0,3ko gehikuntzatxoa izan.


Iturria: EUSTAT





Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Patxi Garrido
Tel.: +34-945 017 513. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko esportazioak % 0,4 hazi ziren, eta inportazioak % 0,2, 2003ko laugarren hiruhilekoan

Eragiketa : 
Kanpo-merkataritzaren estatistika
Eragiketa kodea : 
143101
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
4º TRIMESTRE DE 2003
Eguneratze data : 
2004/03/25
Hurrengo eguneratzea : 
2019/10/22
Eragiketa mota : 
Beste batzuk
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002510_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali