HomeGaiakFamiliakPrentsa Oharrak Familia tradizionalak...

2004/04/14ko prentsa-oharra

BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ZENTSUAK. Familiak 2001. URTEA


Familia tradizionalak galdu egin du nagusigoa, Euskadiko familien erdiak baino gutxiago biltzen baititu


1996tik 2001 arte, batez beste 13.136 familia eratu ziren urtean.


Eustatek biztanleriaren eta etxebizitzen 2001eko zentsuko buruz argitaratu dituen emaitzen arabera, 1991. eta 2001. urteen artean 116.892 familia eratu ziren Euskal AEn. Aldi horren lehenengo erdialdean gutxi gorabehera 10.242 familia eratu ziren urtean. Bigarren erdialdean (1996-2001), berriz, erritmo hori igo eta 13.136 inguru eratu ziren urtean. Horrenbestez, mendearen azken hamarkadako hazkundea, %18,5ekoa, aurreko hamarkadako (1981-1991) %9,3ko hazkunde hura baino bizkorragoa izan zen.


Familien kopuru-handitzeaz gainera, kontuan hartzen badugu jaiotza-tasek bere horretan dirautela, ulertuko dugu zergatik jaitsi den familien batez besteko tamaina. Familiako 3,32 pertsona ziren 1991n; 3,05 1996an; eta 2,76, azkenik, 2001ean.


Bilakaera horrek badu kontraesan bat, itxuraz: Bizkaiak biztanleen %2,8 galdu zituen 1991 eta 2001 bitartean, baina zentsuan familiak %14,4 gehitu ziren -50.300 familia gehiago-; eta Gipuzkoak, %0,4 biztanle galduagatik, %22,8 -45.697- familia gehiago ditu. Araban, biztanleak %5,1 gehitu ziren, eta familiak % 25,6 (20.895).

Iturria: EUSTAT


Bilbok biztanleen %5,4 galdu ditu hamar urtean, eta 13.480 familia -%11,5- irabazi; Vitoria-Gasteizek %5,2 biztanle irabazi, eta %25,7 familia irabazi; Donostia-San Sebastianek ere antzera: %4 biztanle gehiago eta %22 familia gehiago. Ibaizabalen ezkerraldeko udalerri nagusietan (Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestao), %10 inguru biztanle galduta, familiak gehitu egin dira, Sestaoko %4ko gehikuntzatik Santurtziko %11koa bitarte.


Badira lau udalerri, non familien kopurua bikoiztu egin den hamar urtean: Elburgo, Erribera Beitia, Zuia eta Zigoitia. Udalerri batean baino ez dira urritu familiak; hain zuzen ere Mutiloan. Izan ere, 61 familia ziren han 1991n, eta 58 ziren 2001ean.


Hamar urtean, bikoiztu egin da bakarrik bizi diren pertsonen kopurua. Bost familietatik bat dira.


Bakarrik bizi diren pertsonen kopuruak izan du gehikuntzarik nabarmenena: 73.648 ziren 1991n, eta 151.855 ziren 2001ean. Prozesu hori bizkortu egin zen 1996 eta 2001 artean, bosturteko horretan bilduta baitaude kasu berrien %60. Lagun horietatik %59 emakumezkoak dira: emakumezko ezkongabeak %48tan, eta emakumezko alargunak %36tan. Hala ere, gizonezkoen proportzioa handitzea da joera (%34 gizonezko 1991n, eta %41 2001ean). Dibortzioak edota banantzeak ia 3.900 lagun eraman zituen bakarrik bizitzera 1991n; hamar urtean, kopuru hori hirukoiztu egin da, 11.930 lagun izan arte. Bostetik bik lan egiten dute -gizonezkoen % 60k eta emakumezkoen %27k-, eta beste %42k ezaktibotzat definitzen dute bere burua.


Familia tradizionalak, guraso biek eta seme-alabek eratuak, galdu egin du nagusigoa familia-egituran: halakoak %51,5 familia ziren 1996an, eta %44,4 familia 2001ean.


Familia tradizionalak, guraso biek eta seme edo alaba batek nahiz gehiagok eratuak, familia guztien %63 biltzen zituen 1981ean; %57, 1991n; eta %44,4, 2001ean. Era berean, txikitzen jarraitzen du haien batez besteko tamainak: 4,4 kidekoak ziren 1981ean; 4,1ekoak 1991n; eta 3,8koak azken zentsuan. Zifra absolutuetan, horrelako 29.086 familia galdu dira 1991 eta 2001 bitartean; hirutik bi, 1996 eta 2001 bitartean.


Nahiz eta bost familia gurasobakarretatik lauk familiaburu emakumezkoa izan, familiaburu gizonezkoa dutenak bizkorrago ari dira hazten.


Guraso bietako batek eta seme-alabaren batek eratutako familiak ia %50 hazi dira hamar urtean, eta aldi horren buruan familia guztien %11,7 dira (87.880). Horrelakoen artean, %81,5ek ama dute familiaburu. Dena dela, aita buru duten familia gurasobakarrak areago hazi dira: halakoak, izan ere, %33,5 gehitu dira 1996 eta 2001 bitartean; eta ama buru dutenak, aldiz, %16,8.


Seme-alabek gurasoen etxetik alde egiteak eta seme-alabarik ez izateak ere ugaritu egin dituzte seme-alabarik gabeko familiaguneak: %15 ziren 1991n, eta %18,5 hamar urte geroago.


Familiagune bat baino gehiagoren bizileku diren etxeguneen bilakaera negatiboa da: %3,3 ziren 1991n eta %1,7 2001ean. Elkarren ahaide diren edo ez diren gizabanakoek eratutako familiek, familiagunerik gabekoek -ezkontide- edo filiazio-loturarik gabekoek, alegia-, berreskuratu egin dute 1981ean zuten pisua (%3,4). Batez ere 1996 eta 2001 bitartean ugaritu ziren, arrazoietariko bat izanik azken migrazioen ondorioz sortu diren familia-egoerak.


Bost urtean, hirukoiztu baino areago egin dira aurrez ere ezkonduta edo bizikidetzan izan diren pertsonek eratutako familiaguneak.


Familia-forma berriak agertzeak ere eragin du familien gehikuntza. Hartara, 1996 eta 2001 bitartean, ezkongabeek eratutako bikoteak -izatezko bikoteak- %27,5 ugaritu ziren, nahiz eta aldakuntza horren atzean kopuru absolutu txikia dagoen: 16.322 bikote (familiaguneen %2,8) 2001ean. Bilakaera hori ikusita, badirudi harreman- eta bizikidetza-mota hori bestelako familia bat eratzeko igaroaldia dela; izan ere, horrelako bikoteen %16,4k baino ez du seme-alabaren bat.


Familia berrosatuak direlakoak, hau da, aurrez ere ezkonduta edo izatezko bizikidetzan izan diren kideek eratutako familiak, familiaguneen %1,9 besterik ez ziren, baina bost urte geroago zenbat eta %6,3 dira. Familia horietan, hirutik bi bigarrenez ezkondutako pertsonek eratuta daude; eta bestea, beste bikote batekin baina ezkondu gabe bizi izan direnek eratuta. Lehenengo kasuan, guneen ia %90era ezkontideetarikoren batek lehenagotiko seme-alabak dakartza; bigarrenean, %60,5era.


%33,2 gehitu dira, 1996 eta 2001 bitartean, dibortzio edo banantze batetik datozen seme-alabak dituzten familiaguneak, guztira 42.186 izateraino. %78,3tan, ama da familiaburu. Horrelako familiaguneak dira %7,2.


Gazteek hautsi egin dute gurasoen etxean bizitzen segitzen duten aldia luzatzeko joera.


Zentsuko datuak familia bateko buru diren pertsonen adinarekin erlazionatuta zer bilakaera izan duten aztertuz gero, ageri da gazteek hautsi egin dutela gurasoen etxean bizitzen segitzen duten aldia luzatzeko joera; eta, neurri txikian bada ere, familia lehenago eratzen hasi direla. 1996an, 20 eta 24 urte bitarteko gazteen %2,5 baino ez ziren etxegune baten buru; 2001ean, berriz, jadanik %5,6 ziren. 25 eta 29 urte bitarteko %15,7 ziren 1996an, eta %18,9 2001ean.


Adintsuak euren etxean bizitzen jarraitzen duten aldia luzatu egin da: 2001ean, 90 urte edo gehiagoko biztanleen erdiek baino gehiagok segitzen dute euren familiaren buru izaten.


Biztanleriaren piramidearen beste muturrari begiratuta, ikusiko dugu nabarmen luzatu dela adintsuek euren etxean bizitzen segitzen duten aldia, baita biztanlerik zaharrenen artean ere. Osasuna eta gizarte-laguntzak hobetu direlako gertatu da hori. 1981ean 90 urte edo gehiagoko biztanleen %37 ziren familiaburu; 1991n, %42,8; eta 2001ean, %54,9. Talderik handiena, 75 urte edo gehiagokoena, hartuz gero, ageri da luzatu egin dela etxean bizitzen segitzen duten aldia: %46,6k segitzen zuen 1996an, eta %65,5ek 2001ean.



Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Jesús Rodríguez Marcos
Tel.: +34-945 017 531. Faxa: +34-945 017 501
Prentsaoharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Familia tradizionalak galdu egin du nagusigoa, Euskadiko familien erdiak baino gutxiago biltzen baititu

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak
Eragiketa kodea : 
010152
Periodikotasuna : 
Hamar urtekoa
Denbora arloa : 
CENSOS DE POBLACIÓN Y VIVIENDAS. Familias AÑO 2001
Eguneratze data : 
2004/04/14
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002541_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Metadatuak

Metodologia eta Kalitatea

Kode eta izendegiak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali