2004/04/22ko prentsa-oharra

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA) 2004ko 1. hiruhilekoa



Landunak mantendu egin dira eta langabeak 2.000 gutxiago dira Euskal AEn 2004ko lehenengo hiruhilekoan



Langabezia-tasa %8,6an kokatu da, 2003ko laugarren hiruhilekoaren bi hamarren azpitik.


Eustatek zabaltzen duen Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestaren arabera, 2004ko lehenengo hiruhilekoan, Euskal AEko lan-merkatuan 897.300 landun zenbatu ziren, aurreko hiruhilekoan beste. Bestalde, langabezia-tasa aurreko hiruhilekoan estimatutako %8,8tik %8,6ra jaitsi da.


2003ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuz, biztanleria langabeak 2.000 laguneko jaitsiera izan du eta langabezia-tasak 0,2 puntukoa. Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa %54,9ra heldu da.


Gizonezkoen langabezia-tasa %7ra igo da (lau hamarren gehiago) eta emakumeena, askoz ere altuagoa izan arren (%10,9koa), ehuneko puntu bat jaitsi da. Gazteen langabezia-tasa ia bi puntu jaitsi da eta 16tik 24 urtera bitarteko bost gazte aktibotik bat baino apur bat gehiago harrapatzen du (%20,9).


2004ko lehenengo hiruhilekoko Euskal AEko langabezia-tasa Eurogunekoaren azpitik dago, bi hamarren azpitik. EUROSTAT- Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren arabera, 2004ko otsailean, langabezia-tasa %8,8ra iritsi zen gune honetan. Beste aldi batzuetan bezala, Europar Batasun guztiko tasa (%8) apur bat txikiagoa da Eurogunekoa baino.


Emakumezkoen langabeziaren jaitsierak eragin du, batez ere, langabeziaren jaitsiera


Gizonezko langabeen kolektiboak 39.300 lagun hartzen ditu, 1.800 lagun gehiago. Emakumezkoen artean, 3.800ek utzi zioten langabe izateari azken hiruhilekoan eta orain 45.500 dira langabeak. 16tik 24 urtera bitartekoen taldea nabarmen jaitsi da (-1.400) eta 25etik 44 urte bitartekoena ere bai (-1.500).


Langabezia-tasa ehuneko puntu bat jaitsi da Bizkaian, baina Araba eta Gipuzkoan zazpina hamarren gehitu dituzte


Langabe-kopurua 84.800ekoa da lehenengo hiruhilekoan. Bizkaian jaitsi egin da eta Araban eta Gipuzkoan igo. Bizkaian 47.600 lagun daude langabezian, orain dela hiru hilabete baino 5.000 gutxiago, oraindik ere bere %9,3ko langabezia-tasa hiru lurraldeetan altuena den arren. Gipuzkoan, 25.700 dira langabetuak, 2.100 lagun gehiago, eta tasa %7,9ra igo da. Arabak 800 langabe gehiago ditu, langabeziak 11.400 laguni eragiten die eta langabezia-tasa %7,8ra igo da.


Bizkaiak 7.000 landun irabazi ditu, baina Arabak 3.400 galdu ditu eta Gipuzkoak 3.500, 2004ko lehenengo hiruhilekoan


Landunen kopurua 897.300ekoa da, 2003ko laugarren hiruhilekoko zifra bera. Lurraldeka, Bizkaian bakarrik igo dira landunak, 7.000 enplegu gehiagorekin. Gipuzkoak 3.500 galdu ditu eta Araba antzera ibili da (3.400 landun gutxiago).



Zerbitzuetan 9.600 enplegu sortzeak gainerako sektoreetako galerak berdindu ditu


2003ko laugarren hiruhilekoaren aldean, lau sektore ekonomikoetatik bakarrean gehitu dira landunak, zerbitzuetan, 9.600 enplegatu gehiagorekin. Industriak 5.300 enplegu galdu ditu, Eraikuntzak 3.900 eta Nekazaritzak 400.


Euskal AEko biztanleria landunaren aldakuntzak desberdin eragin die gizonezkoei eta emakumezkoei. Emakumezkoek bilakaera ona izan dute eta aurreko hiruhilekoan baino 7.900 gehiago dira landunak. Zifra bereko jaitsiera izan dute gizonezkoek.


Okupazio-tasa, 16tik 64 urtera bitarteko biztanleen kopuruaren gainean landunek duten ehunekoa, %63,6koa da, hots, hiru hilabete lehenago baino bi ehuneko-hamarren gehiago. Tasa hori gizonezkoentzako %74,4koa da eta emakumezkoentzako, berriz, %52,8koa.


Lurralde historikoka, landunen tasarik altuena Gipuzkoakoa da, %66,4koa, sei hamarreneko jaitsierarekin. Araba du atzetik %66ko tasarekin eta ehuneko 2 puntuko jaitsierarekin. Azkenik, Bizkaikoa dugu tasarik baxuena, %61,3koa, baina berau izan da 2003ko laugarren hiruhilekoaren aldean hazkundea izan duen herrialde bakarra (ehuneko 1,2 puntu).


Hiru etxegunetatik ia bitan (%62,9), kide guztiak ari dira lanean. Hala ere, azken hiru hilabetean, 5.100ek utzi egin diote pertsona aktibo guztiak lanean izateari. Beste alde batetik, Euskal AEn zenbatutako 731.500 etxeguneetatik, kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxeguneak %2,7 dira eta proportzio hori ez da aldatu 2003ko azkeneko hiruhilekotik.


Zerbitzuen sektorean 23.900 enplegu garbi sortu ziren 2003ko lehenengo hiruhilekoaren aldean, baina gainerako sektoreetan 14.100 suntsitu ziren


Biztanleria landuna %1,1 hazi da, 2003ko lehenengo hiruhilekoaren aldean, eta 9.900 gehiago dira landunak. Okupazio-tasa ehuneko puntu bat igo da: ehuneko 2,2 puntuko igoera izan da emakumezkoentzat, eta gizonezkoentzat, aldiz, bi hamarreneko jaitsiera. Lurralde historikoka, azken hamabi hilabeteetan, Bizkaiko (1,5) eta Gipuzkoako (0,8) tasak hazi egin dira, eta Arabakoa, ostera, sei hamarren jaitsi da.


Azken urtean, Zerbitzuen sektoreak 23.900 enplegu garbi sortu ditu. Hala ere, Industriak pisua galtzen jarraitzen du eta 6.200 landun gutxiago ditu; Eraikuntzak 6.700 galdu ditu eta Nekazaritzak 1.200.


Langabezia-tasa hiru lurralde historikoetan jaitsi da azken urtebetean


Azken urtean, langabezia lau hamarren jaitsi da Euskal AEn. Sexuaren arabera, emakumezkoetan ehuneko bederatzi hamarren jaitsi da, eta gizonezkoetan, bi. Gazteen langabezia-tasa ehuneko 1,5 puntu erori da eta 45 urte eta gehiagokoen taldekoa zazpi hamarren hazi da. Jaitsiera hiru lurralde historikoetan izan da: Araban ehuneko -1,1 puntu gutxiago, Gipuzkoan -0,5 eta Bizkaian -0,2.






Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Mª José Santamaría Gallardo
Tel.: +34-945 017 533. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.as

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Landunak mantendu egin dira eta langabeak 2.000 gutxiago dira Euskal AEn 2004ko lehenengo hiruhilekoan

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
1er trimestre de 2004
Eguneratze data : 
2004/04/22
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002558_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali