2004/09/17ko prentsa-oharra

INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA: FAMILIAK 2004ko 2. hiruhilekoa



2004ko bigarren hiruhilekoan, lehen aldiz, milioi batek baino gehiagok dute ordenagailua eskura etxean



Euskal AEko 15 urte eta gehiagoko biztanleen % 34,3 Interneten erabiltzaileak dira, 2003. urtearen bukaeran baino bi ehuneko-puntu gehiago.


Ordenagailu pertsonala erabiltzeko aukera duten 15 urte eta gehiagoko biztanleak ugaritu dira, 24.300 (% 2,4) gehiago baitira. Guztizko kopurua, lehen aldiz, milioi bat baino gehiago da (1.016.300), Eustatek landutako datuen arabera. Bestalde, 2003ko 4. hiruhilekoan baino 64.100 lagun gehiagok dute Internet etxean; hau da, % 9,8 gehitu dira.


Hazkunde horiek kontuan izanik, 15 urte eta gehiagoko biztanleei dagokienez, ordenagailu pertsonalen (mahai gaineko ordenagailu pertsonalak, eramangarriak, eta PDA edo pocket PC) sartze-tasa etxeguneetan % 56,4 da, eta Interneterena, % 40. Erreferentziatzat 2003ko 2. hiruhilekoa hartuta, ordenagailu pertsonalen hazkundea, urtebetean, % 5,7koa izan da; eta Interneteko konexioena, % 14,2koa.





2003ko azken seihilekoan izan zen moteltzearen ondoren, telefono mugikorra duten etxeguneak % 2,5 hazi dira 2004. urtearen lehen erdian.


Telefono mugikorra duten etxeguneen hazkundea bizkortu egin da, 2003ko bigarren seihilekoan % 0,4koa izan baitzen, eta 2004ko lehen seihilekoan, ordea, % 2,5ekoa.


Seme-alabarik gabeko etxeguneetan bizi diren 55 eta gehiagoko pertsonek sortu dute telefono mugikorren gehikuntzaren % 85,9. Seme-alabak dituzten etxeguneetan, bestalde, sartze-tasa % 94,5 da.


Antzeko hazkundea izan da hiru lurralde historikoetan. Hala, bada, etxeguneetako 15 edo gehiagoko biztanleak kontuan izanik, Arabak du telefono mugikorren sartze-tasarik handiena (% 87,1); hurrengoa Gipuzkoa da (% 86,2), eta hirugarrena, Bizkaia (% 85,5).


Goi-mailako ikasketak dituzten biztanleek sortu dute Internetek etxeguneetan izan duen hazkundearen % 61,3.


Goi-mailako ikasketak dituzten 15 eta gehiagokoen artean, hirutik bik Internet dute etxean, 2003ko 4. hiruhilekoan % 19,4 gehiago. Lehen mailako edo bigarren mailako ikasketak dituztenen artean, hazkundea % 5 ingurukoa izan zen. Bilakaeren erritmoetan alde hori dagoenez, goi-mailako ikasketak eta lehen mailako ikasketak dituztenen arteko arraila bost ehuneko-puntu baino gehiago zabaldu da.


Bizkaiko etxeguneetan zein Arabakoetan, batez ere, Internetek izan duen hazkundea dela kausa, lurralde historikoen artekoa aldeak nabarmen murriztu ditu azken sei hilabeteetan. Hala ere, Gipuzkoak du, oraindik ere, tasarik handiena (% 41,2), Araba da hurrengoa (% 40,6), eta Bizkaiko tasa ez da oso bestelakoa (% 39,1).


Interneten erabiltzaile-kopurua % 6,2 gehitu zen, 2003ko 4 hiruhilekoaren aldean


2004ko 2. hiruhilekoan, Interneten sartu diren erabiltzaileak (15 urte edo gehiagokoak) 618.400 izan dira guztira, Euskal AEko biztanleen % 34,3 adin-talde horretan.


2004ko lehen seihilekoan, Interneten erabiltzaileak 36.300 gehitu dira, eta, beraz, hazkundearen ehunekoa 2003ko azken seihilekoan izan zena (% 2) baino hiru aldiz handiagoa izan da. Interneten hamar erabiltzaile berritik, bederatzik unibertsitate-mailako ikasketak dituzte, eta ia hirutik bi (% 63,1) emakumezkoak dira. Generoen arteko aldea 7,5 ehuneko-puntutik 6,8ra murriztu da.


Bilakaerari lurraldeka begiraturik, Araban eta Bizkaian nabarmen gehiago gehitu dira erabiltzaileak, Gipuzkoan baino, etxeguneetan Interneteko konexioek azken seihilekoan izandako gehikuntzan gertatu den bezala. Araban, 3,5 ehuneko-puntukoa izan da hazkundea, eta erabiltzaileen tasa % 35,9ra iritsi da; Bizkaian, 2,3 hazi da, eta tasa % 33,2koa izan da; eta Gipuzkoan, 1,2 ehuneko-puntu baino ez da gehitu, eta tasa % 35,5ekoa da.


Interneteko sarbideak etxeguneetan % 15,4 gehitu dira.


Etxeguneetan hazi dira gehien sarbideak (% 15,4), atzetik datoz ikastetxeak (% 8,6), lantokiak (% 8,5), eta beste batzuk, hala nola liburutegiak, ziberkafetegiak, KZ-GUNEAk..., (% 7,7) sarean sartzeko tokitzat. Hiru erabiltzailetik, bi baino gehiago (% 73,3) etxetik sartzen dira Interneten, % 44 lantokitik, % 19,2 ikastetxetik, eta % 12,5, beste batzuetatik.


Ia 100.000 lagunek euskara erabiltzen dute Interneten nabigatzeko


Euskarazko webguneetan nabigatzen direnen kopurua % 34,4 hazi zen azken seihilekoan, eta 98.000 dira guztira.


Talde horretan, % 71,1ek 35 urte baino gutxiago dituzte; % 50,8k lan egiten dute, eta % 41,4k ikasten dute; % 51,4k goi-mailako ikasketak dituzte, eta % 46,9k, bigarren mailakoak. Haietarik, % 44,1 Bizkaian bizi dira. Ehuneko hori lurralde horretan diren euskaldunen proportzioa (autonomia-erkidego osoaren aldean) baino apur bat handiagoa da, 2001eko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan % 41,7 baitziren euskaldunak, 2 urte eta gehiagokoen artean. % 43 Gipuzkoan bizi dira. Lurralde horrek Euskal AEko euskaldunen % 51,4 ditu zentsatuta.


24.500 erabiltzaile gehiagok erosi dute Interneten bidez 2004ko lehen seihilekoan


Azken hiru hilabetean Internetez erosketaren bat egin duten Interneten erabiltzaileen zifra % 39,8 hazi da. Hartara, 2003ko 4. hiruhilekoan 61.600 izan ziren; eta 2004ko 2. hiruhilekoan, ordea, 86.100. Azken datu horren arabera, 2003ko hiruhileko berean baino 4.200 gehiagok erosi zuten interneten, eta urte arteko hazkundea % 5,1ekoa da. Bilakaerari begiratuta, bigarren hiruhileko hazkundeetan urtaroko osagaia dagoela atzematen da. Ziur aski, Eguberrietako erosketei loturik dago, batetik, eta, bestetik, bidaiak kontratatzeari, urteko lehen seihilekoan kontratatu ohi baita.


Erosketa elektronikoen produktu eta zerbitzu ohikoenei dagokienez, honako hauek nabarmen daitezke: Interneteko hiru erosletik batek oporretarako bidaia edo ostatua kontratatu zuten (% 33,6); % 11,8k liburuak eta aldizkariak erosi zituzten; % 10,9k, musika edo musika-tresnak; % 7,9k, softwarea, eta % 6,5ek, informatikako ekipamendua.


Gipuzkoako bost erabiltzailetik batek egin du erosketaren bat Interneten bidez, baina Arabako edo Bizkaiko zortzi erabiltzailetik batek baino ez du erosi noizbait era horretan.


Gipuzkoan bizi diren Interneten erabiltzaileen artean, % 19k egin du erosketaren bat sarean azken hiru hilabetean, baina ehuneko hori txikiagoa da Araban (% 12,6) nahiz Bizkaian (% 11,1).







Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Jesús Rodríguez Marcos
Tel.: +34-945 017 531. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2004ko bigarren hiruhilekoan, lehen aldiz, milioi batek baino gehiagok dute ordenagailua eskura etxean

Eragiketa : 
Informazioaren gizartearen inkesta. Familiak
Eragiketa kodea : 
220122
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
ENCUESTA SOBRE LA SOCIEDAD DE LA INFORMACIÓN-FAMILIAS 2º trimestre de 2004
Eguneratze data : 
2004/09/17
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002654_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali