2005/01/20ko prentsa-oharra

ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA (ETHI) 2004KO ABENDUA



Bidaiarien sarrerak % 8 eta gaualdiak % 6 gehitu dira 2004ko abenduan



2004. urte osoan, sarrerak % 10 eta gaualdiak % 11 gehiago izan dira, 2003. urtean baino.



Euskal AEko ostalaritza-establezimenduetan, 2004ko abenduan, bidaiarien sarrerak 115.769 izan dira, Eustatek landutako datuen arabera. Kopuru horien arabera, gehikuntza % 8koa izan da aurreko urteko hil beraren aldean; hau da, 9.000 sarrera gehiago izan dira. Bizkaian, bidaiarien sarrerek bilakaera positiboa izan dute, % 22 igo baitira; Gipuzkoan, aldiz, bere horretan jarraitu dute (% 0,0), eta Araban % 4 egin dute behera.


Estatuko bidaiarien sarrerak % 13 gehitu dira Euskal AE osoan, eta atzerriko bidaiarien sarrerek % 7 egin dute behera. Estatuko bidaiarien sarrerak igo egin dira Bizkaian (% 24) zein Gipuzkoan (% 9), baina atzerrikoen sarrerak Bizkaian baino ez dira gehitu (% 17), eta Araban eta Gipuzkoan jaitsi egin dira, % 14 eta % 24%, hurrenez hurren.


Estatuko bidaiariei dagokienez, igoera ia autonomia-erkidego guztietakoen artean gertatu da, batez ere Madriletik, Kataluniatik, Andaluziatik eta Gaztela eta Leondik datozenen artean, besteak beste. Valentziako Erkidegotik, Murtziatik, eta Ceuta eta Melillatik etorritakoak gutxiago izan dira. Atzerriko bidaiarien artean, Alemaniakoak, Frantziakoak, Portugalgoak eta AEB-Kanadetakoak gehitu egin dira, baina Italiakoak, Erresuma Batukoak eta Herbeheretakoak, batik bat, murriztu egin dira.


Gaualdiak, 2004ko abenduan, 206.172 izan dira, aurreko urteko abenduan baino % 6 gehiago, hots, ia 13.000 gaualdi gehiago. Lurraldeka, bidaiarien sarrerek izanikoaren antzeko bilakaera izan dute gaualdiek; hartara, % 16 gehitu dira Bizkaian, Gipuzkoan bere horretan jarraitu dute (% 0,0), eta Araban jaitsi egin dira (% -3).


Batez besteko egonaldiaren iraupena murriztu egin da; hala, bada, aurreko urtean 1,81 egunekoa izan zen, eta 2004ko abenduan, 1,78 egunekoa, Euskal AE osoari dagokionez. Hala ere, indize horrek apur bat hobera egin du Araban eta Gipuzkoan, % 1 bietan. Bizkaian, baina, jaitsi egin da (% -5).


Euskal AE osoari begira, plazen eta gelen betetze-maila handitu egin da, Bizkaian izan diren emaitzei esker, Araban eta Gipuzkoan betetze-mailak behera egin baitu, bai plazetan bai geletan.


Ostalaritza-establezimenduen balantzea 2004. urtean: Batez besteko egonaldiaren zein plazen betetze-mailaren zifrek gora egin dute aurreko urtearen aldean.


2004. urteko balantzea Euskal AEko ostalaritza-establezimenduetan igoerekin itxi da, bidaiarien sarrerei (% 10) zein gaualdiei (% 11) dagokienez. Bi adierazle horien bilakaera positiboa Euskal AEko hiru lurraldeetan gertatu da, baina ez da hein berekoa izan hiruretan, Eustatek landutako datuen arabera.


Bidaiarien sarrerak 1.750.434 izan dira 2004. urtean, hau da, aurreko urtean baino 165.000 gehiago. Hirugarren urtez jarraian, beraz, milioi eta erdiko kopurua gainditu da Euskal AEko ostalaritza-establezimenduetan ostatatu diren bisitariei dagokienez. Bidaiari-sarrerak % 19 gehitu dira Bizkaian, % 5 Gipuzkoan, eta % 4 Araban.


Gaualdiak, 2004. urtean, 3.289.658 izan dira, hots, aurreko urtean baino 326.000 gaualdi gehiago. Gaualdiek ere bilakaera positiboa izan dute hiru lurraldeetan: Bizkaian (% 19), Gipuzkoan (% 8) zein Araban (% 2).


Batez besteko egonaldiaren iraupena 1,87 egunekoa izan zen aurreko urtean, eta 2004an, ordea, 1,88 egunekoa. Plazen betetze-mailak bi ehuneko-puntutan egin du gora, Euskal AE osoa kontuan harturik; hala, 2003an % 44,2 izan zen, eta 2004an, ostera, % 46,9. Indize hori hiru lurraldeetan hobetu da, baina ez neurri berean.






Landa-turismoa: Bidaiarien sarrerak gutxitu egin dira abenduan (% -8), baina gaualdiak gehitu egin dira (% 12).


Abenduan bidaiarien sarrerak 6.538 izan dira Euskal AEko landa-turismoko establezimenduetan, aurreko urteko hil berean baino % 8 gutxiago.


Euskal AEko landa-turismoko establezimenduetan egindako gaualdiak 19.319 izan dira abenduan, aurreko urteko hil berean baino % 12 gehiago. Urte arteko hazkunde-tasak positiboak izan dira Bizkaian (% 17), Gipuzkoan (% 10) zein Araban (% 9).


Euskal AE osoa kontuan harturik, bidaiari bakoitzaren batez besteko egonaldia asko handitu da, % 21, hain zuzen. Bestalde, plazen betetze-maila apur bat igo da (% 1), baina gelen betetze-mailak behera egin du (% -2).



Landa-turismoaren balantzea 2004. urtean: bidaiarien sarrerak % 4 eta gaualdiak % 16 gehitu dira.



Landa-turismoko establezimenduetan, Euskal AE osoan, bidaiarien sarrerak 88.076 izan dira 2004. urtean zehar, hots, aurreko urtean baino % 4 gehiago. Gaualdiak, bestalde, 261.906 izan ziren, 2003an baino % 16 gehiago, alegia.


Lurraldeka, guztietan ere bidaiarien sarrerak nahiz gaualdiak gehitu dira, baina ez neurri berean hiruretan.


Bidaiari bakoitzaren batez besteko egonaldia 2,66 egunekoa zen 2003an, eta 2004an, berriz, 2,97ra igo da. Betetze-mailak 2004. urtean %8 egin du gora, 2003ko mailaren aldean, eta hiru lurraldeetan izan da positiboa.








Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Nerea Linaza Diarce
Tel.: +34-945 017 533. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-Bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx
 

Top

3. taula: Hileko emaitzak

Iturria: EUSTAT

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Bidaiarien sarrerak % 8 eta gaualdiak % 6 gehitu dira 2004ko abenduan

Eragiketa : 
Establezimendu turistiko hartzaileen inkesta
Eragiketa kodea : 
132680
Periodikotasuna : 
Hilekoa
Denbora arloa : 
DICIEMBRE DE 2004
Eguneratze data : 
2005/01/20
Hurrengo eguneratzea : 
2019/11/21
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002898_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali