2005/01/21eko prentsa-oharra

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA) 2004ko 4. hiruhilekoa


Langabezia-tasa % 7ra jaitsi da eta lau mila landun gehitu dira Euskal AEn


Langabezia-tasa ia bi ehuneko-puntu txikiagoa da 25en Europar Batasuneko eta Euroguneko batez bestekoa baino, 2004ko laugarren hiruhilekoan.



Euskal AEn 2004ko laugarren hiruhilekoan 912.500 landun izanik itxi da 2004. urtea; hau da, aurreko hiruhilekoan baino % 0,5 landun gehiagorekin, Eustatek landutako datuen arabera. Beste alde batetik, langabezia-tasa % 7ra jaitsi da, eta 1985az geroztik izan dugun apalena da. Datu horiek sendotu egin dute enpleguak urte osoan izan duen hazkunde-joera, bai eta langabeak gutxitzeko joera ere.


2004ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, langabeak 5.700 gutxiago dira, eta langabezia-tasak 0,6 ehuneko-puntu egin du behera. Biztanleria landunak eta langabeak izandako bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 55ekoa da.


Emakumeen langabezia-tasa, % 8tik behera


Emakumezkoen langabezia-tasa % 7,8 da, alegia, 1,5 ehuneko-puntu gutxitu da; gizonezkoen tasa, bestalde, ia ez da aldatu (% 6,4). Gazteen langabezia-tasa 3,3 ehuneko-puntu murriztu da, eta 16tik 24 urtera bitarteko bost gazte aktibotik bi barne hartzen ditu ia (% 18,9).


Euskal AEko langabezia-tasa, 2004ko laugarren hiruhilekoan, ia bi ehuneko-puntu apalagoa da Euroguneko herrialdeetakoa baino. EUROSTATek (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa) emandako datuen arabera, Eurogunean, 2004ko azaroan, % 8,9koa zen oraindik langabezia-tasa. Europar Batasun osoko tasa —25 herrialdeetakoa— Eurogunekoaren berdina da.


Hiru lurraldeetan egin du behera langabezia-tasak


Emakume langabeak 6.300 gutxiago dira, 32.900 guztira. Lehen aldiz, 1985az geroztik, gizonezko langabeak (35.700) baino gutxiago dira. Halaber, 16tik 24 urtera bitartekoen taldea nabarmendu da, hor 4.300 langabe gutxiago baitaude.


Langabeak laugarren hiruhileko horretan 68.600 zirela zenbatu da, eta hiru lurraldeetan gutxitu dira. Bizkaian, 39.500 dira langabeak, hiru hilabete lehenago baino 2.800 gutxiago; hala ere, Bizkaiko tasa, % 7,7koa, hiru lurraldeetakoetatik altuena da. Araban, 7.300 langabe dago; hau da, ia aurreko hiruhilekoan zegoen kopuru bera. Langabezia-tasari dagokionez, % 5 da, hiru herrialdeetakoetatik apalena. Gipuzkoan, 2.700 langabe gutxiago izaki, langabezia-tasa % 6,7koa da, eta guztira 21.700 langabe dira.



Biztanleria landuna gehienezko kopuru berrira iritsi da, baina Bizkaian baino ez da enplegu garbia sortu


Landunak 912.500 dira, duela hiru hilabete baino 4.300 gehiago. Lurraldeka, Bizkaian sortu da enplegu garbi guztia, 7.800 enplegu gehiago baitaude; Gipuzkoan, berriz, 3.200 landun galdu dira, eta, azkenik, Araban 300 landun gutxiago daude. Generoari dagokionez, emakumezkoen artean baino ez da hobera egin; izan ere, 8.200 emakume landun gehiago daude aurreko hiruhilekoan baino; gizonezkoen artean, ostera, 4.000 landun gutxiago daude.



Okupazioa zerbitzu-sektorean eta eraikuntzan gehitu da.


2004. urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, nabarmendu behar da okupazioa gehitu dela zerbitzu-sektorean (4.700 enplegatu gehiago) eta eraikuntzan (3.200 gehiago). Nekazaritzan eta arrantzan 1.900 enplegu galdu dira, eta industrian, 1.700.


Okupazio-tasa (16tik 64 urtera bitarteko biztanleen kopuruaren gainean landunek duten ehunekoa) % 64,8koa da, hots, hiru hilabete lehenago baino lau ehuneko-hamarren gehiago, eta Lisboako Goi-bileran 2005erako ipinitako helburutik 2,2 puntura. Tasa hori % 74,5ekoa da gizonezkoentzat, eta emakumezkoentzat, berriz, % 55ekoa besterik ez.


Lurraldeka, enplegu-tasarik garaiena Arabak du orain ere, % 67,2koa, bi puntu-hamarren jaitsita. Gipuzkoa dator atzetik, % 66,9ko tasarekin, sei hamarren jaitsita. Bizkaian da tasarik apalena, % 62,9, baina lurralde horretan baino ez du gora egin (ehuneko-puntu bat baino apur bat gehiago) 2004ko hirugarren hiruhilekoaren aldean.


Kalkulatu da Euskal AEn 2004ko azken hiruhilekoan 739.700 etxegune zeudela, eta, haietatik, heren batean ez dago pertsona aktibo bat ere. Pertsona aktibo guztiak langabeak diren etxeguneak 14.800 dira (etxeguneen % 2 inguru), aurreko hiruhilekoan baino 1.600 pertsona gutxiago. Azkenik, pertsona aktibo guztiak landunak diren etxeguneak % 64 baino apur bat gehiago dira, duela hiru hilabete baino 9.500 gehiago.


Emakumezkoen artean, Bizkaian eta zerbitzu-sektorean biltzen dira azken urtean sorturiko 15.000 enplegu garbietarik gehienak


Azken hamabi hilabeteetan, 15.200 pertsonatan gehitu da biztanleria landuna, % 1,7 gehiago. Emakumezkoen okupazio-tasak, ehunekotan, 3,3 puntu egin du gora; gizonezkoena, aldiz, sei puntu-hamarren jaitsi da. Lurraldeka, Bizkaian tasa handitu egin da (2,7 ehuneko-puntu; Araban, aldiz, zortzi hamarren egin du behera, eta Gipuzkoakoa ez da aldatu, 2003ko laugarren hiruhilekoan zuenarekin konparaturik.


Azken urtean, zerbitzuen sektorean 17.200 enplegu garbi sortu dira, eta eraikuntzan, 5.300. Hala ere, industriak (1.500 landun gutxiago) eta nekazaritzak (-5.800) pisua galtzen jarraitu dute. Aldi horretan, okupazio-tasak, ehunekotan, 1,4 ehuneko-puntu egin du gora.


Azken urtean, Euskal AEko langabezia-tasa ia bi puntu jaitsi da.


Azken urtean, langabezia-tasa ia bi ehuneko-puntu gutxitu da (% 8,8tik % 7ra), eta gutxitze hori 18.200 pertsonari dagokie, Euskal AEn. Aztertu diren talde guztietan gertatu da gutxitzea. Emakumezkoetan (-16.400) eta 25etik 44 urtera bitartekoetan (-12.700) izan diren jaitsierak nabarmentzen dira, eta, lurraldeen artean, Bizkaiko jaitsiera da aipatzekoa, 13.100 langabe gutxiago baitaude.





Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Mª José Santamaría Gallardo
Tel.: +34-945 017 533. Faxa: +34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.asp

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Langabezia-tasa % 7ra jaitsi da eta lau mila landun gehitu dira Euskal AEn

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
4º trimestre de 2004
Eguneratze data : 
2005/01/21
Hurrengo eguneratzea : 
2019/10/18
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002899_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali