2005/03/17ko prentsa-oharra

IRAKASKUNTZAREN ESTATISTIKA 2003/2004 ikasturtea



Euskal AEko ikasle-kopuruak gora egin zuen, ia hogei urtean behera egin ondoren



Haur Hezkuntzan izan zen ikasle-gehikuntzarik esanguratsuena, 2001etik izandako biztanleriaren gorakadak eraginda.


Euskal AEn 2003/04 ikasturtean araubide orokorreko zein bereziko ikasketaren bat egin zuten ikasleak 430.202 izan ziren, hau da, aurreko ikasturtean baino %1 gehiago, Eustaten datuen arabera. Unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko ikasketetan (Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan) igarri zen gehien igoera hori eta lurralde guztietan gertatu zen, Gipuzkoan (%2,8%) bereziki.

Titulartasunari begiratuta, irakaskuntza guztiko ikasleen %60 sare publikoan ikasten ari zen. Gainera, zentro publikoetako matrikulazioa %1,6 igo zen eta entitate pribatuetakoa %0,1 jaitsi.



Araubide orokorreko irakaskuntzetan arte eta lanbide, hizkuntza, musika, dantza eta kirol arloko ikasketak egiten dira eta horietan ere %4,1 gehitu ziren matrikulatuak. Irakaskuntza horiek 32.315 ikasle zituzten eta irakaskuntza guztiko %7,5 hartu zuten, unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzek %75 hartu zuten eta unibertsitateko ikasketek %17.


Araubide orokorreko irakaskuntzen barruan, bigarren hezkuntzako ikasleak (DBH, batxilergoa eta formazio zikloak) gutxitu egin ziren (%-3,2), baina Haur eta Lehen Hezkuntzan hazkunde esanguratsuak izan ziren: Haur Hezkuntzan %7,5 igo ziren eta Lehen Hezkuntzan %0,7. Titulartasunari erreparatuta, azpimarragarria da Haur Hezkuntzan zentro pribatuetan izan zen igoera (%11,1), publikoetan izandakoarekin alderatuta (%3,9).

Euskal AEko haurrak gero eta goizago eskolatzen dira


Bi urteko umeen %84 eskolatuta zegoen. Adin txikiagoetan ere (0-1 urte) eragin bera ageri da, neurri txikiagoan bada ere. 0 eta 2 urte arteko biztanleriaren %34 Euskal AEko ikastetxeetan matrikulatuta zegoen.


Derrigorrezko Hezkuntza (DBH) egin ondoren ikasleek egin zituzten aukeren artean nabarmentzekoa da 16 eta 17 urte artekoen %64,5ek Batxilergoa eta %5ek Erdi Mailako Lanbide Heziketa aukeratu izana. Goi-mailako ikasketei dagokienez, 18 eta 24 urte arteko biztanleriaren %30,5ek unibertsitateko karreraren bat egitea erabaki zuen, %9,1ek goi mailako lanbide-moduluren bat. Sexuak ere badu garrantzirik aukeratzerakoan; izan ere, emakumezko gehiago zebilen batxilergoa eta unibertsitateko ikasketak egiten, lanbide-heziketa baino.


Eskolatze-tasak beste herrialdeekin alderatuta, Euskal AEko 15-19 adin-tartean %85eko tasa lortu zen, ELGEko (%79,4) herrialdeetako batez bestekoaren gainetik, eta Finlandia (%85), Suedia (%86,2) eta Holandaren (%86,5) parean.


DBHko 4. mailako ikasleen %82,4k kurtsoa gainditu zuten


2003-04 ikasturtean, Lehen Hezkuntzan, ikasleen %96,2k ikasturtea gainditu zuten; DBHn, %83,5ek; Batxilergoan, %79,7k; eta prestakuntza-zikloetan, %84k. Sexua kontuan hartuta, emakumezkoek gehiago gainditzen dute gizonezkoek baino. Lehen Hezkuntzan aldeak nabariak ez diren arren, beste maila batzuetan nabarmendu egiten dira. DBHn, gizonezkoen %80k eta emakumezkoen %87k gainditu zuten; Batxilergoan, gizonezkoen %72k eta emakumezkoen %89k; eta prestakuntza-zikloetan, gizonezkoen %80k eta emakumezkoen %91k. Titulartasunari erreparatuta, oro har, ikastetxe pribatuetan ikasle gehiagok gainditu zuten. Batez ere bigarren hezkuntzan nabari zen dibergentzia, lehen hezkuntzan gainditutakoen proportzioa oso antzekoa baitzen.


Euskal AEn unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak ematen zituzten 882 ikastetxe zeuden. %60 sare publikokoak ziren eta %40 pribatukoak, horietako gehienak kontzertatuak. Unibertsitateko ikasketak ematen zituzten 56 zentro zenbatu ziren, horien artean fakultateak, goi-mailako eskola teknikoak, unibertsitate-eskolak eta bestelako entitateak. Zentro horien %63 publikoak ziren. Azkenik, 121 ziren araubide bereziko ikasketak ematen zituzten zentroak eta horietatik %84 musika ikastegiak ziren.


2003/04 ikasturtean, 74.557 ikasle matrikulatu ziren unibertsitatean


Unibertsitate-hezkuntzan aurreko ikasturtean baino %2,7 matrikulatu gutxiago izan ziren eta beraz, orain 6 urte hasitako beherakadak jarraitu egin zuen. Dena dela, kontuan izan behar da unibertsitatean matrikulaturiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen proportzioa aurreko urtearen antzekoa dela (%21,6). 18 urtetik 21erako eta 22tik 25era bitarteko adin-tarteen tasa garbiak alderatzerakoan, garbi ikusten da lehen tartean proportzio handiagoa ari zela ikasten (36,0) bigarrenean baino (%21,6). Ikasketa-motari dagokionez, igo egin zen matrikulazioa diplomatura ofizialetan, eta arkitekto edo ingeniari teknikoetan (%0,9). Bi zikloko ikasketetan, berriz, jaitsi egin zen matrikulazioa (6,6) aurreko urtearen aldean, Euskal AEko lurralde guztietan. Doktoratutzako ikastaroetako matrikulak (%8,6) ere gehitu egin ziren.



Titulartasunari erreparatuta, ikastetxe pribatuetan jaitsiera izan zen ziklo luzeko zein laburreko karreretan, baina publikoetan, aldiz, lizentziaturetan, arkitekturan eta ingeniaritzetan besterik ez zen jaitsi.



Unibertsitateko ikasleen %60 ziklo luzeko karrerak ikasten ari zen, eta lizentziatura hauek izan ziren ikasle gehien erakarri zituztenak: Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea, Industria Ingeniaritza, Psikologia, Informatika Ingeniaritza, Ekonomia Zientziak eta Arte Ederrak. Ziklo laburreko karreren artean, aldiz, ikasle gehienekoak izan ziren Enpresa Ikasketak, ingeniaritzak (mekanika, industria-elektronika eta kudeaketa-informatika), Haur Hezkuntzako Irakasletzakoak eta Gizarte Hezkuntza.



Unibertsitate-ikasketak egiten zituztenen artean, gehiago ziren emakumezkoak (%55) gizonezkoak baino, Europan gertatzen den bezalaxe.



Oinarrizko Hezkuntzan, D ereduan egin ziren Haur Hezkuntzako matrikulen %62,4 eta Lehen Hezkuntzakoen %53,7


Unibertsitatearen aurretiko mailetan —Helduen Hezkuntza Iraunkorra alde batera utzita—, hizkuntza-ereduaren arabera, honela zeuden banatuta ikasleak 2003/04 ikasturtean: %28,5 A ereduan (euskara ikasgaitzat), %22,5 B ereduan (elebiduna) eta %48,3 D ereduan (euskaraz).


Haur Hezkuntzan, ikasleen %62,4k D ereduan egin zituen ikasketak; %28,7k B ereduan; eta % 9,3k baino ez A ereduan. Lehen Hezkuntzan ere, D eredua hartu zuten gehienek, ikasleen %53,7k; B eredua izan zen bigarren, %30,0rekin; eta A eredua hirugarren, %15,5ekin. DBHn zein Batxilergoan euskaraz ikasi zuten ikasleen proportzioa %40tik gorakoa izan zen, Lanbide Heziketan, ostera, %13,9 izan ziren D ereduan ikasi zutenak. Dena dela, oro har, joera D ereduko matrikulak gehitzekoa da maila guztietan, aurreko ikasturtearen aldean.






Gure autonomia-erkidegoko landunen %5,5ek hezkuntza-sektorean lan egin zuten


Euskal AEko hezkuntza-sisteman, 2003/04 ikasturtean, 49.126 pertsonak lan egin zuten, hau da, biztanle landunen %5,5ek. Langile horien artetik, batzuk irakasleak ziren (35.601 pertsona, horietatik %64 emakumezkoak), eta beste batzuk ez (13.525 pertsona). Unibertsitatean aritu ziren irakasleen %14,7.





Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 01 75 00 Faxa: +34-945 01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Maite Ugarte Barcina
Tel.: 46-945 01 75 47. Faxa: +34-945 01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-Bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko ikasle-kopuruak gora egin zuen, ia hogei urtean behera egin ondoren

Eragiketa : 
Eskola-jardueraren estatistika
Eragiketa kodea : 
040601
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
ESTADISTICA DE LA ENSEÑANZA Curso 2003/04
Eguneratze data : 
2005/03/17
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0002952_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali