2006/01/20ko prentsa-oharra

BIZTANLERIAREN INKESTA, JARDUERAREN ARABERA, 2005eko 4. hiruhilekoa


2005eko laugarren hiruhilekoan, okupatutako biztanle-kopurua gehitu da eta langabezia-tasa apur bat murriztu da EAEn


Langabezia-tasa 25en EB-ko eta euro-eremuko batezbestekoa baino 3,4 puntu txikiagoa da.


Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuko 2005eko laugarren hiruhileko datuen arabera 951.500 pertsona okupatu daude, hau da, orain hiru hilabete baino 4.200 gehiago, %+0,4 Eustaten datuen arabera. Bestetik, langabezia-tasan ez da ia aldaketarik egon aurreko hiruhilekotik. %4,9an geratu da, 300 langabetu gutxiagorekin.


2005eko hirugarren hiruhilekoari dagokionez, okupatutako eta langabetutako biztanleriaren bilakaerak ikusita, aktibotasun-tasa %0,2 puntu igo da eta %54,9an jarri da 2005eko laugarren hiruhilekoan.


Gazteen arteko langabezia-tasa ehuneko 1,1 puntu igo da


Emakumezkoen langabezia-tasa %5,7 jaitsi da (ehuneko bi hamarren gutxiago), eta gizonezkoena hamarren bat igo da. Gazteen langabezia-tasa 1,1 puntu igo da; horrenbestez, 16-24 urte bitarteko 8.100 gazte aktibo inguru langabezian gelditu dira (%11,4).


Langabezian dauden emakumeen kolektiboan (24.000 pertsonak osatutakoa) 500 emakume gutxiago dago. Gizonen artean, berriz, azken hiruhilekoan 200 gehiago geratu dira langabezian; orain 25.100 daude langabezian. Langabeziak 45 urteko eta hortik gorako pertsonen taldean behera egin du: 2.000 langabetu gutxiago dago.


Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia-tasa, 2005eko laugarren hiruhilekoan, euroaren eremuko herrialdeetakoa baino ehuneko 3,4 txikiagoa da. EUROSTATen arabera (Europako Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2005eko azaroan, eremu geografiko hartan, langabezia-tasa egonkorra zen, %8,3koa. Europako Batasuneko tasa %8,5ekoa zen, 25 estatuak kontuan izanik.


Araba eta Bizkaiko langabezia-tasak igo dira; Gipuzkoakoa jaitsi egin da


Langabetu-kopurua laugarren hiruhileko honetan 49.100 dela uste da, hau da, orain dela hiru hilabete baino 300 pertsona gutxiago. Lan bila ari diren, bilaketako kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lanerako prest dauden pertsonak jotzen dira langabetutzat. Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoan, 10.700 langabetu daude; 800 pertsona gutxiago beraz. Tasa %3,2raino jaitsi da. Araban, berriz, 3.700 langabetu daude, orain direla hiru hilabete baino 200 gehiago; tasa %2,5ekoa da beraz. Bizkaian, orain dela hiru hilabete baino 300 pertsona gehiago daude langabeturik, hiru lurralde hauetan tasarik txarrenarekin (%6,7).


Emakumeak lan sorrera garbian sartzen dira 2005eko laugarren hiruhilekoan


Euskal Autonomia Erkidegoan 951.500 okupatu daude, duela hiru hilabete baino 4.200 gehiago. Hiru lurraldeotatik bitan okupazioa gehitu da: Gipuzkoan, 3.400 lanpostu garbi gehiago daude, eta Araban, 700 gehiago. Aitzitik, Bizkaian 100 lanpostu galdu dira. Generoari dagokionez, hobekuntzak emakumeengan bakarrik izan du eragina. Aurreko hiruhilekoan baino 6.400 okupatu gehiago egon dira. Gizonezkoen artean, ostera, 2.300 okupatu gutxiago dago.



Okupazioa batez ere eraikuntzaren sektorean eman da, 4.000 okupatu gehiagorekin.


2005eko hirugarren hiruhilekoan, eraikuntzako okupatu kopurua nabarmendu behar da (4.000 pertsona gehiago lanean). Zerbitzuen sektorean 500 gehiago eta nekazaritzan 400 gehiago hasi dira lanean. Industriak lanpostuak galdu ditu berriro ere (900).


Okupazio-tasa (hau da, 16 eta 64 urte arteko pertsona-kopuru osoaren aldean okupatuta dauden pertsonen ehunekoa) %66,1 da, duela hiru hilabete baino 0,3 puntu gehiagokoa alegia. Tasa hau, gizonezkoetan, %76 da, eta emakumezkoentzat, berriz, %56,1 baino ez.


Lurralde historikoen arabera, okupazio-tasarik handiena Gipuzkoakoa da (%70) eta ehunekotan puntu batean gora egin du. Gero Araba dator, %69,1arekin eta 0,4 puntuko igoerarekin. Bizkaiak du tasarik txikiena, %63arekin, 2005eko hirugarren hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago.


2005eko laugarren hiruhilekoan zenbatesten da gutxi gorabehera Euskal Autonomia Erkidegoko 776.800 etxetan bizi diren pertsonen ia herenak ez direla aktiboak. 11.300 etxetan, berriz, pertsona aktibo guztiak daude langabezian (guztien %1,5), hau da, aurreko hiruhilekoan baino 600 gehiago.


Azken urtean zerbitzuen sektoreak 25.100 lanpostu garbi sortu ditu


Biztanleria okupatuak gora egin du azken hamabi hilabeteetan; 12.900 pertsona gehiago dira, hau da, %1,4 gehiago. Gizonezkoen okupazio-tasan 1,3 puntuko igoera eman da, eta emakumezkoen artean, ehuneko bederatzi hamarrenekoa. Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoako tasa eta Arabakoa igo dira (2,9 puntu eta 1,6 puntu, hurrenez hurren); Bizkaian, berriz, okupazio-tasa bi hamarren jaitsi da, 2004ko laugarren hiruhilekoaren aldean.


Azken urtean, zerbitzuen sektorean 25.100 lanpostu garbi sortu dira. Aitzitik, industriak, lehen sektoreak eta eraikuntzak pisua galtzen jarraitzen dute.


Langabezia-tasa ehuneko 2,1 puntu jaitsi da azken urtean Euskal Autonomia Erkidegoan


Langabezia-tasa %2,1 jaitsi da azken urtean (%7tik %4,9ra). Beraz, 21.600 pertsona hasi dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoan urtean zehar. Hiru lurraldeetan langabezia-tasa murriztu da 2005. urtean. Gipuzkoan eta Araban batezbestekoaren gainetik murriztu da (ehuneko 3,5 puntu gutxiago eta ehuneko 2,6 puntu gutxiago, batez bestez); Bizkaian, berriz, ehuneko 1,1ean soilik murriztu da.








Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Mª José Santamaría Gallardo
Tel:+34-945-01 75 33 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2005eko laugarren hiruhilekoan, okupatutako biztanle-kopurua gehitu da eta langabezia-tasa apur bat murriztu da EAEn

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
4º trimestre de 2005
Eguneratze data : 
2006/01/20
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0003294_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali