2005/11/10eko prentsa-oharra

UNIBERTSITATE-ESTATISTIKA 2004/05 ikasturtea



Euskal AEko unibertsitateetako ikasleak gutxitu egin ziren zortzigarren urtez jarraian


Gora egin zuen, ostera, unibertsitatera sartu ziren 18 eta 25 urte arteko gazteen proportzioak


Eustaten datuen arabera, Euskal AEko unibertsitateetan 72.394 ikasle matrikulatu ziren 2004-05 ikasturtean, hau da, aurreko ikasturtean baino %2,9 gutxiago. Horietatik 12.309 ikasle lehenengo aldiz joan ziren unibertsitatera.


Azken bosturtekoan unibertsitateko ikasleak %12,4 murriztu ziren, baina apur bat gehitu zen unibertsitatera sartu ziren 18 eta 25 urte arteko gazteen proportzioa eta %35 ingurura iritsi zen.


Unibertsitatean emakumezkoak gehiago izan ziren gizonezkoak baino, %54 hain zuzen ere, Europar Batasuneko jarrerarekin bat eginez.


Titulartasunari dagokionez, ikasleen %78 sektore publikoan matrikulatu zen eta Euskal Herriko Unibertsitatea nabarmendu zen. Sektore pribatuan, Deustuko Unibertsitateak jaso zituen sarrera gehien. Lurralde-banaketari dagokionez, matrikulatutako guztien %56 Bizkaian ikasten aritu zen, %30 Gipuzkoan eta azkenik, %14 Araban.




Ikasketa-motari helduta, lizentziaturetan 31.705 ikasle matrikulatu ziren, ikasle guztien %45. Diplomaturetan %22 matrikulatu ziren, arkitektura eta ingeniaritza teknikoetan %18 eta arkitektura eta ingeniaritzetan %15. Emakumeen presentzia nabarmena izan zen lizentziaturetan (%65) eta diplomaturetan (%71) eta gizonezkoena, berriz, arkitektura eta ingeniaritza ikasketetan (%67) eta arkitektura eta ingeniaritza teknikoetan (%74).


18 eta 25 urte arteko gazteen proportzioa aztertuta, azken bost urteetan lizentziaturetan (%-3,6) atzerakadatxoa ikusi zen, baina gainerako ikasketetan gehitu egin ziren, batez ere arkitektura eta ingeniaritza teknikoetan (%+37).


Estatuko gainerakoekin alderatuta, karrera egiterakoan ikasleen lehentasunak oso antzekoak izan ziren. Estatu osoa kontuan hartuta, pisu handiena lizentziaturek (%49) izan zuten, ostean diplomaturek (%24), segidan arkitektura eta ingeniaritza teknikoek (%15) eta azkenik arkitektura eta ingeniaritzek (%11). Hala ere, esan behar da, Euskal AEn karrera teknikoen proportzioa 7 ehuneko-puntu inguru altuagoa izan zela.

Honakoak izan ziren gehien eskatu ziren titulazioak: Industri ingeniaritza teknikoa (7.077), enpresa-zuzendaritza (5.861), irakasle eskola (5.655), enpresa-zientzien diplomatura (4.110) eta zuzenbidea (3.658). Hurrenkera aldatu egiten da, baina, emakumezkoek aukeratutakoak bakarrik kontuan hartuz gero; hona hemen: irakasle eskola (4.308), enpresa-zuzendaritza (3.438), psikologia (2.220), enpresa-zientzien diplomatura (2.182) eta zuzenbidea (2.151).



karrera teknikoetan 10 ikasletik 7 gizonezkoak izan ziren

Euskal AEko 10 ikasletik 5ek gizarte-zientzien eta zientzia juridikoen alorreko karrerak aukeratu zituzten eta 33.418 izan ziren matrikula egin zutenak. Esan beharra dago zientzia teknikoetan 10 matrikulatuko 7 gizonezkoak izan ziren arren, gainerako adarretan alderantzizkoa gertatu zela eta emakumezkoak izan zirela nagusi.


Ikasketak bukatu zituztenen %60 emakumezkoak izan ziren

2004-05 ikasturtean, 12.611 ikaslek lortu zuten unibertsitate-titulua. Horietatik %93k 1. eta 2. zikloko ikasketak burutu zituzten, eta gainerakoak, hots, 907 ikaslek graduatuondokoak. %60 emakumezkoak izan ziren. Titulartasunari erreferentzia eginez, titulua lortu zutenen %80k Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan egin zuten. 234 ikaslek doktorego-tesia gainditu zuten Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan.




Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945 01 75 00. Faxa: +34-945 01 75 01. Helbide elektronikoa: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Maite Ugarte Barcina
Tel.: 47-945 01 75 47. Faxa: +34-945 01 75 01.
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko unibertsitateetako ikasleak gutxitu egin ziren zortzigarren urtez jarraian

Eragiketa : 
Unibertsitatearen estatistika
Eragiketa kodea : 
040603
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
ESTADISTICA UNIVERSITARIA Curso 2004/05
Eguneratze data : 
2005/11/10
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0003212_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali