HomeGaiakBizi-baldintzakPrentsa Oharrak EAEko biztanleen bizi-baldintzen...

2006/06/29ko prentsa-oharra

BIZI-BALDINTZEN INKESTA (BBI). 2004. urtea


EAEko biztanleen bizi-baldintzen bilakaerak alde onak eta txarrak izan ditu



Familiako eta gizarteko harremanak areagotu egin dira eta ingurune fisikoa eta soziala hobetu egin dira; aitzitik, hiru familiatik batek hil-bukaerara heltzeko arazoak ditu



EUSTATen datuen arabera, azken bost urteetan EAEko biztanleen bizi-kalitateak alde onak eta txarrak izan ditu. Besteak beste, honakoak azpimarratu behar dira: ingurune soziala eta fisikoa hobetu egin dira, hezkuntza hedatu egin da, familia eta gizarteko harremanak areagotu egin dira eta etxeko ekipamenduak mantendu egin dira. Aitzitik, baliabide ekonomikoei dagokienez, hiru familiatik batek hil-bukaerara heltzeko arazoak ditu.


Familiako harremanak hobeagoak dira


Familiaren egituran aldaketa batzuk eman dira: pertsona bakarrak osatutako familia kopurua gehitu egin da eta ama izan diren emakumeak lan-merkatuan sartu dira. Aldaketa horiek ez dute familia-sareak desagertzea ekarri, baina egungo gizarteak familietan eragiten dituen beharrizan berrien ondorioz harremanak ezberdinak dira. Izan ere, biztanleriaren zahartzearen eta emakumeen jarduera-tasa gehitzearen ondorioz nabarmen gehitu da egunero edo astero hurbileko senideen laguntza ematen edo jasotzen duen familia kopurua.


Euskal Autonomia Erkidegoko familia-harremanak biziak dira: familien %94ak hurbileko familiarekin harremanak ditu, eta harreman horien %96an harremanak biziak edo ohikoak dira.


Familien %86ak beste senide batzuekin ere harremanak ditu; harreman hauek biziak edo ohikoak dira, gainera, kasu horien %61ean.


Familien %90ak lagunekin harremanak ditu eta horien %83ak lagunekin harreman bizia edo ohikoa du.


Familien %92ak auzokoekin harremanak ditu; izan ere, hurbileko familiarekiko harremanen atzetik auzokoena harreman bizien artean bigarrena da. Ohikoena da egunero edo astero horiekin harremanetan egotea (aitortutako harremanen %93), eta askoz urrunago gelditzen da laguntza emateko harremana.


Senideen eta auzokoen arteko harremanak mantentzean, familien arteko zaintza informalen alderdi batzuk sendotzen dira, laguntzeko eta elkartasuna agertzeko sare garrantzitsua bihurtzen da eta, batzuetan, erakundeek laguntza behar duten pertsonei arreta ematean gertatzen diren hutsak konpontzen dituzte.



Familien %60a ingurune fisiko “osasungarrian” bizi da; ingurune soziala eta herritarren segurtasuna hobetu egin da


Familien %60ak baino gehiagok uste du ingurune fisiko “osasungarrian” bizi dela, kanpoko eragozpen (kutsadura, zarata eta kiratsa) gutxiago duelako. Alabaina, familien %20ak oraindik ingurumenaren narriaduraren ondorioak jasaten ditu, nahiz eta ehuneko hori 1999. urtekoa baino ia 9 puntu txikiagoa izan.


Ingurune soziala oso edo nahiko osasungarria da EAEko familien %80aren ustez; ehuneko hori 1999koa baino 8 puntu gorago dago eta duela hamabost urtekoa baino 26 puntu baino gehiago gehitu da. Ingurune sozialeko oparoaldi horrek ez du ezberdintasun handirik lurralde batetik bestera: Bizkaian ingurune sozial oso osasungarria duten familien ehunekoa Arabakoa eta Gipuzkoakoa baino %10 txikiagoa da.


Herritarren segurtasuna (lapurreta eta erasoen sintesi gisa hartuta) pixka bat hobetu da: etxebizitzetan eta ibilgailuetan izan den lapurreta kopurua gutxitu egin da baina, bestalde, beste jabetza batzuetako lapurreta kopurua gehitu egin da. Herritarren segurtasunari dagokionez, familien %83,3ak ez du inolako arazorik izan.


Familien %10ak ez ditu etxebizitzan oinarrizkoak diren ekipamendu batzuk


Euskal Autonomia Erkidegoko familia gehienek etxebizitzan oinarrizkoak diren ekipamenduak dituzte. Dena den, 20.000 familiak oraindik ez du berogailu sistemarik; batez ere Bizkaian gutxien urbanizatuta dauden eskualdeetan gertatzen da hori.


Gasezko banako galdararen sistema gero eta gehiago agertzen da, familien %53ak erabiltzen du, eta ondorioz hoditeria bidezko gas instalazioa ere gehitzen doa (%54,8) EAEko familien erdiek (%54,8) baitute.


Beste alde batetik, 10 familiatik batek ez ditu oraindik oinarrizkotzat jotzen diren ekipamendu batzuk (telefonoa, hozkailua, garbigailua); aitzitik, oso ondo hornituta dauden etxebizitzen ehunekoa gero eta altuagoa da.


Merkataritza txikia hurbileneko ingurunea gutxitzeko edo hartatik urruntzeko joera du


Sarri, hurbileko inguruneko zerbitzu ezberdinei esker lortzen da ongizatea. Euskal Autonomia Erkidegoaren zati handi bat hiritarra da eta, horregatik, etxebizitzetatik hurbil mota horretako zerbitzuak aurki daitezke.


Hurbileko ekipamenduetan, hala ere, aldaketa batzuk agertzen dira: merkataritza txikia –supermerkatuak, frutategiak, prentsa-saltokiak- urrundu egiten dira edo horietariko gutxiago geratzen dira; baina drogeria eta farmazia gero eta gehiago dago.


Hezkuntza-zerbitzuetan ere aldaketa batzuk eman dira: haurtzaindegi gero eta gehiago dago baina haur hezkuntzako ikastetxeak bost urtean %1 gutxitzen dira.


Pixka bat urrunago joanez liburutegi, zinema-areto eta antzoki gero eta gutxiago dago baina pilotalekuen ordez gero eta kiroldegi gehiago agertzen ari da.



Hiru familiatik bat estu-estu heltzen da hil-bukaerara


Bizi-kalitatearen funtsezko elementuetako bat baliabide ekonomikoak edukitzea da, horiek edukiz gero familiak eta pertsonak modu duinean bizi baitaitezke.


EAEko 10 familiatik batek (%13,5) etxe-zerbitzua dauka, batez ere etxean bertan lo egiten ez duena. Eskualde guztietan zabaldu da zerbitzu hori, Arabako Lautadaz kanpoko eskualdeetan izan ezik hauetan gutxiago ematen delako.


4 familiatik batek (%23) murrizketa ekonomikoak izan ditu, batez ere aisia, jantzi eta oinetakoei dagokienez; baina, era berean, azpimarratu behar da familia horien laurden batek elikaduran izan dituela murrizketak.


Hiru familiatik bat estu-estu heltzen da hil-bukaerara eta bitik batek uste du bere egoera ekonomikoa duela 3 urtekoa baino txarragoa dela.


Eskolatutako biztanle kopurua gehitu egin da


Azken aldian eskolatutako biztanle kopurua gehitu egin da, orain nahitaezkoa delako 16 urterainoko umeak eskolatuta egotea eta, horrez gain, gero eta sarriago sartzen direlako haurrak irakaskuntza arautuan.


6 urte baino gehiagoko hiru ikasletik bik goizeko eta arratsaldeko ordutegia dute, eta soilik goizeko edo soilik arratsaldeko ordutegia duten ikasleen kopurua gutxitzen doa. Gainera, 1989. urteaz gero %20 gutxitu da etxera bazkaltzen doan ikasle kopurua (irakaskuntza arautukoak, betiere).


Gehienak oinez joan dira eta joaten dira ikastokira.


Mendekotasun osoa edo partziala duen pertsona gehiago dago


Osasunaren esparruan ardura nagusiena “bizi-kalitatea” ahalik eta maila altuenean mantentzearena da. 6 urte baino gehiagoko 10 pertsonatik ia batek (%8) eguneroko bizimodua egitea eragozten dien osasun-arazoak ditu; 1989. urtearen aldean ez da asko aldatu kopuru hori.


Alabaina, aipatu adineko pertsonen arazoek bilakaera izan dute: mendekotasun osoa edo partziala duten pertsonen ehunekoa pixkanaka gehituz joan da aldi horretan (%70etik %88ra).



Biztanleen %29a elkarteren bateko kidea da


EAEko biztanleek beti izan dute partaidetza sozial altua talde antolatuetan. 6 urteko eta gehiagoko biztanleen ia %29a elkarte bateko edo batzuetako kidea da. Aukeratutako elkarteen artean honakoak nagusitzen dira (hurrenkera horretan): kirol elkarteak (%9), kultur elkarteak (%6,3) eta erlijio-elkarteak (%5,5), alderdi politikoak, sindikatuak eta erakunde profesionalak (%4).







Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez
Tel:+34-945-01 75 33 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

EAEko biztanleen bizi-baldintzen bilakaerak alde onak eta txarrak izan ditu

Eragiketa : 
Bizi-baldintzen inkesta
Eragiketa kodea : 
010901
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
ENCUESTA DE CONDICIONES DE VIDA-ECV Año 2004
Eguneratze data : 
2006/06/29
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0003800_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali