2006/12/13ko prentsa-oharra

DENBORA AURREKONTUEN INKESTA. MONOGRAFIKOAK


Euskadiko biztanleek denbora zertan ematen duten aztertzen duen argitalpen berria aurkeztuko du Eustatek jardunaldi batean

Denbora Aurrekontuen Inkestaren arabera, generoa da denbora-erabileran alde handienak ezartzen dituen faktorea


Politika Zientzien Euskal Elkartearekin batera antolatutako ekitaldi akademikoan, Eustatek Euskadiko biztanleek denbora nola banatzen duten aztertzen duen beste argitalpen bat aurkeztuko du gaur. “Denbora Aurrekontuen Inkesta. Monografikoak” lanetik atera daitezkeen ondorioetatik, aipagarriena da denbora erabiltzean dauden aldeak bereizten dituen faktorea generoa dela.


Argitalpenaren euskarritzat hartu den informazioa Eustatek egindako azken denbora-aurrekontuen inkestatik bildu da. Inkestako datuak ustiatuz, banakoek nahiz talde sozialek hainbat jardueratan ematen duten denbora jakin ahal izan da, betiere adinaren, generoaren, laneko egoeraren, ikasketen edo lurraldearen aldagaien arabera.


Inkestan, zenbait epigrafetan bildutako jarduerei buruzko informazioa lortzen da. Hona hemen epigrafeok: behar fisiologikoak (lo egitea, jatea eta norbera zaintzea batik bat); lan ordaindua eta prestakuntza; etxeko lana; etxeko lagunak zaintzea; aisialdi aktiboa eta pasiboa; eta joan-etorriak.


Inkestan lortutako informaziotik, pertsonek ekintza horietako bakoitza egiten egunean, lanegunean nahiz jai egunean, zenbat denbora ematen duten aztertzen da. Horri esker, batetik datuak aldera daitezke denboran, eta, bestetik, beste geografia-eremu batzuekin ere konparazioak egin daitezke, antzeko metodologia erabiliz horrelako inkestak baldin badituzte behintzat.


Gehiago hitz egin eta gutxiago irteten gara. Emakumeek gero eta gehiago egiten dute etxetik kanpo lan.


Hitz egiten denbora gehiago ematen dugu, telefonoz batez ere (14 minutu). Hala ere, gizarte-harremanek behera egin dute. %28 jaitsi da lagunak bisitatzen eta poteatzen dutenen ehunekoa. Emakumeen ia erdiak laneko edo prestakuntzako jardueraren batean hartzen du parte lan egunetan, eta, aldiz, aurreko hamarkadan %44k.


Ikerketan egiaztatu denez, generoa da denboraren erabileran alde nabarmenenak ezartzen dituen aldagaia, ezarritako ordena soziala eratzen duten oinarrizko jardueretan batik bat, hots lanarekin (ordaindua ala ez) eta denbora librearekin zerikusia duten jardueretan.


Horrela, ordaindutako etxetik kanpoko lanean eta prestakuntzan, gizonezkoek 4 ordu eta 14 minutu erabiltzen dute batez beste egunean. Emakumeek, aldiz, denbora gutxiago erabiltzen dute, 2 ordu eta 35 minutu hain zuzen ere. Are nabarmenagoa da etxeko lanetan ematen den denboran bi gizarte-maila horiek erakusten duten aldea: gizonezkoek 1 ordu eta 10 minutu erabiltzen dute batez beste; emakumeek hirukoiztu egiten dute denbora hori, eta 3 ordu eta 31 minutu izatera iristen da. Egia da gizonen eta emakumeen arteko posizioak hurreratu egin direla, baina hurreratze hori nahiko erritmo motelean ari da gertatzen.


Denbora libreari dagokionez, ez dirudi aisialdiaren gizarterantz goazenik. Izan ere, aisialdirako erabiltzen dugun denbora gutxitu egin dugu, ordu erdiz. Hala ere, denbora-murrizketa hori aisialdi pasiboan gertatu da batik bat eta hedabideen eta komunikabideen kontsumoarekin loturik dago.


Asteko batez besteko egun bat


Asteko batez besteko edozein egunetan, ia egun erdia behar fisiologikoetarako erabiltzen da (11 ordu eta 50 minutu), hau da, atseden hartzeko, norbera zaintzeko eta jatorduetarako. Egunaren laurdena (6 ordu eta 7 minutu) lanarekin zerikusia duten jardueretarako erabiltzen da, eta horren baitan sartzen dira ordaindutako lana, prestakuntzan nahiz etxeko lanetan erabilitako denbora, eta etxean pertsonak zaintzeko denbora. Eguneko gainerako denbora, batetik joan-etorrietan ematen da (1 ordu eta 8 minutu). Hala ere, batik bat aisialdiko hainbat jardueratan erabiltzen da: eskuragarri dugun denboratik, egunean, batez beste, ia bost ordu ematen dira horrelakoetan (4 ordu eta 54 minutu).


Jardunaldiaren nondik norakoak


Jardunaldia EHUko liburutegiko hitzaldien aretoan izango da. Liburua egin duten bost egileak izango dira bertan, eta guztiak ere unibertsitateko irakasle eta ikertzaile entzutetsuak dira. Ramon Ramos Gizarte Aldaketan katedraduna da, Madrilgo Unibertsitate Complutensean. Euskal AEn gertatu den denbora-erabileraren aldaketaren egoera orokorrari buruz hitz egingo du, egiturari, dinamikari eta konparazioari buruz zehazki.


Arantxa Rodriguez Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakaslea da. Bere hitzaldian autonomia erkidegoko laneko denbora aztertuko du. Bestetik, Deustuko Unibertsitateko Soziologiako irakasle titularra den Maria Luisa Setienek aisialdia eta parte-hartze soziala landuko ditu.


Euskal AEko ordaindu gabeko laneko denbora izango du Cristina Garciak hizpide. Cristina Garcia Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Soziologiako irakaslea da. Bestetik, Matxalen Legarreta, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Saileko ikertzailea, mugikortasunaren eta joan-etorrien gaiei buruz arituko da.


Oharra: Informazio gehiago edo "Denbora Aurrekontuen Inkesta. Monografikoak" liburuaren egileei elkarrizketaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Manu Riveirosekin. Telefono-zenbakia: 615 771 476.


Informazio gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945 01 75 00 Faxa: +34-945 01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Manu Riveiros
Tel.:+34-945-01 75 62
Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskadiko biztanleek denbora zertan ematen duten aztertzen duen argitalpen berria aurkeztuko du Eustatek jardunaldi batean

Eragiketa : 
Denbora-aurrekontuen inkesta
Eragiketa kodea : 
010902
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
ENCUESTA DE PRESUPUESTOS DE TIEMPO. MONOGRAFICOS
Eguneratze data : 
2006/12/13
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0004094_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Metadatuak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali