2007/01/19ko prentsa-oharra

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA), 2006ko 4. hiruhilekoa



Euskal AEko biztanleria landuna %1,3 gehitu da eta langabezia-tasa bi hamarren jaitsi 2006ko laugarren hiruhilekoan


Langabezia-tasa %3,4ra jaitsi da eta sexu bietan egin du behera


Eustaten datuen arabera, Euskal AEn 971.900 biztanle landun daude, duela hiru hilabete baino 12.200 gehiago, hots, %+1,3. Biztanleria landunaren igoerak, sexuari dagokionez, gizonezkoei zein emakumezkoei eragin die, baina emakumeen lanaren bilakaera hobea izan da, aurreko hiruhilekoan baino 9.300 emakume landun gehiago izan baitira. Lana hiru lurraldeetan gehitu da. Bizkaiak 6.500 enplegu garbi gehiago lortu ditu, Gipuzkoak 4.900 gehiago eta azkenik, Arabak 800 gehiago.


Biztanleria landunaren joera, 1985etik. Euskal AE. (Milakotan)



Iturria: EUSTAT


Azken hiru hilabeteetan enplegu garbia sortzeari dagokionez zerbitzuen sektorea da lehena eta eraikuntza bigarrena


2006ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, landunak nabarmen igo dira zerbitzuen sektorean eta eraikuntzan: 10.600 langile gehiago izan dira zerbitzuetan eta beste 3.600 eraikuntzan. Aldiz, nekazaritzak eta industriak 1.000 enplegu garbi galdu ditu.


Landunen tasa, hau da, 16tik 64 urtera bitarteko biztanle-kopuruaren gainean landunek duten ehunekoa, %67,8koa izan da, hots, hiru hilabete lehenago baino ehuneko puntu bat gehiago. Tasa hori gizonezkoentzako %77,1ekoa da eta emakumezkoentzako, berriz, %58,3koa.


Lurraldeka, landunen tasa altuena Gipuzkoak lortu du, %70,9koa (ehuneko 1,2 puntu gehiago), ondoren Arabak %69,4koa (sei hamarren gehiago), eta baxuena Bizkaiak, %65,5ekoa (ehuneko bederatzi hamarren gehiago).


Euskal AEko gutxi gorabehera 787.000 etxetatik ia herenetan ez dagoela pertsona aktiborik zenbatetsi da 2006ko laugarren hiruhilekoan. 10 etxetatik 6tan baino gehiagotan pertsona aktibo guztiak lanean daude, joan den hiruhilekoan baino 3.300 gehiago.


Langabezia-tasak beheranzko joera izaten jarraitzen du


Euskal AEko lan-merkatuko 2006ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia-tasa ehuneko bi hamarren jaitsi da, aurreko hiruhilekoaren aldean. Beraz, langabezia-tasa %3,4koa da, hau da, 1.900 langabe gutxiago daude.


2006ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera-tasa ehuneko 0,5 puntu gehitu da eta %55,2an kokatu, 2006ko laugarren hiruhilekoan.


Emakumezkoen nahiz gizonezkoen langabezia-tasa jaitsi da


Emakumeen langabeziari dagokionez, %3,9 jaitsi da (ehuneko 0,3 puntu gutxiago), eta gizonezkoena ehuneko bi puntu gutxitu da eta %3,0koa izan da. Gazteen langabezia-tasa ehuneko puntu bat igo da; horrenbestez, 16-24 urte bitarteko 4.800 gazte langabezian gelditu dira (%7,6).


Emakume langabeen taldeak 16.800 lagun hartzen ditu, 800 gutxiago. Era berean, gizonezkoen artean, 1.200ek utzi zioten langabe izateari azken hiruhilekoan eta orain 17.400 dira langabeak.


Euskal AEko langabezia-tasa, 2006ko laugarren hiruhilekoan, euro-eremuko herrietakoa baino txikiagoa izan da, ehuneko lau puntu baino gehiagorekin. EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2006ko azaroan, eremu horretan langabezia-tasa %7,6raino hiru hamarren jaitsi zen hiruhileko batean. Europar Batasuneko tasa, 2006an berau osatzen zuten 25 herrialdeak kontuan hartuta, %7,7koa izateraino jaitsi da.


Langabeak, hots, lan bila zebiltzanak, kudeaketa aktiboak egiten zituztenak eta gainera lanerako prest zeudenak laugarren hiruhilekoan 34.300 izan zirela zenbatetsi zen, hots, duela hiru hilabete baino 1.900 pertsona gutxiago. Lurraldeka, Araba egonkor mantendu da, 4.600 langaberekin, eta langabezia-tasa %3,1 izan da. Bizkaian 20.800 langabe izan dira, duela hiru hilabete baino 2.000 gutxiago; hala ere, langabezia-tasak txarrena izaten jarraitzen du (%4). Gipuzkoan duela hiru hilabete baino 100 lagun gehiago daude langabezian, eta hiru lurraldetako tasarik hoberena lortu du, %2,6 alegia.


Azken urtean 20.400 lanpostu garbi sortu dira


Biztanleria landunak gora egin du azken hamabi hilabeteetan. 20.400 pertsona gehiago dira, hau da, %2,1 gehiago. Landunen tasan ehuneko 2,2 puntuko igoera izan da emakumezkoentzat, eta gizonezkoentzat, aldiz, 1,1 puntukoa. Landunen tasak hiru lurralde historikoetan gehitu dira: Bizkaian ehuneko 2,5 puntu, Gipuzkoan ehuneko 0,9 puntu, eta Araban ehuneko 0,3 puntu, 2005eko laugarren hiruhilekoaren aldean.


Azken urtean, zerbitzuen sektoreak 18.000 lanpostu garbi sortu ditu, industriak 4.500 eta lehen sektoreak 1.900. Aldiz, eraikuntzan 3.900 enplegu galdu dira.


Euskal AEn langabezia-tasa ehuneko 1,5 puntu jaitsi da azken urtean


Langabezia-tasa ehuneko 1,5 puntu jaitsi da azken urtean (%4,9tik %3,4ra). Beraz, 2006an 14.800 pertsonak utzi zioten langabe izateari Euskal AEn. Lurraldeka, azken hamabi hilabeteetan langabezia-tasa jaitsi egin da Bizkaian eta Gipuzkoan, ehuneko 2,7 eta 0,6 puntu hurrenez hurren. Araban, berriz, sei hamarren igo da.


BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA)



*p.p. = Aldea, ehunekotan.

Iturria: EUSTAT




Informazio gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez Rollón
Tel.:+34-945-01 75 36 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko biztanleria landuna %1,3 gehitu da eta langabezia-tasa bi hamarren jaitsi 2006ko laugarren hiruhilekoan

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
4º trimestre de 2006
Eguneratze data : 
2007/01/19
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0004122_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali