HomeGaiakBizi-baldintzakPrentsa Oharrak Euskal hiritarren bizi-baldintzak...

2008/07/02ko prentsa-oharra


BIZI-BALDINTZEN INKESTA-MONOGRAFIKOA



Euskal hiritarren bizi-baldintzak hobetu egin dira 1989-2004 aldian


Aitzitik, atzerapen txikiak ditugu soziabilitate, iraunkortasun eta gizarte parte-hartzearen adierazleetan


Euskal AEko 1989-2004 aldiko bizi-baldintzen bilakaeraren ikuspegi orokorra izateko asmoz, sei dimentsio handitan banatutako 25 adierazle aztertu dira, eta ondorio nagusi gisa esan daiteke Euskal AEko Bizi-baldintzen Indize Orokorraren bilakaera 1989ko 4,8tik 2004ko 5,01era joan dela, 0tik 10erako eskala batean, Eustatek landutako datuen arabera.


Datuak aztertuta, 1989-2004 aldian bizi-baldintza materialetan hobekuntza izan dela ikusten da, ekonomi-ongialdia aprobetxatuz. Aitzitik, atzerapen txikiak ditugu soziabilitate, iraunkortasun eta gizarte parte-hartzearen adierazleetan.


Diagnostiko orokorra


Adierazleak batera aztertuz ikusten da 15 urte horietan aldaketa nabariak izan direla euskal gizarteko bizi-baldintzetan: Azken urteetan bizi-baldintza materialen hobekuntza izan da eta hori dimentsio horren adierazle guztietan agertzen da: ekipamenduak, zerbitzuak…


Gertu-gertuko harreman familiar eta sozialei emandako garrantziaz, familiak babesa eta aterpe izaten badirauela ikusten da. Halere, horrekin batera bizitzaren pribatizazioa ezaugarri moderno gisa agertzen da. Orain dela gutxi arte konpromisoa eta elkarrekikotasuna adierazten zituzten gizarte-sareak -bizilagunak, adiskideak, urrutiko senideak- ahulduz doaz. Hau ez da etxera atzera biltzea eta kalea abandonatzea; ez, kaleak, sozializatzeko leku gisa, badu garrantzirik aisialdi eta jolasleku den aldetik.


Aipatzeko moduko beste alderdi bat hau da: euskal gizarteak asko balioesten ditu egoitza-areako segurtasuna eta kalitatea.


Aisialdia, denbora librea eta bizi-kalitatearen dimentsioari dagokionez, “aisialdi pasiboari” dedikatutako denbora —etxeko zinea, TB eta beste- dezente hazi da. Aitzitik, kirol-jardueretan, ikuskizunetara joateko orduan eta tankerakoetan badago, badagoenez, hobetzeko marjina.


Berebiziko garrantzia dute irisgarritasunaren eta mugikortasunaren kontuek. Gero eta gehiago, lanlekua etxetik urrunduz doa, garraio pribatuaren beharra areagotuz.


Pixkanaka, eta genero ezberdintasunak arren –emakumeen kalterakoak- bada igartzeko moduko rol aldaketa bat. Etxeko erantzukizun partekatuaren adierazlea da bilakaerarik onena eduki duena, eta honek erakusten digu ez dela alferrikakoa izan etxeko lanak partekatu beharraz egindako kontzientziazio lana.


Datuek hiritarren parte-hartzearen ahultzea erakusten dute. Jende gutxi da elkarte bateko kide, baina are gutxiago parte-hartzaile.


Ondoren, dimentsioak banan-banan ikusiko ditugu:


Baldintza materialak eta tresna baliabideak


Puntuazioen bilakaerak erakusten du alde handia dagoela, euskal familiek nola ikusten duten beren egoera ekonomikoa eta nola egoera ekonomiko orokorra. Ekonomi egoera objektiboa aldagai sintetikoa da, famili diru-sarrera garbiak eta kide kopurua erlazionatzen ditu. 2004an 5,77 zen haren puntuazioa, ezkor samar; bestalde, ekonomi egoera subjektiboak murrizketarik ba ote dagoen eta laguntza eskatzeko beharra aztertzen ditu, eta bere puntuazioa 6,44 zen.


Kontsumoaren arloan izandako hobekuntza azpimarragarria da, bai indibidualki (etxeko ekipamendua), bai kolektiboki (ekipamendu dotazioak); adierazleek erakusten digute euskal gizarteak, ekonomiaren egoera, oro har, modu baikorrean dakusala.


Lan-ingurumenari (zarata, kutsadura…) buruzkoek hobera egin dute, baina punturik gorena 1994an heldu zen: 6,90; harrez geroztik jaitsi egin da, 2004an 6,69 zelarik.


Hizkuntzen ezagutza aldagaiak hizkuntz ofizialak eta atzerritarrak erabiltzeko gaitasuna neurtzen du. Ikus daitekeenez, 2004an oraindik ez da nahikora iritsi 4,59an baita.


Harreman bizitza


Euskal gizartean familiarekiko harremanak ugariak dira, Halere, ez dira asko harreman sendoak ditugun familiako kide horiek. Gertuko familiarekin ditugun harremanen puntuazioek gora egin dute etengabe 1989-2004 aldian, 5,95 punturaino; aldiz, senideekikoetan 3,10 da.


Bai adiskidetasun, bai bizilagun harremanek behera egin dute. Puntuazioak baxuak dira: 3,63 adiskideekin eta 1,65 bizilagunekin.


Antzemandako segurtasuna, egoitzaren kalitatea eta autonomia funtzionala


Biztanleriak antzemandako egoitzaren segurtasun-gradua da aldagaien arteko sentsibleen eta definitzaileenetariko bat. Bizi garen inguruaren kalitatea aldagaiak adierazten du zenbait arazo-iturriri buruz –zaratak, kutsadura, andeakuntza eta beste- dugun balorazioa.


Bi adierazleen puntuazioak onenetarikoak dira. Lapurreta eta erasoen aurreko segurtasuna 10etik 9,36 da; denotan altuena alde handiz. Horren osagarri, euskal biztanleriak bizi den inguruaren gainean egiten duen balorazioa 6,77 da, dezente altua.


Datuek erakusten dute biztanleriaren zahartze progresiboa autonomia funtzionalaren gradua murriztea ari dela ekartzen. 1989an 7,58 zen, eta 2004an 6,98.


Aisia, denbora librea eta bizi-kalitatea


Aisia, denbora librea eta bizi-kalitatea dimentsioak oso puntuazio apala du, 3,92. Oro har, esan daiteke etxeko aisia ikusgarriro hazi dela, aktiboago eta planifikatuago baten kaltetan. Kontsumoko multimedia-teknologien hedapenak etxea bera bihurtu du aisia-leku; puntuazioa 7,10.


Euskal gizartearen oinarrizko soziabilitateak –kopak hartzea, poteatzea…- goraka dirau: 1989an 4 zen puntuazioa; 2004an, 5,72 .


Irakurketa-indizeak hobera egin du azken15 urteetan, baina egoera optimotik urrun da. 4,83ko puntuazioa du.


Kirol-jardueren gaineko puntuazioen bilakaerak goranzko joera erakusten du; halere, 2004an 3,63 zen. Puntuazio hau baxua da eta argi erakusten du ze alde dagoen bi kontu hauen artea: batetik, ze garrantzitsua den kirola masen ikuskizuna den aldetik, bestetik, ze gutxi baloratzen den bizimodu osasungarri gisa.


Asteburuko irtenaldien gainean, esan behar da puntuazioa baxua dela, 2,48. Izan ere, baliabide materialak eduki behar dira aisia mota horretarako.


Ikuskizunen asistentzia-indizeak, aurrekoak bezalaxe, gora egin du nabarmen baina behetik segitzen du (2,25).


Erlijio jardunean ikusten da ongien euskal gizartearen azken urteetako aldaketa. Interpretazio guztiek adierazten dute ezen, gutxienez zentzu tradiziozkoan, atzera egin duela erlijioarekiko jarduna gizarte modernoan. Biztanleriari galdeturik, erlijio-jardunak puntuaziorik baxuena du (1,48), 1,38 puntu galdu dituelarik.




Irisgarritasuna eta lan-arrazoiengatiko mugikortasun behartua


2004an 4,22ko puntuazioa zuen, eta 5,13 zen 1989an; -0,91, alegia. Honek esan nahi du lanlekua gero eta urrutiago dela etxetik eta garraio pribatua gehiago erabiltzen dela. Nabarmen jaitsi da lanera oinez joaten den pertsona-kopurua. Lanlekura dagoen distantzia neurtzen duen indizea, irisgarritasunaren barruan, 1989ko 5,64tik 2004ko 4,94ra jaitsi da.


Lan-arrazoiengatiko mugikortasun behartuak batez ere garraio-moten erabilpena adierazi eta garraio-sistema iraunkorrak saritzen saiatzen da; 1989ko 4,62tik 2004ko 3,51ra jaitsi da. -1,11 puntuko galera.


Etxeko erantzukizun partekatua, parte-hartzea eta bizitza asoziatiboa


Gaur eguneko rol aldaketa ongien erakusten duten alderdietako bat genero berdintasunarena da, etxeko lanak egiteko orduan. Honetaz, indize bat eratu da, etxeko lanak partekatzeko orduan aurrerapena neurtzen duena.


1989tik 2004ra puntuazioa 5,03tik 7,33ra joan da; jauzi oso nabarmena (2,3 puntu). Oraindik badiren ezberdintasunak arren, etxeko rolak ulertu eta jokatzeko orduan jokaera-aldaketa nabaria dago.


Ezkortasuna da nagusi, berriz, elkarte bateko kide izan eta bertan parte-hartzeari buruzko datuetan. 2004an oso baxuak ziren puntuazioak: 2,95 kide izatean eta 2,58 parte-hartzean.




Euskal AEko bizi-baldintzak (1989-2004)



Oharra: Adierazleak puntuazio handitik txikira daude ordenatuta, 2004ko bizi-baldintzen eskalan edukitakoaren arabera


Ohar metodologikoa: Eustatek argitaratu du “Bizi-baldintzen inkesta” monografikoa, eta bertan ondoko gaien inguruko azken ikerketak jasotzen dira: bizi-baldintzak eta –kalitatea, familia eta gizarte harremanak, inguru fisikoa, aisia eta denbora librea (elkarren osagarriak), osasuna eta osasun baliabideak, hezkuntza, enplegua eta lan baldintzak.








Adierazleen bilakaera Puntuazio aldeak( 1989-2004)


Oharra: Puntuazio positibo edo negatiboek 1989-2004 aldiko aldaketa adierazten dute, eskala normalizatu batean, 0tik 10era.

Iturria: Eustat, BBI 1989-2004 eta bertako lanketa



Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez
Tlf:+34-945-01 75 36 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal hiritarren bizi-baldintzak hobetu egin dira 1989-2004 aldian

Eragiketa : 
Bizi-baldintzen inkesta
Eragiketa kodea : 
010901
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
ENCUESTA DE CONDICIONES DE VIDA-MONOGRAFICO
Eguneratze data : 
2008/07/02
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0004666_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali