HomeGaiakHizkuntza-gaitasunaPrentsa Oharrak 2001-2006 artean euskaldunen...

2008/07/23ko prentsa-oharra

BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ESTATISTIKA (BEE06) 2006



2001-2006 artean euskaldunen kopuruan ia 118.000 lagun gehiago ditugu


Euskal AEn bizi direnen hamarretik seik euskara ulertu eta hitz egiteko gai dira, ongi edo ahaleginduz


Euskal AEko 2 urteko edo gehiagoko biztanleriako %59,5ek zerbait bazekien euskaraz 2006an, 2001aren aldean ehuneko lau puntuz hazten delarik, Eustaten datuen arabera. Biztanleria-multzo honetan, hona hemen azpitaldeak ezagutzaren arabera: 775.000 euskaldunak dira, euskaraz ongi ulertu eta mintzatzen direnak, eta 459.000 ia-euskaldunak, ulermen ona edo halamoduzkoa dutenak eta zailtasunez hitz egiten dutenak. Euskaldunak 2001ean baino 118.000 gehiago dira, eta ia-euskaldunak 11.000 gutxiago.


Euskaldunak eskualdeen arabera ikusiz gero, Gipuzkoak darrai gehiengoarekin, %52,9; Bizkaia ondoren, %31,3, eta Araba, %25,1. 2001aren aldean, ordea, Araban gehitu da gehien euskaldunen kopurua, 8,9 ehuneko puntu; Bizkaian 6,4 eta Gipuzkoan 1,5.



grafikoa. 2 urteko eta gehiagoko biztanleria, lurralde-eremuaren eta euskara-maila orokorraren arabera. 2006. %








Jaiotzek, heriotzek, mugikortasun geografikoak eta euskara irakaskuntzan sartzeak euskararen ezagutza homogeneizatu eta espazioan hedatu egiten dute.


Euskararen gaineko datu orokor eskualdeetako hauek, Araba eta Bizkaiko aurrerapen azkarrarekin eta Gipuzkoako apalagoarekin, hizkuntzaren hedapen eta homogeneizatze espaziala baieztatzen dute.


Ezberdintasunen mugimendu orekatzaile honek bi arrazoi nagusi ditu: Batetik biztanleriaren mugimendu naturala dago, jaiotzak, heriotzak eta, batez ere, mugimendu geografikoak, bai kanpo immigrazioagatik, bai erkidego barneko mugimenduengatik; ondorioz, euskararen ezagutza Euskal AE guztira zabaltzen da. Bestetik, mugikortasun linguistikoa; irakaskuntzan euskara ikasiz igo egiten da pertsonen hizkuntz gaitasuna; haietariko asko, gainera, hutsetik abiatzen ziren.


Hona hemen euskaldunik gehien duten eskualdeak: Bilbo Handia (207.659), Donostia-San Sebastián (133.389), Arabako Lautada (58.733) eta Urola-Kosta (51.659), biztanleriarik gehien dutenak. Gainera, 2001eko Biztanleria- Zentsuan igarritako joera mantendu egiten da: Euskaldunen kopuruaren hazkunderik handiena Araban gertatzen da, euskerarik gutxien egiten zen eskualdeetan; eta jaitsiera orokorra dago oso euskaldunak ziren inguruetan. Ehuneko 10 puntu baino gehiagoko hazkundea dute Arabako Ibarrek, Lautadak eta Errioxak. Bizkaian Enkarterrietan eta Bilbo Handian hazi da batik-bat euskaldunen kopurua, ia zazpi puntuz. Euskaldunen galera dago, 2001ean dagoeneko igartzen zen, Markina-Ondarroan (3,9 ehuneko puntu), Gernika-Bermeon (2,5), Urola-Kostan (2,4), Deba Goienean (1,8), Tolosaldean (1,8), Goierrin (1,4), Deba barrenean (1,3) eta Arratia-Nerbioin (1,2). Durangaldean, aurreko bost urtekoan bezalaxe, euskaldunen hazkundea dugu (1,4).


Gasteiz da euskaldunen ehuneko hazkunderik handiena duen hiriburua (9,8), ia-euskaldunen kopurua jaisten delarik (3,5). 2001ean gasteiztar euskaldunak %14,9 ziren, eta %25,8 ia-euskaldunak; 2006an %24,6 eta %22,7 ziren ehunekoak. Bilbon 8,8 puntuko hazkundea dugu euskaldunetan eta 2,6ko jaitsiera ia-euskaldunetan. Donostialdean 5,6 puntuz hasten da lehenengo taldean eta 1,6 jaisten bigarrenean.


Aramaion izan ezik, Arabako udalerri guztietan hazi da euskaldunen ehunekoa.


Araban Aramaiok bakarrik galtzen ditu euskaldunak 2001aren aldean, 3,1 ehuneko puntu. Erriberabeitian, Lezan eta Navaridasen gertatzen dira hazkunderik handienak biztanleriarekiko, ehuneko 15 puntuz baino gehiagoz.


Gipuzkoan kontrako joera dago eta 89 udalerrietatik 11tan bakarrik dago euskaldunen hazkundea, eta bost puntu baino gutxiagokoa; Pasaia, Irun eta Errenteria nabarmentzen dira. Aitzitik, euskaldunak %65 baino gehiago diren 62 udalerrietan ehunekoa jaitsi egiten da, 2001ean bezalaxe.


Bizkaian heterogeneoagoa da udalerrien bilakaera: Euskaldunen galerak eta igoerak daude, baina ez Araban eta Gipuzkoan bezain orokortuak. Euskaldunak lehen baino gehiago diren udalerriak dira Getxo (9,1 ehuneko puntu gehiago) eta Barakaldo (8,5); Gipuzkoan bezala, euskaldunen ehunekoa altua den udalerrietan ehuneko horrek behera egiten du, nabarmen Meñakan (13 puntuz) eta Maruri-Jataben (11 puntuz).


Euskal AEko zazpi biztanletatik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean. Gipuzkoa nabarmentzen da, lautik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean


Gipuzkoako biztanleen %36,3k euskara ama-hizkuntza du eta lautik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean. Ehuneko hau %40ra igotzen da bai euskaraz bai gazteleraz hitz egiten dutenak gehituz gero. Bizkaian euskara ama-hizkuntza du %13,1ek, eta Araban %4k; hitz egiteari begiratuz gero, %6 da Bizkaian eta %3,7 Araban; bai euskaraz, bai gazteleraz hitz egiten dutenak gehituz gero, %15 eta %6 dira.


Euskaldunaren profil nagusia ezberdina da eskualdeen arabera. Bizkaian (%12,7) eta Araban (%12), 35 urte baino gutxiagoko pertsona da, eta euskaraz ongi ulertu, mintzatu, idatzi eta irakurtzen du; ama-hizkuntza eta hitz egindakoa gaztelera du. Gipuzkoan bestelakoa da, kasurik gehienetan (%17,7) 25-60 urte bitarteko pertsona da, eta euskaraz ongi ulertu, mintzatu, idatzi eta irakurtzen du; ama-hizkuntza eta hitz egindakoa euskara du.


Euskarazko irakaskuntzako ereduen zabaltzeak eta eskolatzea gero eta goiztiarragoak urritu egiten dute euskaraz ezertxo ere ez dakiten gazteen kopurua. 1996an 2-4 urte bitarteko haurren %33k ez zekiten ezer euskaraz; 2001ean %18ra jaitsi zen, eta berdin darrai 2006an. 4-15 urte bitarte, ehunekoa %9ren azpitik da, derrigorrezko hezkuntzako urteak dira. 2001eko zentsuaren aldean 3 puntuko jaitsiera dago.


Ohar metodologikoa: Biztanleriaren eta Etxebizitzen Estatistika egiteko erregistro administratiboak erabili dira iturri nagusi gisa, ohiko informazio bilketa handiak egin gabe, Metodologia aldaketa garrantzitsu honen aitzindari dira Suedia, Finlandia eta Herbehereetako estatistika institutuak, antzeko metodoak darabiltzatelarik. Biztanleria eta Etxebizitzaren Estatistikaren erreferentzia data 2006ko azaroaren 1a da.





Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Pilar Vázquez
Tel.945 01 75 34: Faxa: 945 01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus
 

Top
Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2001-2006 artean euskaldunen kopuruan ia 118.000 lagun gehiago ditugu

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen estatistika
Eragiketa kodea : 
010123
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
ESTADÍSTICA DE POBLACIÓN Y VIVIENDAS 2006- EPV06-EUSKERA
Eguneratze data : 
2008/07/23
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0004712_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali