2008-07-18ko prentsa-oharra

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA), 2008ko bigarren hiruhilekoa




EAEn, 700 landun gutxiago egon da eta langabezia-tasa %3,5 izan da 2008. urteko bigarren hiruhilekoan


Azken urtean 18.400 enplegu garbi sortu dira eta langabezia-tasa hamarren bat igo da


Eustaten datuen arabera, 2008ko bigarren hiruhilekoan Euskal AEko lan-merkatuan 971.000 landun inguru izan da; hau da, aurreko hiruhilekoaren aldean 700 landun gutxiago izan da (-%0,1). Bestalde, langabezia-tasa %3,5 izan da, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren gehiagokoa.


Landunen eta langabetuen bilakaera kontuan hartuta, aktibotasun-tasa ez da aldatu 2008ko bigarren hiruhileko honetan: %55,1 izan da.


Generoaren arabera, okupazioak gizonezkoen kopuruan izan du beherakada handiena: aurreko hiruhilekoan baino gizonezko 3.900 landun gutxiago egon da, aitzitik, 3.200 emakume gehiago egon da lanean. Lurraldeka, Araban eta Gipuzkoan landunen kopurua gutxitu egin da, 600 eta 400 enplegu garbi gutxiago izan baitituzte hurrenez hurren. Aitzitik, Bizkaiak 200 enplegu garbi gehiago izan ditu.


Zerbitzuen sektoreak irabazi du enplegu gehiago, 9.000 enplegu garbitik gora sortu baitu


Zerbitzuen sektoreak 9.400 enplegu garbi sortu ditu 2008ko bigarren hiruhilekoan eta, horrela, ia konpentsatu egin dira industriak (6.900 enplegu garbi gutxiago), eraikuntzak (2.800 gutxiago) eta nekazaritzak (300 gutxiago) izandako enplegu galerak.


Okupazio-tasa (hau da, 16 eta 64 urte arteko pertsona-kopuru osoaren aldean okupatuta dauden pertsonen ehunekoa) %67,8 izan da, duela hiru hilabeteko bera alegia. Gizonezkoen kasuan tasa hori %76,3 izan da eta gizonezkoen kasuan %59,1.


Lurralde historikoen arabera Gipuzkoak izan du okupazio-tasarik handiena (%70,3), aurreko hiruhilekoko kopuru bera mantendu baitu; gero Arabak du handiena (%68,4), hamarren bat gutxiagorekin. Bestalde, Bizkaiak dauka tasarik txikiena (%66,2), aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiagorekin.


Soldatapekoen kopurua gutxitu egin da eta autonomoena gehitu


2008ko bigarren hiruhilekoan duela hiru hilabete baino 802.300, 5.600 soldatapeko gutxiago egon da guztira; autonomoak, aldiz, ia 5.000 gehiago izan dira. Lan-kontratu mugagabeko 700 soldatapeko gutxiago izan da, horrela guztira 618.400 izan dira; baina aldi baterako kontratua duten soldatapekoak (kontraturik ez dutenak barne) 5.000 gutxiago izan dira eta, beraz, guztira 183.800 izan dira.








Biztanleria okupatuaren joera 1985etik. Euskal Autonomia Erkidegoa. (Milakotan)

Iturria: Eustat


Zenbatespenen arabera, 2008ko bigarren hiruhilekoan gutxi gorabehera Euskal Autonomia Erkidegoko 827.900 etxetan bizi diren pertsonen herenak ez dira aktiboak. Hamar etxetatik ia zazpitan etxeko pertsona denek dute lana, datu horren arabera aurreko hiruhilekoan baino 5.600 familia gehiagotan gertatzen da hori; gainera, pertsona aktibo denak langabezian dituzten 10.800 etxe izan dira (guztirakoaren %1,3), hau da, aurreko hiruhilekoan baino 1.000 etxe gutxiago.


Euskal AEko langabezia-tasa %3,5 izan da


Urteko bigarren hiruhileko honetan, langabetu kopurua 35.500 dela uste da. Lan bila ari diren, lana bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lanerako prest dauden pertsonak jotzen dira langabetutzat. Gizonezkoen artean 19.800 langabetu egon dira, hau da, 3.400 gehiago; baina emakumezkoen artean bigarren hiruhileko honetan 1.500 langabetu gutxiago egon da (guztira 15.700).


2008ko bigarren hiruhilekoan langabezia-tasa aurreko hiruhilekoaren aldean bi hamarren gehitu da; %3,5 izan da. Gizonezkoen langabezia-tasa %3,5era igo da (%0,6 gehiago) eta emakumezkoena lau hamarren gutxitu da (%3,6ra heldu da). Gazteen langabezia-tasa da oraindik altuena (%9,9); aldi honetan %1,1 gehitu da eta, ondorioz, 16-24 urte bitarteko 6.300 gazte aktibo langabezian geratu dira.


Lurralde historikoen arabera, Bizkaian 3.600 langabetu gehiago egon da; datu horiekin bat etorriz, guztira 22.700 langabetu egon da eta lurraldeko langabezia-tasa %4,3ra heldu da, hau da, tasarik altuena lortu da. Aitzitik, Gipuzkoan 9.700 langabetu izan direnez langabezia-tasa %2,9ra jaitsi da, 1.700 pertsona gutxiago egon delako egoera horretan. Araban 3.000 langabetu egon dira; tasarik txikiena lurralde honek izan du (%2).


Euskal AEko langabezia-tasa, 2008ko bigarren hiruhilekoan, euroaren eremuko herrialdeetakoa baino %3,7 txikiagoa izan da. EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2008ko maiatzean, eremu hartan, langabezia-tasa %7,2 izan da. Halaber, Europar Batasuneko tasa %6,8 izan da, 2008. urtean Batasuna osatzen duten 27 herrialdeak kontuan izanik.




Azken urtean biztanle okupatuen kopurua %1,9 gehitu da; hiru lurralde historikoetan gehitu da kopuru hori


Azken hamabi hileetan biztanleria okupatuak gora egin du; 18.400 pertsona gehiago dira, hau da, %1,9 gehiago. Gehikuntza hori hiru lurraldeetan gertatu da: Bizkaian 14.600 enplegu garbi sortu dira, Gipuzkoan 2.400 eta Araban 1.300. Sektoreka, zerbitzuen sektorea izan da batez ere enplegu gehien sortu duena: 16.500 enplegu gehiago sortu du; haren ostean eraikuntza sektoreak 2.700 enplegu garbi gehiago izan du eta, azkenik, lehen sektoreak 200 landun gehiago izan du. Industriak azken urtean 1.100 enplegu galdu ditu.


Azken hamabi hileetan emakumezkoen okupazio-tasa %2,9 gehitu da eta gizonezkoena bi hamarren. Urte batetik besterako datuak alderatuta, Bizkaiko okupazio-tasa %2,3 gehitu da; era berean, Gipuzkoakoa zortzi hamarren gehitu da eta Arabakoa hiru hamarren.


Azken urtean, aldi baterako eta kontraturik gabeko 1.900 soldatapeko gutxiago izan da eta lan-kontratu mugagabea duten 21.900 gehiago egon da. Horrenbestez, azpimarratzekoa da soldatapeko finkoen ehunekoa pixkanaka gehitu egin dela; izan ere, 2008ko bigarren hiruhileko honetan soldatapeko horiek guztirakoen %77,1 izan dira eta aurreko urtean %76,3 ziren.


Euskal AEn, langabezia-tasa hamarren bat gehitu da azken urtean


Azken urteko langabezia-tasa hamarren bat gehitu da (%3,4tik %3,5era); horrela, Euskal AEn, 2007ko uztailetik 2008ko ekainera bitartean 1.600 pertsona gehiago dago langabezian. Lurraldeka, Gipuzkoan langabezia-tasa 0,4 gehitu da; Araban 3 hamarren gutxitu da, eta Bizkaian azken hamabi hileetan ez da ezer aldatu tasa hori.

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA)

*p.p. = Aldea, ehunekotan. Iturria: EUSTAT


Argibide gehiago:

Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: MªJosé Santamaría Gallardo
Tel:+34-945-01 75 33 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/spanish/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

EAEn, 700 landun gutxiago egon da eta langabezia-tasa %3,5 izan da 2008. urteko bigarren hiruhilekoan

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
2º trimestre de 2008
Eguneratze data : 
2008/07/18
Hurrengo eguneratzea : 
2019/10/18
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0004709_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali