2009-04-23ko prentsa-oharra

BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA SAILKATZEKO INKESTA (BJA)-INEMekin erkatuta-2009

Euskal AEko INEMeko bulegoetan izena eman dutenen % 32 ez da langabetua, LANEren definizioaren arabera

Metodologia horren arabera % 26,1 ez-aktiboa da eta % 6,0 okupatua

Eustaten datuen arabera, Euskal AEko Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoan (INEMen) erregistratuta daudenen % 32,1 ez da langabetua, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) landu duen metodologiari jarraiki. Izan ere, Europar Batasunak lan-merkatuari buruzko estatistika ofizialetarako araudi ezberdinetan onartu du metodologia hori. %26,1 ez-aktiboa (LANE) da eta % 6,0 okupatua (LANE).

Horrenbestez, INEMen izena eman duen % 67,9 bakarrik da langabetua (LANE), hau da, 75.000 pertsona. Datu hau, gainera, bat dator Eustatek egin duen 2009ko lehenengo hiruhilekoko Biztanleria Jardueraren arabera Sailkatzeko Inkestan jaso diren langabetuen (LANE) gaineko zenbatespenekin: 77.800 langabetu eta, ondorioz, Euskal AEn % 7,7ko langabezia tasa.

1. grafikoa. INEMen erregistratutako langabetu kopurua, biztanleria jardueraren arabera aztertuta eta LANEren definizioak kontuan hartuta (%)

graf0005139_01_e.png

Iturria: Eustat

Lan-merkatuaren gaineko estatistikak eskaintzen dituen iturri bat baino gehiago dago eta, ondorioz, datu ezberdinak agertzen dira. Horrek beti nahasi izan ditu herritarrak, batez ere egoera ekonomiko zaila bizi dugun azken hilabete hauetan; are gehiago, horrek aditu batzuk ere nahasi ditu eta estatistika ofizialak gaizki erabili izana ekarri du. Iturrien jatorriak, helburuak eta metodologiak sarri ezberdinak izaten dira, hala ere. Horrela gertatzen da INEMek hilero ematen dituen inskribatutako pertsona kopuruari eta horien bilakaerari buruzko datuetan eta Eustatek hiruhilero ematen dituen Biztanleak Jardueraren arabera Sailkatzeko Inkestako (BJA) datuetan.

Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoko (INEMeko) langabetuen erregistroa administratiboa da; hori dela eta, bertan inskribatzen diren pertsonak ez dira nahitaez Lanaren Nazioarteko Erakundeak langabetu gisa definitutako horretan erabat sartzen. Hain zuzen, LANEren arabera pertsona batek aldi berean hiru baldintza bete behar ditu langabetu gisa hartu ahal izateko: soldatapeko enplegurik edo enplegu lokaberik ez duen, enplegua lortzeko kudeaketa aktiboa egiten duen eta, gainera, lanerako prest dagoen pertsona izan behar da.

INEMen datuak ez dira sartzen Estatuko administrazioaren indarreko Estatistika Plan Nazionalean definitzen den estatistika ofizialean.

Dena dela, BJA sailkatzeko inkestak, ordea Lanaren Nazioarteko Erakundeak lan-indarraren inkestarako ezarri dituen ezaugarriak betetzen ditu; nazioartean erkatu dadin bermatzen du eta, beraz, Eurostaten lan-indarraren gaineko beste inkesta batzuen eta estatistikako bulego ofizialen metodologia jarraitzen du.

Adituek ez dute zalantzan jartzen langabezia tasa eta langabetu kopurua neurtzeko iturri egokia LANEk ezarritako sailkapen kategorietan oinarritutako lan-indarraren gaineko inkestak direla. Dena den, Eustatek erkaketa-eragiketa berezia egin du Euskal AEko INEMean erregistratu den langabetu kopuruari buruzko datuak aintzat hartuta, BJAk eta, ondorioz, LANEk ezarritako kategorien arabera nola sailkatzen diren ezartzeko. Horrela, datuen bidez azaldu nahi dira iturri bien arteko ezberdintasunak.

Erregistratutako langabetu kopuru osotik EZ-AKTIBOAK (LANE), erregistratutako guztien % 26,1, adinez nagusienak dira (horien % 64,8ak 45 urtetik 64 urtera bitarteko adina dute) eta, gainera, horien artean emakumeak dira nagusi (% 64). Pertsona horien multzoan, % 9 “aurretik erretiratuta edo erretiratzearen zain dago” eta % 6 “bestelako arrazoiengatik erretiratuta dago”. Lautik hiruk esan dute eskuarki etxeko lanak egiten dituztela.

Ez-aktiboen % 35ak langabeziako prestazioa jasotzen du, % 18,2ak langabeziako sorospena eta % 8ak txertaketako errenta. Gainerako pertsonek ez dute diru-laguntzarik jasotzen.

OKUPATU (LANE) moduan sailkatutako banakoen artean (% 6,0), ia lautik hiruk ez du 44 urte baino gehiago: % 13ak 16 eta 24 urte artean ditu, eta % 58ak 25 eta 44 urte artean. Taldea sexuaren arabera banatuta gizonen eta emakumeen batez besteko kopurua antzekoa da (% 53 emakumeak dira eta % 47 gizonak).

Okupatuen % 85aren esanetan “etenik gabeko enplegua” du (gehienak soldatapeko moduan) eta gainerako % 15ak noizean behin du lana edo famili laguntzak jasotzen ditu. Etenik gabeko enplegua duten okupatu horien artean aldi baterakoak dira nagusi (% 63), eta gero lan-kontratu mugagabea dutenak (% 22). “Kontraturik gabeak” bezala sailkatzen direnen pisu erlatiboa % 15ekoa da.

Noizean behin enplegua duten okupatuetatik % 48 “kontraturik gabeak” dira eta beste guztiek aldi baterako lan-kontratuarekin egiten dute lan. Gehienek (% 83) 19 ordu edo gutxiago egin zuten lan inkestarako erreferentziatzat hartu den astean.

Okupatuen % 62aren esanetan enplegua bilatzen ari dira, egun dituzten baldintzak hobetzeko asmoz (% 26), egungo lan-jarduna behin-behinekoa dela uste dutelako (% 14) edo egungo enpleguan segurtasunik ez dutelako (% 13). Gehienek lanaldi osoa nahi dute.

Argibide gehiago:

Euskal Estatistika Erakundea Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es Harremanetarako pertsona: Enrique Morán Aláez Tel.:+34-945-01 75 35 Faxa:+34-945-01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko INEMeko bulegoetan izena eman dutenen % 32 ez da langabetua, LANEren definizioaren arabera

Eragiketa : 
Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta
Eragiketa kodea : 
050403
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
-Contraste INEM-2009
Eguneratze data : 
2009/04/23
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0005139_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Enplegua eta Gizarte Politikak Saila, Ogasuna eta Ekonomia Saila

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali