2009/11/18ko prentsa-oharra

DENBORA-AURREKONTUEN INKESTA (DAI) 2008

Azken hamabost urteetan 32 minutuz murriztu da biztanleriak “bizitza sozialari” emandako batez besteko denbora (lagunekin irten, hizketanjardun, e.a.)

1993tik bost minutuz hazi da hedabide idatzi eta ikus-entzunezkoei emandako batez besteko denbora soziala

Eustatek egindako laugarren Denbora Aurrekontuen Inkestaren emaitzen arabera, biztanleriak behatutako zenbait jarduerari eskaintzen dien eguneroko denboraren banaketan bada aldaketarik, denboraren erabilpen sozialean joera berrien seinale litezkeenak.

Denbora Aurrekontuen Inkestari bost urtez behin ekiten zaio eta honezkero 1993an, 1998an eta 2003an burutu da; azken bilketa 2008koaren gainekoa da, beraz badago 15 urteko segida. Estatistikak egun batean Euskal AEko biztanleria egoiliarrak denbora zertan ematen duen neurtzen du.

2008an eta 1993ren aldean, Euskal AEko 16 urte eta gehiagoko biztanleriak denbora gehiago ematen du behar fisiologikoetan eta zainketa pertsonaletan (+16 minutu), lanean/prestakuntzan (+14 minutu), aisia aktiboan eta kiroletan (+11 minutu), joan-etorrietan (+10 minutu), eta besteren bat zaintzen (+9 minutu), eta gutxiago bizitza sozialean (-32 minutu); etxeko lanetan ez dago aldaketa handirik.

graf0005453_01_e.png

Zehazki, 2008an “eredu-biztanleak” “eredu egun batean” 11 ordu eta 41 minutuko batez besteko gizarte-denbora erabiltzen du behar fisiologikoetarako eta norbera zaintzeko, 2003an baino 9 minutu gutxiago. Halaber, egunero, lan ordainduan/prestakuntzan 3 ordu eta 23 minutu ematen du, etxeko lanetan 2 ordu eta 24 minutu, gizarte-bizitzari 38 minutu eskaintzen dizkio -2003an baino 20 minutu gutxiago-, aisialdiari 4 ordu eta 19 minutu -2003an baino 23 minutu gehiago, joan-etorriei ordu 1 eta 6 minutu eta etxeko lagunez arduratzeari 28 minutu, 2003an baino 7 minutu gehiago.

Etxean bazkaltzen denbora gutxiago, etxetik kanpo gehiago, azken bost urtekoan

Azken bost urteetan bazkaltzeko denboran badira aldaketa nabarmenak: etxean bazkaltzen 21 minutu gutxiago, eta horrela egiten dutenak %-1,1 gutxiago dira; etxetik kanpo bazkaltzen 3 minutu gehiago. Beraz, bazkaltzen emandako batez besteko gizarte-denbora jaitsi egiten da; halere, etxetik kanpo egiten dutenek denbora gehiago (ordubete eta 23 minutu, 2003an baino 10 minutu gehiago) pasatzen dute; etxean eginez gero ordubete eta 13 minutu (2003an baino 20 minutu gutxiago).

Ondokoetan lehengoan diraugu: loa (8 ordu 47 minutu); geure burua zaintzen (54 minutu); zainketa medikoak (2 minutu); besteren etxean (4 minutu).

1993tik hazi egin da emakumeek lan nagusian emandako batez besteko denbora soziala, eta murriztu etxeko lanetakoa

Guztizko lan-denboratzat hartzen da bai ordaindutako lanean, bai ez-ordainduan (etxeko lan erreproduktiboan) emandako denbora, eta begiratutako 15 urteetan, ordutan, eguneko 6,09tik 6,15era hazi da. Azken bost urteetan biztanleria landunaren lan-denbora eguneko 12 minutuz hazi da eta lan ordainduan igo egin da emakumeen parte-hartze tasa. Astelehenetik ostegunera bakarrik kontatuta, 9 minutuz hazi da biztanleria landunak egunero lan ordainduan ematen duen denbora. Aste bukaeretan lan egiten dutenek 37 minutu gehiago egiten dute larunbatean eta 31 igandean lan ordainduan.

2003an emakumezkoek gizonezkoek baino ordubete eta 9 minutu gutxiago ematen zuten batez beste lan ordainduan; 2008an ordubete eta 15 minutu. Astelehenetik ostegunera, gizonen eguneko lanaldia, batez beste, 7 ordu eta 4 minutu ziren 2003an; 2008an 7 eta 58, 54 minutu gehiago. Emakumeen kasuan bost minutukoa bakarrik da hazkundea, 2003ko 6 ordu eta 31 minutuetatik 2008ko 6 ordu eta 36 minutuetara. Ostiraletan, gizonezkoek gainerako lanegunetan baino 23 minutu gutxiago ematen dute lanean eta emakumezkoek 10 minutu gutxiago.

Denboraren erabileran ikusitako aldakuntzen zati handi bat emakumeen lan ordainduaren hazkundeak eragin du. Emakumeek lan nagusian pasatako batez besteko denbora sozialean arian-arian hazkundea ikusten da, 1993ko ordubete eta 15 minutuetatik 2008ko bi ordu eta 9 minutuetara; horrekin batera murriztu egiten da etxeko lanetan, otorduak prestatzen, esaterako, pasatako denbora, ordubete eta 43tik ordubete eta 25era.

2008an gizonezkoek lan nagusian duten partaidetza-tasa %43,5ekoa izan zen eta emakumezkoena %32,7koa; lehenengo kasuan, 2003an baino 3,3 ehuneko-puntu gutxiago; emakumezkoen kasuan, 1,9 ehuneko-puntu gehiago.

16 urte eta gehiagoko 25 pertsonatatik 2k bakarrik ez du inongo etxeko lanik egiten; gainerakoek 2 ordu eta 36 minutu ematen dituzte egunero.

Jarduera horiek egiten dituen biztanleriaren ehunekoa 13,7 ehuneko-puntuz hazi da (%92,3) 2008an; batez beste 2003an baino 26 minutu gutxiago ematen dira. Hala ere, banaketa apur bat aldatu da asteko egunaren arabera: Astelehenetik ostiralera ez dago aldaketarik; larunbatetan 9 minutu gehiago eta igandeetan 10 gutxiago. Ia ez da jaitsi etxeko lanetan emakumeek eta gizonek pasatzen duten denbora-aldea. Emakumezkoek 3 ordu eta 33 minutu ematen dituzte etxeko lanetan, gizonezkoek baino 2 ordu eta 4 minutu gehiago, 2008an; 2003an 2 ordu eta 6 minutukoa zen aldea.

Generoaren ikuspegitik bada alderik guztizko lanarekin lotutako zenbait jardueratan. 2008an, argiro gizonenak diren jardueren artean konponketak nabarmentzen dira. Horretan aritzen direla dioten emakumeek batez besteko denboraren %90ean jarduten dute eta gizonek %140ean; kudeaketetan ere, egiten dituzten emakumeek batezbestekoaren %75 eta gizonek %125. 1993.aren aldean genero-intzidentzian bada alderik; orduan erabat gizonenak konponketak bakarrik ziren, eta 2008an kudeaketak ere nabarmen dira gizonenak.

2008an oso emakumeenak dira otorduak prestatzea (batez besteko denboraren %136, gizonen kasuan %57), arropaz arduratzea (%110 eta %57), garbiketa (%108 eta %75) eta haurrez arduratzea (%117 eta %77). Beste jarduera batzuetan ez dago alde handirik: arautu gabeko prestakuntza, erosketak edo helduak zaintzea.

Aztertutako 15 urteetan emakumeekin lotutako guztizko lanaren gaineko jarduerak “betikoak” dira, alegia, genero-patroiari eutsi egiten zaio, baina nabarmentzekoa da genero-tartea gutxitu dela garbiketako etxeko-lanetan (etxea garbitzea, oheak egitea, gelak txukuntzea, hondakinak bereiztea edo deuseztatzea, e.a.).

Adin txikikoak eta helduak zaintzen jende gehiagok dihardu, eta batez besteko denbora ere hazi egin da

16 urte eta gehiagoko %22,8k (ehuneko 3 puntu gehiago 2003an baino) batez beste 2 ordu eta 3 minutu eskaintzen dizkio egunero etxeko lagunez arduratzeari, adin txikikoez zein nagusiez arduratzeari. 2003an baino 17 minutu gehiago ematen dira jarduera horretan. Gizonezkoei ordubete eta 41 minutu hartzen dizkie eta emakumezkoei 2 ordu eta 18 minutu. Adin txikikoak zaintzen 21 minutu gehiago pasatzen dira, ordubete eta 43 minutu guztira. 2003an ez bezala, helduak zaintzen emandako denbora hazi egin, 26 minutuz, 2008an; 2 ordu eta 9 minutu guztira.

Azken bosturtekoan aisiarako –aktibo zein pasiborako- batez besteko denbora eguneko 23 minutuz hazi da, eta “gizarte bizitzarakoa” 20 minutuz murriztu da

Biztanleriaren %93,2k denbora badu aisia pasiborako –prentsa, telebista, ikuskizunak, jokoak e.a. 2003ren aldean ehuneko hau 1,7 ehuneko puntuz hazi da; aisialdi honetan biztanleriak 2 ordu eta 58 minutu ematen ditu egunero, 19 minutuz hazi delarik azken bost urteetan.

Hedabideak –prentsa eta ikus-entzunezkoak- aztertuta, erabiltzaileen proportzioan 6,3 ehuneko-puntuko igoera ikusten da eta 2008an tasa %90,8koa izan da. Horiek 2 ordu eta 54 minutu eskaintzen dizkiete hedabideei, 2003an baino 26 minutu gehiago. Denbora hori 30 minutuz hazi da gizonezkoetan eta 22 emakumezkoetan.

Biztanleriaren %11,5ek dio batez beste ordubete eta minutu bat ematen dituela atseden hartzen, pentsatzen, egonean, duela bost urte baino 10 minutu gutxiago.

Aisialdi aktiboari, hau da, kirola egiteari, paseatzeari edo txangoak egiteari, Interneten ibiltzeari, eta abarri eskainitako batez besteko gizarte-denbora 2003an baino 4 minutu handiagoa da. Biztanleriaren %60,4k atal honetako jarduerak egiten ditu eta azken bost urteotan %1eko hazkundea izan dute. IKT teknologiekin lotutako aisia nabarmen hazi da azken urteetan; biztanleriak batez beste 13 minutu eskaintzen dizkie ordenagailuari eta Interneti, orain bost urte baino ia bi aldiz gehiago Gizonezkoek parte hartze handiagoa dute jarduera horietan emakumezkoek baino.

Hamabost urtetan “gizarte bizitzako” batez besteko denbora murriztu egin da, ordubete eta 10 minututik 38 minutura

Aisia-denbora, bai aktiboa, bai pasiboa, haziz joan da azken bost urteetan, eta murriztuz dirau gizarte-bizitzarekikoetan biztanleriak pasatzen duen denbora. 16 urte eta gehiagoko biztanleriaren erdiak baino zertxobait gutxiagok -%44,2k- ordubete eta 26 minutu eskaintzen dizkie egunero gizarte-bizitzarekin erlazionatutako jarduerei, esate baterako, lagunak bisitatzeari, solas egiteari, alderdi politiko edo elkarteetan parte hartzeari eta praktika erlijiosoei. Azken bosturtekoan jarduera horiek egiten dituen biztanleriaren portzentajea ehuneko -8,5 puntuz urritu da, eta horretan emandako denbora 24 minutuz laburtu.

Biztanleriaren %13,3k dio lagunak bisitatzeari edo etxean hartzeari, poteatzera irteteari edo erromeri edo dantzaldietara joateari denbora eskaintzen diola eta zifra hori dezente txikiagoa da 2003ko inkestako %18,2 baino. Talde horrek egunean jarduera horietan ematen duen denbora 2 ordu da, duela bost urte baino 5 minutu gutxiago.

Solasean -batez ere presentzialki- aritzen direnen denbora egunean 23 minutuz laburtu da, 52 minututan delarik. Larunbat eta igandeetan, batez besteko hori ordubete eta 1 minutura eta ordubete eta 4 minutura luzatzen da, hurrenez hurren.

Bizkaitarrak dira lo gutxien egin eta komunikabideei eta etxekoak zaintzeari denborarik gehien ematen dietenak; arabarrak nagusi dira lanean, prestakuntzan eta gizarte-bizitzan, eta gipuzkoarrak behar fisiologikoetan, etxeko lanetan eta joan-etorrietan.

Bizkaitarrek 8 ordu eta 43 minutu egiten dituzte lo, gipuzkoarrek baino 12 minutu gutxiago eta arabarrek baino 3 gutxiago. Arabarren artean, landunek batez beste egunean 7 ordu eta 29 minutu ematen dituzte lanean, gipuzkoarrek baino 19 minutu eta bizkaitarrek baino 14 minutu gehiago.

Ikasle arabarrek –araututako ikasketak egiten dituztenak- egunean 26 minutu gutxiago ematen dituzte ikasten eta eskolan bizkaitarrek baino, eta 40 gehiago gipuzkoarrek baino; azken hauek egunean batez beste 4 ordu eta 43 minutu ematen dituzte.

Arabako egoiliarren %17,3k lagunak bisitatu edo etxean hartu, poteatu edo antzeko jarduerak egiten dituzte gizarte-bizitza deritzonaren barruan, 2 ordu eta 13 minutuz, bizkaitarrek baino 15 minutu gehiago eta gipuzkoarrek baino 19 gehiago.

Gipuzkoarrak dira ehunekorik handienean telefonoz hitz egin edo lagunekin edo familiakoekin solasean aritzen direnak, %36,6. Arabarrak %25,4 eta bizkaitarrak %33,3. Arabarrak, halere, ordubete eta 7 minutuz aritzen dira, bizkaitarrak baino 10 minutu gehiago eta gipuzkoarrak baino 26.

Arabarrek ordubete eta 45 minutu ematen dituzte kirolean, gipuzkoarrek baino 12 minutu gehiago eta bizkaitarrek baino 16.

Bizkaitarrak dira hedabideei egunean batez beste denborarik gehien eskaintzen dietenak: 3 ordu eta minutu 1, arabarrek baino 5 minutu gehiago eta gipuzkoarrek baino 22. Bizkaitarrak 2 ordu eta 10 minutuz etxeko beste pertsonak zaintzen aritzen dira; arabarrak 2 minutu gutxiagoz eta gipuzkoarrak 20z.

graf0005453_02_e.png

Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez Rollón +Tlf:+34-945-01 75 31 Faxa:+34-945-01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Azken hamabost urteetan 32 minutuz murriztu da biztanleriak “bizitza sozialari” emandako batez besteko denbora (lagunekin irten, hizketan jardun, e.a.)

Eragiketa : 
Denbora-aurrekontuen inkesta
Eragiketa kodea : 
010902
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
Año 2008
Eguneratze data : 
2009/11/18
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0005453_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Metadatuak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali