Prentsa-oharra, 2013/07/22

FAMILIA GASTUAREN ESTATISTIKA 2012

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2012an, Euskal AEko etxeetako batez besteko gastua 2006koaren antzekoa izan da

Etxebizitza, ur, argindar, gas eta bestelako erregaietako gastuak dira 2006 eta 2012 artean hazkunde handiena izan dutenak, % 25,9koa

2012an, etxeetako batez besteko gastua 33.118 eurokoa izan zen, hau da, aurreko urtean baino % 2,2 txikiagoa eta 2006koaren ia berbera, Eustatek bildutako datuen arabera. Gastuaren egiturari erreparatuta, hauek izan dira 2012an Euskadiko etxeetako kontsumo-egiturako hiru gastu-talde nagusiak: Etxebizitza, ur, argindar, gas eta bestelako erregaiak (etxeetako batez besteko gastu osoaren % 34,8), ondoren Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 13,7) eta Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (% 10,0). Jarraian, Garraioak (% 10,0), Bestelako ondasun eta zerbitzuak (% 7,3) eta Aisialdia, ikuskizunak eta kultura (% 6,0) daude.

Bilakaerari dagokionez, etxeetako batez besteko gastuan pisu handiena daukan atalak, Etxebizitza, ur, argindar, gas eta bestelako erregaiak izenekoak, hazkunde handia izan duela nabarmentzen da, hau da, 2012an % 25,9 hazi da 2006rekin alderatuta, 2011rekin alderatuta % 1,5 jaitsi den arren. Bigarren garrantzitsuenean, Elikadura eta alkoholik gabeko edariak ataleko gastuan, % 2,9ko jaitsiera gertatu da 2006rekin alderatuta eta % 4,2koa aurreko urtearekin alderatuta. Euskadiko etxeetako gastu-egituran garrantzia daukan (% 10) beste atal batean, Garraioak izenekoan, ere jaitsiera handia gertatu da 2006arekin alderatuta (- % 24,3), baina 2011rekin alderatuta pixka bat hazi da (% 0,5). Jantziak eta oinetakoak eta Aisialdia, ikuskizunak eta kultura ataletako gastuak jaitsi egin dira 2006arekin alderatuta (% 22,5 eta % 16,9, hurrenez hurren), baina 2011rekin alderatuta emaitza ezberdinak izan dituzte: lehenengoak jaisten jarraitu du (- % 8,3); kulturako gastua, berriz, % 3 handitu da.

1. taula. 2006-2012 aldiko Euskal AEo etxeetako batez besteko gastua, gastu-taldearen arabera (*) (€). Behin - behineko datuak
Iturria: EUSTAT. Familia gastuen estatistika

Pertsona bakoitzeko batez besteko gastua 13.648 eurokoa izan da, hau da, aurreko urtearekin alderatuta, euro korronteetan, % 0,9ko jaitsiera izan du, eta horrek 2006 eta 2011 artean gertatu zen hazkundearekin (% 8,7koa, zenbait kalkuluren arabera) kontrastatzen du.

Zenbaki absolututan, 2012an kontsumoko gastu osoa % 1,1 jaitsi da 2011rekin alderatuta, gastu-taldeek bilakaera ezberdina izanik. Hala, gastuari dagokionez esanguratsuenak diren bi taldeek, Etxebizitza, ur, argindar, gas eta bestelako erregaiak eta Elikadura eta alkoholik gabeko edariak izenekoek, % 0,4ko eta % 3,2ko jaitsierak izan dituzte, hurrenez hurren. Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak atalak, berriz, gastu-maila osoan % 2,2ko igoera izan du. Jaitsiera adierazgarriena, ehunekotan, Osasuna atalean gertatu da: gastua 838 milioi euro ingurukoa izan da (aurreko urtean baino % 13,6 txikiagoa).

2. taula. 2011-2012 aldiko Euskal AEko gastu osoa, gastu-taldearen arabera (*) (Milaka €). Behin - behineko datuak
Iturria: EUSTAT. Familia gastuen estatistika

Etxeetako batez besteko gastua etxeetako hileko diru-sarrera garbien arabera aztertzerakoan, diru-sarrera txikienak eta handienak dituztenen artean alde nabarmenak ikusten dira. 2012an, 1.000 eurotik beherako hileko diru-sarrerak dauzkaten etxeetan, urtean 16.959 euroko batez besteko gastua egin da; hilean 3.000 euroko edo gehiagoko diru-sarrerak dauzkaten etxeetan, berriz, urtean 50.884 euroko gastua.

2011 urtearekin alderatuta, bai hileko errenta txikienak dauzkaten etxeetan (999 euro arte) bai 1.000 eta 1.999 euro arteko errentak dauzkaten etxeetan batez besteko gastua jaitsi egin da; % 9,0 eta % 6,6, hurrenez hurren. Aldiz, errenta-maila handiena daukaten etxeetan gastu-mailak hazi egin dira: 2.000 eta 2.999 euro bitarteko errentak dauzkaten etxeetan % 3,4 eta 3.000 eurokoak edo handiagoak dauzkatenetan % 0,9.

 1. grafikoa.- 2011-2012 aldiko Euskadil AEko etxeetako batez besteko gastua (*), diru-sarrera garbien arabera. (€). Behin - behineko datuak
Iturria: EUSTAT. Familia gastuen estatistika

Azkenik, gastua familiaren kokapen geografikoaren arabera aztertuz gero, etxeetako batez besteko gastu handiena 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan egiten dela ikusten da: 35.122 euro etxe bakoitzeko, hau da, Autonomia Erkidegoko batez bestekoa baino % 6,1 gehiago. Etxeetako batez besteko gastu txikiena (32.704 €) 10.000 eta 100.000 biztanle arteko udalerrietan kokatutako etxeetan egiten da.

Oharra: Familien gastuaren inkesta Estatistika Institutu Nazionalarekin (INE) elkarlanean egiten da. Aurreko urteetako datuak INEk kalkulatutako populazio estimazio berrien arabera birkalkulatu dira.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62 Euskal AEko Familia-kontsumoko gastuaren estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2012an, Euskal AEko etxeetako batez besteko gastua 2006koaren antzekoa izan da

Eragiketa : 
Familia-gastuaren inkesta
Eragiketa kodea : 
172503
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
ESTADÍSTICA DE GASTO FAMILIAR 2012
Eguneratze data : 
2013/07/22
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0010663_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali