HomeGaiakHizkuntza-gaitasunaPrentsa Oharrak Euskal Autonomia Erkidegoko...

2013ko uztailaren 18ko prentsa-oharra

BIZTANLERIA ETA ETXEBIZITZA ZENTSUA (CPV) 2011

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal Autonomia Erkidegoko hamar biztanletik seik baino gehiagok euskara-ezagueraren bat du

2006 eta 2011 artean 15.000 pertsonatan igo da euskaldun kopurua

Euskal Autonomia Erkidegoko 2 urte edo gehiagoko biztanleen % 62,8k euskara-ezagueraren bat zuen 2011n, eta Eustaten datuen arabera, ehunekoa 3,3 igo da 2006. urtearekin alderatuta. Biztanleria talde horretan honako hauek bereizten dira, ezaguera-mailaren arabera: 790.000 euskaldun, euskara ulertu eta euskaraz hitz egiten dutenak, eta 542.000 ia-euskaldun, ulermen-maila ona edo ertaina, baina hitz egiteko zailtasuna dutenak. Euskaldun kopurua 14.400 pertsonatan baino gehiagotan igo da 2006. urtearekin alderatuta, eta ia-euskaldunen kopurua, berriz, ia 82.600 pertsonatan.

Pertsona euskaldunen lurraldearen araberako azterketa eginez gero, 2011n Gipuzkoa mantendu da euskaldun kopuruaren ehuneko handiena duen lurralde gisa (% 53,3); haren atzetik, Bizkaia (% 31,2) eta Araba (% 23,9) ditugu. Gainera, ia-euskaldunak kontuan hartuz gero, Gipuzkoan lau pertsonatik hiruk dute euskara-ezagueraren bat, bostetik hiruk Bizkaian, eta bitik batek Araban.

1. grafikoa. 2 urte edo gehiagoko biztanleak lurralde historiko bakoitzeko eta euskararen maila globala (%) 2011
Iturria: EUSTAT. Biztanleria eta Etxebizitza zentsua (CPV) 2011

2006. urtearekin alderatuta, Bizkaia da euskaldun eta ia-euskaldun kopuruan igoerarik handiena izan duen lurraldea (% 3,9); jarraian, Gipuzkoa (% 2,6) eta Araba (% 2,3) ditugu.

Jaiotzek, heriotzek, mugikortasun geografikoak eta euskara irakaskuntzan txertatu izanak homogeneizatu eta hedatu egin dute euskararen ezaguera

Lurraldearen araberako euskara-maila globalari buruzko datuek euskarak espazioan izan duen hedapen- eta homogeneizazio-prozesua berresten dute. Jaiotze eta heriotzek eragiten dituzten biztanleriaren mugimendu naturalen eraginez, euskaldunen ehunekoa murriztu egin da eskualde eta udalerri batzuetan, hil direnen hizkuntza-gaitasuna handiagoa delako, hain zuzen.

Gainera, aldi horretan erregistratu diren joan-etorri geografikoen eraginez (kanpo-immigrazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien arteko egoitza-aldaketak) euskararen ezaguera homogeneizatu egin da lurralde osoan; horrek euskararen maila igotzea ahalbidetu du horren euskaldunak ez diren udalerrietan, baina aurkakoa gertatu da euskara-maila altuena zuten udalerrietan, horietan murriztu egin baitaiteke noiz edo noiz.

Bestalde, hizkuntza-mugikortasunak -euskara irakaskuntza arautuan edo euskarazko berariazko hezkuntzan ikasi izanaren ondorioz- pertsonen hizkuntza-gaitasuna handitu du, euskara ia zerotik edo hasierako mailatik ikasten hasi arren.

Honako hauek dira euskaldun gehien dituzten eskualdeak, hurrenez hurren: Bilbo Handia (205.000), Donostia (139.000), Arabako Lautada (57.000) eta Urola Kosta (55.000), lehenengo hirurak herritar gehien dituztenak izan arren. Gainera, hainbat desberdintasun hauteman dira eskualdeen bilakaeran, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten 20 eskualdeetatik erdietan handitu egin baita, 2006tik, euskaldunen ehunekoa: Araban, Arabako Mendialdean (% 3,1), Kantauri Arabarrean (% 2,1) eta Gorbeialdean (% 1,8); Bizkaian, Enkarterrin (% 2,6), Durangaldean (% 0,5) eta Plentzia-Mungian (% 0,3); eta Gipuzkoan, Donostialdean eta Tolosaldean (% 0,8 bakoitzean). Zentzu horretan, aurreko erroldetan hautemandako joera bera mantendu da, euskaldun kopuruaren igoerarik handiena euskararen presentzia txikien duten Arabako eskualdetan gertatu baita.

Era berean, euskaldunen ehunekoa murriztu den eskualdeen artean, Markina-Ondarroa (% 2,1) eta Arabako Lautada (% 1,8) gailentzen dira, gainerakoetan murrizketa ehuneko bat baino txikiagoa izan baita.

Donostia da euskaldun kopuruaren ehunekoa handitu den hiriburu bakarra

Donostia da euskaldunen (0,2 puntu) eta ia-euskaldunen (2 puntu) ehunekoa handitu den hiriburu bakarra. Gasteizen, euskaldunen ehunekoa txikiagotu egin da (2,2 puntu), ia-euskaldunen ehunekoa handitu egin den arren (3,4 puntu). 2006an, gasteiztarren % 24,6 euskaldunak eta % 22,7 ia-euskaldunak ziren; 2011n, ordea, euskaldunek biztanleria osoaren % 22,5a osatzen dute eta ia-euskaldunek % 26,1a. Bilbo bi hiriburu horien artean kokatzen da: euskaldunen ehunekoa 1,3 puntu txikiagotu da eta ia-euskaldunen ehunekoa, berriz, 4,3 puntu handitu da. Hiriburuek izan dituzten bilakaera desberdinak bertan hartu dituzten etorkin kopuruaren araberakoak dira neurri handi batean, horietako asko atzerritarrak baitira, hau da, euskara-ezaguerarik gabeak.

Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten 251 udalerrietatik, 115etan euskaldunen ehunekoa murriztu egin da 2006. urtearekin alderatuta (% 0,1 eta 7,6 artean) eta 136tan handitu egin da (% 0,1 eta 7,1 artean). Gipuzkoako 38 udalerritan herritarren % 80a baino gehiago euskalduna da; horien artean Baliarrain (% 95,8) eta Orexa (% 95,3) gailentzen dira. Araban Aramaio bakarrik gailentzen da (% 83,1), eta Bizkaian, % 80tik gorako biztanle euskaldunak dituzten 23 udalerrien artean, Amoroto (% 93,4) eta Aulesti (% 91,6).

Arabako lurraldea osatzen duten 51 udalerrietatik 36tan handitu egin da euskaldunen ehunekoa eta 15etan txikiagotu. Biztanleriari dagokionez euskaldun gehien irabazi dituzten udalerrien artean honako hauek ditugu: Barrundia (% 7,1 gehiago), Okondo (% 4,7), Arraia-Maeztu (% 4,5), Kripan (% 4,4), Donemiliaga (% 4,4), Urkabustaiz (% 4,2) eta Lantziego (% 4,2). Era berean, euskaldun kopurua galdu duten udalerrien artean Oion aipatu behar dugu, % 6 puntu galdu baititu 2006. urtearekin alderatuta.

Gipuzkoan, 88 udalerritatik 43tan handitu da euskaldunen ehunekoa, eta horien artean, honako hauek azpimarratu behar ditugu: Leintz-Gatzaga (6,5 puntu), Gaztelu (4,4), Aduna (4,2), Urnieta (4,2) eta Zizurkil (4,1). Aitzitik, euskaldunen ehunekoa murriztu den 45 udalerrien artean Ikaztegieta (4,6) eta Alegia (4) gailentzen dira.

Bizkaian, udalerriek izan duten bilakaera Gipuzkoak izan duenaren oso antzekoa da, euskaldun kopurua 57 udalerritan handitu eta 55etan txikitu baita. Euskaldunek pisua irabazi duten udalerrien artean, Ubide (4,5 puntu), Murueta (4,5) eta Gautegiz Arteaga (4) gailentzen dira, eta euskaldun kopurua galdu dutenen artean, berriz, Mañaria (7,6 puntu), Izurtza (7,5), Lanestosa (5,7) eta Arantzazu (5,5).

Euskal Autonomia Erkidegoko zazpi biztanletik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean. Horien artean Gipuzkoa gailentzen da, etxean lautik batek egiten baitu euskaraz bakarrik.

Gipuzkoako biztanleen artean, lautik hiruk euskara dute ama-hizkuntza, eta lautik batek euskaraz bakarrik hitz egiten du etxean. Ehuneko hori % 43ra igotzen da etxean euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten duten pertsonak kontuan hartuz gero. Bizkaian, biztanleriaren % 13aren ama-hizkuntza da euskara eta Araban, ordea, biztanleriaren % 4arena. Etxean hitz egiten den hizkuntzari dagokionez, euskarak % 9a osatzen du Bizkaian eta % 3a Araban; zenbateko hori % 15era eta % 7ra igotzen da, hurrenez hurren, etxean euskara eta gaztelania erabiltzen duten biztanleen kopurua kontuan hartzen bada.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62 CPV2011ri buruzko prentsa-ohar gehiago Euskal AEko CPV2011 -datu bankua

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko hamar biztanletik seik baino gehiagok euskara-ezagueraren bat du

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak
Eragiketa kodea : 
010152
Periodikotasuna : 
Hamar urtekoa
Denbora arloa : 
DE 2011
Eguneratze data : 
2013/07/18
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0010643_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Mikrodatuak

Kode eta izendegiak

Grafiko interaktiboak

Kalitate-fitxak

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali