HomeGaiakEtxebizitza-parkeaPrentsa Oharrak Euskal Autonomia Erkidegoko...

2013-09-03ko prentsa-oharra

BIZTANLERIA ETA ETXEBIZITZA ZENTSUA (CPV) 2011

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkeak urteko 14.000 unitateko hazkundea izan du 2001etik 2011ra bitartean

Azken hamarkadan etxebizitza kopuruari dagokionez izandako hazkundearen % 70 baino gehiago 2001-2006 bosturtekoan izan da

Euskal Autonomia Erkidegoan 1.020.131 etxebizitza daude 2011ko azaroaren 1ean, Eustatek emandako datuen arabera. Etxebizitzen erdia baino gehiago Bizkaian dago, 530.355; guztien % 52, alegia. Gipuzkoan 333.260 etxebizitza daude (% 32,7) eta 122.466 Araban (% 15,3).

2001rekin alderatuta, 141.515 etxebizitza gehiago daude; hortaz, % 16,1eko hazkundea izan da, 14.152 etxebizitza gehiago urteko.

Bilakaera begiratuta, baina, bi bosturteko bereiz ditzakegu: lehenean (2001 eta 2006 bitartean) % 11,7ko hazkundea izan zen, 102.429 etxebizitza gehiago; bigarrenean (2006-2011), ordea, % 4ko hazkundea baino ez da izan (39.086 etxebizitza gehiago, alegia). Beste modu batera esanda, hamarkada osoan izandako hazkundearen % 72,4 gertatu da lehen bost urteetan.

Euskal Autonomia Erkidegoak 2001etik izandako hazkundearen ia erdia (% 46,4) Bizkaiak hartu zuen, heren bat baino gutxixeago Gipuzkoak (% 29,5), eta gainerako laurdena Arabak (% 24,1); azken horrek bere biztanleria-pisuaren gainetik argi eta garbi.

Horrela bada, hazkunde handiena Araban izan da (% 27,8 etxebizitza gehiago 2001etik), Gipuzkoa eta Bizkaiko bikoitza (% 14 baino ez baitzen izan horietan).

Hiru lurraldeok dezelerazio oso handia izan dute azken bosturtekoan. Bizkaiko etxebizitza-parkea % 10,7 handitu zen 2001etik 2006ra bitartean, hurrengo bost urteetan baino hiru aldiz gehiago (% 3,1 baino ez zen hazi). Txikiagoa izan da dezelerazioa Gipuzkoan eta Araban. Gipuzkoak lehen erdialdeko % 10,1etik bigarreneko % 3,9ra igaro zen; Arabak, berriz, kopuru nabarmen handiagoak izanik, % 19,2tik % 7,2ra moteldu zuen hazkundea, bi eta erdi aldiz gutxiago bi kasuotan.

Eskualdeei dagokienez, desberdintasun handiak daude; hala, Arabako lau eskualde nabarmentzen dira hamar urteotan izan duten hazkundeagatik: Gorbeialdea (% 30,2), Arabako Lautada (% 30,1), Arabako Ibarrak (% 24,1) eta Arabako Kantaurialdea (% 23,4). Bizkaiko hiru eskualde ere badaude %20tik gora: Durangaldea (% 21,8), Arratia-Nerbioi (% 20,6) eta Plentzia-Mungia (% 20,3), eta Gipuzkoako bat ere badago kopuru horretan: Goierri. Hazkunde txikiena dute, aldiz, eskualde hauek: Debabarrena (% 9,4), Arabako Mendialdea (% 10,1), Behe Bidasoa (% 11,2), Urola Kosta (% 11,8) eta Bilbo Handia (% 12,2).

Etxebizitza-parkearen hazkundea eskualdeka eta lurralde historikoka (%). 2001-2011

Gasteiz izan zen aldi horretan etxebizitza kopurua gehien handitu zuen hiriburua, ia % 30

Azken hamar hauetan gehien handitu den hiriburua Gasteiz izan da , % 28,9; ondoren Donostia, % 15,4 (11.966 gehiago), eta Bilbo, % 9,6 (13.988 etxebizitza gehiago). Halaber, azken hiriburu horretan moteldu da gehien azken urteotan: lehen bosturtekoan % 6,9ko hazkundea izan zen, eta bigarrenean % 2,5era ere ez da iritsi, ia hiru aldiz gutxiago. Donostian lehen aldiko % 9,4tik % 5,6ra igaro da bigarrenean, eta Gasteizen % 17,6tik % 9,6ra.

Udalerriei dagokienez, 13k izan dute % 50etik gorako hazkundeak etxebizitza-parkean. Horietako bik, Larraul eta Dulantzik, hasierako bolumena bikoiztu dute ia (% 98,1 eta % 95,3, hurrenez hurren). Gainerako udalerrietan Gipuzkoako bost daude: Irura (% 73,1), Aia (% 56), Mendaro (% 55,3), Olaberria (% 52,7) eta Gaztelu (% 51); Arabako hiru: Iruña Oka (% 63,4), Erriberabeitia (% 57,4) eta Urkabustaiz (% 50,9); eta Bizkaiko hiru: Etxebarri (% 70,5), Jatabe (% 53,8) eta Munitibar (% 51,6). Etxebarri kenduta, udalerri txikiak dira, eta 1.000 etxebizitzatik behera dituzte.

Etxebizitza guztien % 11,4 hutsik daude, eta % 4,1 bigarren egoitza gisa erabiltzen dira

Familiako etxebizitzen parkea erabileraren ikuspuntutik hartuz gero, % 84,5 etxebizitza nagusiak dira, eta gainerako % 15,5 bigarren egoitza gisa erabiltzen dira (% 4,1) edo hutsik daude (% 11,4).

Etxebizitza nagusiak ez direnen proportzioa 2001eko kopurura itzuli da, 2006an gehieneko kopurua lortu ostean. Etxebizitzen % 14,9 ez ziren etxebizitza nagusiak 2001ean; 2006an ehuneko bi puntu baino gehiago igo zen kopuru hori (% 17,5), eta % 15,5era jaitsi 2011n.

Lurraldeei dagokienez, nagusiak ez diren etxebizitza kopururik handiena Gipuzkoan dago (% 17), eta oso antzeko proportzioa du Arabak (% 16,7). Bizkaian, berriz, ehuneko hori % 14,3koa da.

Eskualdeka, Arabako hiru nabarmentzen dira nagusiak ez diren etxebizitzen ehuneko handiagatik: Arabako Errioxa eta Arabako Ibarrak (bietan % 44,9), eta Arabako Mendialdea (% 44,6).

Euskadiko udalerrien ia erdian lau etxebizitzatatik bat ez da nagusia. Haietako hamabi bat udalerritan % 50etik gorako proportzioa dago; hauek nabarmenduta: Leza (% 69), Bastida (% 66,3), Añana (% 63,4) eta Sukarrieta (% 63,4).

Nagusiak ez diren etxebizitza kopurua antzekoa da Gasteizen (% 11,7) eta Bilbon (% 11,2), baina handixeagoa da Donostian (% 16,7).

Euskadiko batez besteko familia-etxebizitzak 39,7 urte ditu, 86,9 m2-ko azalera erabilgarria, 4,9 gela eta 1,3 bainugela

Euskal Autonomia Erkidegoko familia-etxebizitzek, batez beste, 39,7 urte dituzte; hala, Araban 33 urte dituzte; 40,3 Gipuzkoan, eta 41,4 Bizkaian.

Batez besteko azalera erabilgarriari dagokionez, Arabak ditu familia-etxebizitzarik handienak (91,9 m2), ondoren Gipuzkoak (86,9 m2) eta Bizkaiak (85,5 m2). Euskal Autonomia Erkidegokoek, batez beste, 86,9 m2-ko azalera erabilgarria dute.

Gela kopuruari dagokionez, Euskadiko familia-etxebizitzen hiru laurdenek 4 edo 5 gela dituzte (logelak, egongela eta sukaldea), eta 1,3 bainugela, batez beste. Ehun etxebizitzako batek baino gutxiago ez du bainugelarik (% 0,8).

Familiako etxebizitzen % 68,4k igogailua dute eraikinean; horrenbestez, portzentajezko 4,9 puntuko igoera izan da 2006arekin alderaturik.

Familiako etxebizitzen erdia baino gehiago (% 54,4) hamar etxebizitzatik gorako eraikinetan dago, eta % 7,4 berrogei etxebizitza baino gehiagoko eraikinetan. Hamar etxebizitzatatik bat (% 10,5), aitzitik, etxebizitza bateko edo biko eraikinetan dago.

Etxebizitzetan hodi bidez banatutako gasaren presentzia % 50etik gora igo da

Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen erdiek (% 54,4) hodi bidez banatutako gasa zuten, eta haietako hiru laurden baino gehiago (% 76,6) gas naturalaren edo propanoaren kanalizazioak iristen ziren eraikinetan zeuden.

Eskura dugun azken erreferentzia kontuan hartzen badugu (1996koa), hodien bidez banatutako gasaren presentzia bikoiztu da azken 15 urte hauetan; orduan, izan ere, etxebizitzen % 26 baino ez ziren. Bizkaian izan da hazkunderik handiena (portzentajezko 34 puntu); proportzioa % 49,3koa da han. Ehunekorik handiena Gipuzkoan dago (% 61, eta 23,7 puntuko hazkundea), eta Araban ehuneko txikixeagoa dago (% 57,8); azken honek portzentajezko 15,8 puntuko hazkundea izan du, abiapuntuko maila handiagoa baitzen.

Gas-kanalizazioak, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan zabaldu dira; hala, Gipuzkoako etxebizitzen % 82,1 zerbitzu hori duten eraikinetan daude; % 79,1 Araban, eta % 72,5 Bizkaian. Kasu guztietan portzentajezko 10 puntu inguruko igoerak izan dira 2001arekin alderatuta.

Gainera, bost eskualdetan portzentajezko 20 puntutik gorakoa izan da ekipamendu horren hazkundea. Arratia-Nerbioi (21,7), Gorbeialdea (24,2), Arabako Errioxa (27,5), Tolosa (30,5) eta Markina-Ondarroa (44,5); hala eta guztiz ere, nabarmendu beharra dago hiru kasutan ez zegoela gas-hodiak zituen eraikinik hasierako datan (Gorbeialdea, Arabako Errioxa eta Markina-Ondarroa).

Aitzitik, etxeko erabilerarako gas-kanalizazioak oso ohikoak dituzten Gipuzkoako hiru eskualdetan (etxebizitzen % 80tik gora) egonkortu edo gelditu egin da zerbitzu horren igoera iragan hamarkadan: Behe Bidasoa (-3,5 puntu), Debagoiena (-2 puntu) eta Goierri (hamarren bat gutxiago).

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62 CPV2011ri buruzko prentsa-ohar gehiago Euskal AEko CPV2011 -datu bankua

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkeak urteko 14.000 unitateko hazkundea izan du 2001etik 2011ra bitartean

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak
Eragiketa kodea : 
010152
Periodikotasuna : 
Hamar urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2013/09/03
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0010876_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali