HomeGaiakIndustriaPrentsa Oharrak Euskadiko industriak...

2015eko ekainaren 12ko prentsa-oharra

EUSKAL INDUSTRIAREN PANORAMA 2015

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskadiko industriak suspertze-seinaleak agertu zituen 2014an

Euskadiko industriaren sektoreko kontzentrazio handia eta atzerrirako joera

Euskadiko industriagintzak lehen suspertze-zantzuak agertu zituen 2014an, Eustatek prestatu duen «Euskadiko industriaren panorama» lanaren arabera; dena dela, apur bat beranduago dabil erreferentzia diren inguruko ekonomien aldean (esaterako, Espainia, 28ko EB, Frantzia edo Alemania). Horrez gainera, Euskadiko ekonomia orokorki suspertzen ari den testuinguru ekonomiko batean ari da suspertzen industria, ez, ordea, gainontzeko jarduera-sektoreen erritmo berean.

2014an, Euskadiko industria % 1 hazi zen (benetako tasa positiboa); ekonomia osoak agertutako tasa baino apur bat txikiagoa (% 1,2). Aintzat harturik hazkunde-diferentziala eta industria-prezioek izandako bilakaera deflazionista, industriak pisu erlatiboa galdu du Euskadiko ekonomian azken urteotan; Espainian eta 28ko Europar Batasunean industriak duen pisuaren gainetik mantentzen da, baina Alemaniaren azpitik.

2014ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEko industria-sektoreak 11.813 enpresa biltzen zituen: hau da, erkidegoan ezarritako enpresa guztien % 7,4. Azken urtean, behera egin du industria-enpresen kopuruak –% 3,6, hain zuzen–; ekonomiako sektore guztietako enpresen kopurua, ordea, % 1,3 murriztu zen.

Industriako balio erantsian izandako atzerapenek langile kopuruaren beherakada ekarri zuten: hala, % 4,3 jaitsi zen 2013an. Beherakada jarriaitu horixe dela medio, 2008 urtetik, industriak 54.000tik gora enplegu galdu zituen. Dena dela, bere horretan jarraitzen du industriako enpleguak Euskadin betidanik izan duen garrantzia. Izan ere, 2013an, industriagintzan ziharduen Euskadiko langile guztien % 20,8. 2008tik hona hiru portzentaje-puntu galdu baditu ere, oraindik Estatuaren batez bestekoaren gainetik dago, (% 12,5), bai eta 28ko EBko batez bestekoaren gainetik ere (% 15,6). Euskal AEko industriagintzan lan egiten duten langileen erdiak industria-jardueraren hiru adar hauetan biltzen dira: Metalgintza eta metalezko produktuak (% 33,7), Makineria eta ekipamendua (% 10,4) eta Kautxu eta plastikoak (% 9,5).

Lehiakortasuna aztertzeko, lan-kostu unitarioa erabiltzen da: hain zuzen, lan-kostuek produktu-unitate bakoitzean duten eragina neurtzeko aukera ematen duen oinarrizko aldagai bat. Hala, lan-kostu eta produktibitate aldagaien baterako eragina neurtu daiteke. Beste ekonomia batzuekin alderatuz aztertzen badugu Euskadikoa, zera ondorioztatu daiteke: nahiz eta, 2008an, Euskadiko manufaktura-industriaren abiapuntua lehiakorragoa izan (lan-kostu unitario baxuagoekin) Espainiako ekonomiaren eta Europar Batasuneko batez bestekoaren aldean, 2010eko, 2011ko eta 2012ko datuei erreparatuz (horiek dira eskuragarri ditugun Europa-mailako azken datuak), ikus daiteke urte horietan gainetik dagoela Euskadiko lan-kostu unitarioa. Beraz, erlatiboki, lehiakortasuna galdu du euskal industriagintzak.

Euskal AEko industriak ezaugarri nabarmenena sektorearen kontzentrazio-maila altua da. Azken urteetan, ez da gehiegi aldatu, krisia gorabehera; hala, zenbait sektorek (zehazki, metalgintza eta metalezko produktuak, energia elektrikoa, makineria eta ekipamendua, eta garraio-materialaren sektoreak) industriako balio erantsiaren % 60,3 bildu zuten 2013an. Antzeko balioa, 2008 urtearen aldean, bi urteon arteko aldian gorabeherak izan arren.

Aipatzeko bereizgarria da, halaber, Euskadiko industria-enpresek atzerrirako joera dutela: argi eta garbi ikusten da esportaziorako duten joera altuan –industria-esportazioen proportzioa, industriaren BPGari dagokionez, % 152 izan zen 2013 urtean. Horrez gainera, 2014ko ekitaldian, industria-ondarearen merkataritza-saldoak (esportazioen eta inportazioen balioaz bestela) 5.070 milioi euroko soberakina eman zuen: 442 milioi gehiago, 2013ko datuen aldean.

Euskadiko industria aztertzean, inbertsioa ere aldagai aipagarria da. Euskadiko manufaktura-industriaren inbertsio garbia (inbertsio gordina ken desinbertsioa) % 7,8 hazi zen 2013an, 2012 urtearekiko. Industria-inbertsio garbiaren sektoreko kontzentrazio-maila oso altua da; izan ere, inbertsio handieneko jarduera-adarrek (Metalgintza eta metalezko produktuak, eta garraio-materialak) industria-sektorearen guztizko inbertsioaren erditik gora hartu zuten.

Orobat aztertzen dira berrikuntza eta informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera, lehiakortasuna hobetzeko motor eztabaidaezin gisa. Hala, Euskal AEko gastu guztiaren % 40,1 hartu zuen industriagintzak, oro har, 2013an berrikuntza-jarduerei emandako gastuak. Gastu-banaketa desberdinak agertu zituzten Euskal AEn berrikuntza-teknologikoan gehien gastatu zuten hiru sektoreek: garraio-materialen sektoreak makinerian inbertitzearen alde egin zuen (% 53,4); metalgintzaren eta metalezko produktuen sektoreak, eta Informatikako eta elektronikako produktuenak, berriz, barne I+Garen alde (% 38,3 eta % 67,2, hurrenez hurren).

Euskadiko industrian, ezarpen-maila altua agertzen dute Informazioaren eta Komunikazioaren teknologia delakoek. Hala, ordenagailua dute industria-establezimenduen % 89,4, posta elektronikoa % 86,9, Internet % 86,8, webgune bat % 59,6 eta telefono mugikorra % 92,2ak. 2013an, hamar langiletik gorako industria-establezimenduen % 26,4 Interneten salerosi zuten; 2012an, berriz, % 29,4 izan ziren.

Industriaren eskualdekako azterketari bagagozkio, aipatzekoa da 2013an Euskal AEko industrian ziharduen 187.460 langiletik, herena baino gehiago % 38,4 Bilbo Handian, Arabako Lautadan eta Donostian biltzen dela.

Metodologiaren inguruko oharra:

Industria Ikuspegi hau 10 kapitulutan egituratu da. Lehen hiru kapituluek tokiko eta nazioarteko testuinguru makroekonomikoan kokatzen dute industriagintza, industriaren ekoizpena aztertzen dute, eta ekonomiako sektoreen azterketa klasikoaren oinarrizko lehiakortasun-adierazleak berrikusten. Hurrengo kapituluetan, Euskadiko industriaren merkatu-orientazioa aztertzen da, honako ikuspegi hauetatik: kanpo-merkataritza, landunen bilakaera eta ezaugarriak, eta inbertsioaren azterketa. Horrez gainera, gaur egungo garapen ekonomikoan giltzarri diren zenbait alderdi ere aztertzen dira: industria-sektorean berrikuntzaren aurrera joatea, eta zer-nolako ezarpen-maila duten Euskal AEko industria-enpresetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia delakoak (IKT). Azkenik, amaiera emateko, enpresen dinamismoari erreparatzen zaio, eta ikuspuntu geografiko hurbilago batetik –hau da, eskualdeka– aztertzen da industria.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Productuaren datuak
Productuaren datuak

Euskadiko industriak suspertze-seinaleak agertu zituen 2014an

Eragiketa : 
Euskal industriaren panorama
Eragiketa kodea : 
112314
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2015/06/12
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0012607_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali