HomeGaiakEnpresakPrentsa Oharrak Euskadiko AEko ia enpresen...

2017/07/18ko prentsa-oharra

INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2017 urtea

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskadiko AEko ia enpresen erdiek dute software librea 2017n

Konexio mugikorrak, enpresen % 84,6tan daude, eta Interneterako sarbide nagusia dira

Euskal enpresen % 45,8k software librea du 2017n, esaterako Internet nabigatzaileak, ofimatika programak, sistema eragile doakoak edo irekiak (Linux…), Eustatek bildutako datuen arabera. Ehuneko hori % 61,0koa da 10 langile edo gehiago dituzten enpresetan.

Orokorrean, euskal enpresetako IKT ekipamenduak –Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien ekipamenduak- eta teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen ehunekoa hazi egin dira 2017an. Egun, establezimenduen % 88,6k du ordenagailua, eta ehuneko hori 1,0 puntu hazi da azken urtean. Posta elektronikoa duten establezimenduak % 86,7 dira (1,6 puntu hazi da) eta % 87,8k du Internetera sarbidea (hori ere 1,6 puntu hazi da). Telefono mugikorrari dagokionez -zabalduen dagoen IKT ekipamendua da berriz ere-, euskal establezimenduen % 89,7k du; hala ere, ehuneko 2,6 puntu jaitsi da azken urtean.

1. grafikoa: IKT ekipamenduen bilakaera euskal enpresetan (%)
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Gainera, enpresen erdiak baino gehiagok (% 51,4k) webgunea du, eta pasa den urteko ehuneko bera da. Zifra hori % 58,5era ere igotzen da, Internet duten enpresak kontuan hartuz gero.

Lurralde Historikoei dagokienez, ez dago ezberdintasun nabarmenik, eta Gipuzkoako establezimenduak dira teknologia horiek gehien dituztenak, Arabakoen aurretik. Bizkaian, bestalde, zifrak zertxobait baxuagoak dira.

10 langile edo gehiago dituzten enpresek zertxobait hobetu dituzte IKT ekipamenduak, gorenetik gertu baitaude

Ekipamendu-portzentaje hauek handiagoak dira 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan; oso zabalduta daudenez, hazkundea askoz mugatuagoa da establezimendu txikietan baino. % 99,5ek ordenagailua du, % 98,7k posta elektronikoa, % 98,8k Internetera sarbidea, % 95,3k telefono mugikorra eta % 89,1ek webgunea du.

1. taula: IKT ekipamenduak establezimenduetan, lurralde-arlo eta tamainaren arabera. 2017 urtea
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Teknologia hauek erabiltzen dituzten langileen portzentajea, berriz ere, hazi egin da pasa den urtekoarekin alderatuta. Hala, langileen % 71,3k ordenagailua erabiltzen du, % 65,0k posta elektronikoa du eta % 64,3k Internetera sarbidea.

Garrantzitsua da adieraztea ezen teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen portzentajea kontuan hartuta, aldeak asko txikitzen direla. Izan ere, establezimendu txikiek gehiago aurreratu dute, eta handietan langileen zati batek baino ez du enpresaren ekipamenduak erabiltzeko aukera.

2. taula: IKT ekipamenduak establezimenduetan, lurralde-arlo eta establezimenduaren tamainaren arabera (%). 2017 urtea      
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Horrez gain, enpresen % 86,4k badu informatika-segurtasunerako neurriren bat: antibirusak, suebakiak, zerbitzari seguruak, autentifikatzeko mekanismoak edota segurtasun zerbitzuak. 10 langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, ia guztiek (% 99,2k) dute informatika-segurtasunerako neurriren bat.

Zuntz optikoaren konexioak areagotzen jarraitzen du, eta ADSL konexioaren ordezkoa da jada

Internet duten enpresak % 87,8 dira; aurreko urtearen aldean ehuneko 1,6 puntu hazi da.

Sarerako konexio nagusiak mugikorraren bidezkoak (% 82,5) eta ADSL bidezkoak (% 60,7) dira. Hala ere, bakoitzaren bilakaera aurkakoa da. Lehenengoa aurten 2,9 puntu hazi da baina bigarrenak, ADSL bidezko konexioak, beheranzko joerari eusten dio, 14,0 puntu azken urtean.

Bere aldetik, Zuntz Optikoa (kablea, FTTH…) nabarmen hazten ari da, eta aurten ehuneko 9,1 puntu hazi da. Internetera sarbidea duten enpresen % 57,8k erabiltzen dutela esan nahi du horrek, eta pixkanaka ADSL bidezko konexioa ordezkatzen ari da.

Konexio mugikorrak, izan telefono mugikor bidez (smartphonea, PDA, etab.), % 82,5, edo ordenagailu mugikor bidez (tableta, netbooka, etab.), % 60,4, enpresen % 84,6k erabiltzen dituzte; ehuneko 3,0 puntu hazi da erabilera hori.

2.  grafikoa: banda zabaleraren bidezko Internet. (%)
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

10 langile edo gehiagoko enpresetan % 98,8k du Internetera sarbidea. Horien kasuan ere, telefono mugikor bidezko konexioak dira nagusi, % 84,9; 3,5 puntu hazi da erabilera hori. Horien ondoren daude ADSL lineak, % 72,2, baina horien erabilera 7,0 puntu jaitsi da.

Maila horretan, Zuntz Optikoa da (kablea, FTTH, etab.), berriz ere, gehien hazten dena; 7,9 puntu hazi da eta egun konexioen % 68,1a da. Nabarmentzekoak dira, baita ere, ordenagailu mugikor bidezko sarbideak, % 71,3; azken urtean 6,2 puntu hazi dira.

Bestalde, Internetera sarbidea duten eta 10 langile baino gehiagoko enpresen % 94,8 Internetez aritzen da Administrazio Publikoarekin. Zehazki, Internet erabiltzen dute informazioa lortzeko, inprimaki eta formularioak jaso eta betetzeko, gizarte-kotizazioak deklaratzeko, sozietate-zergak eta BEZ ordaintzeko, baita proposamen eta lizitazioak aurkezteko ere, besteak beste. Administrazioarekin Internet bidez aritzen diren enpresen guztizko ehunekoa, enpresaren tamaina edozein delarik ere, % 89,9 da.

Euskal enpresen % 51,4k du webgunea Interneten; 10 langile edo gehiagoko enpresen kasuan, % 89,1ek

Enpresak gero eta gehiago ohartzen dira garrantzitsua dela Interneten webgune bat edukitzea. Hala, azken urtean, sarean dauden enpresak % 51,4 dira (ehuneko hori berdin mantendu da aurreko urtearekin alderatuta); 10 langile edo gehiagoko enpresen kasuan zifra hori % 89,1ekoa da, 0,3 puntu hazi da. Internetera sarbidea duten enpresak bakarrik kontuan hartzen baditugu, ehuneko horiek % 58,5era ere iristen dira; % 90,2ra 10 langile edo gehiagoko enpresetan.

Webgune horietan enpresari buruzko informazio orokorra aurkitu dezakegu, baita eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuak, informazioaren pribatutasun-adierazpena, lanpostu-eskaintzak eta salmenta-ondoko zerbitzuak ere.

Webguneen hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nagusi (% 98,7), ondoren euskara (% 38,0), ingelesa ondoren (% 28,9) eta beste hizkuntza batzuk azkenik (% 11,9).

3. grafikoa: 10 langile edo gehiagoko establezimenduak, Interneterako sarbide eta web orriaren arabera, estatuen arabera (%). 2016ko urtarrila
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak. 2016
EUROSTAT 2016

Internetera sarbidea eta webgunea duten 10 langile edo gehiagoko euskal enpresen ehunekoa Europako EU-28 batez bestekoa baino altuagoa da

Nazioarte-mailan, eta EU-28rekin behar bezala alderatzeko, 10 langile edo gehiagoko enpresen datuak eta Eurostatek multzokatutako jarduerak erabiltzeaz gain (ez dira kontuan hartu finantza-sektorea, administrazio publikoa, etab.) aurreko urteko informazioa erabili behar da, 2016koa alegia. Urte horretan, Internetera sarbidea duten euskal enpresen ehunekoa (% 98) Europar Batasuneko 28en batez bestekoaren gainetik zegoen (% 97); webgunea zuten enpresak % 88 ziren Euskadiko AEn eta % 77 UE-28ko batez bestekoa 2016an.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskadiko AEko ia enpresen erdiek dute software librea 2017n

Eragiketa : 
Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Eragiketa kodea : 
223002
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2017/07/18
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0014296_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali