2018/07/05eko prentsa-oharra

PANORAMA DEMOGRAFIKOA 2018

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko biztanleak 2016an 1981ean baino 35.000 gehiago ziren

1981etik 2016ra bitartean 65 urte eta gehiagoko biztanle-kopurua bikoiztu egin zen, %22ra joanez

Eustatek eginiko Panorama Demografikoa 2018 izenekoaren arabera, non laburbiltzen baitira fenomeno demografikoen analisiak, 1981etik 2016ra bitartean ia 35.000 pertsonaz hazi zen Euskal AEko biztanleria, aldi horretan zehar zeinu ezberdindun aldakuntzak gertatu zirelarik.

Lehenengo aldi batean, 1981etik 2001era, 59.000 pertsona pasa galdu ziren, oroz gain 90eko hamarraldian. Izan ere, bai migrazio-saldoa (aurreko hamarralditik), bai begetatiboa (jaiotzak ken heriotzak) negatiboak ziren. 2001 eta 2011 artean 91.000 pertsonaz goiti irabazi ziren, migrazio-saldoa eta begetatiboa positiboak izan baitziren, batez ere migraziokoa. Halatan, aurreko 20 urteetan galdurikoa aise berreskuratu zen hamar urte horietan. 2012 eta 2016 artean 3.000 pertsonakoa izan zen biztanleriaren galera, baina, halaz ere, Euskal AEko biztanle-kopuruak segitu zuen 1981ekoa baino handiagoa izaten.

graf0015302_01_e.png

Euskal AEko biztanleriaren egiturari dagokionez, adin-talde nagusien araberako banaketaren bilakaerak jaitsiera nabarmena eta etengabea izan du adinik gazteenetan; adinik zaharrenetan, aldiz, igoera. 1981etik 2016ra bitartean 65 urte eta gehiagoko biztanleria %9tik %22ra pasatu da, bi aldiz baino gehiago. Gazteen espazioa erritmo horrexetan murriztu da: 1981ean hiru pertsonatatik batek 20 urte baino gutxiago zituen; 2016an adin horietan, %18. Are ikusgarriagoa izan da pertsona zahar-zaharren (85 urte eta gehiago) kopuruaren goratzea: 5,5ez biderkatu da 36 urte horietan eta orotarakoaren %4 dira.

Jaiotza-tasa gordina, 2016an, mila biztanleko 8,4 jaiotzakoa zen

Euskal AEn jaiotza-tasa gordina 1.000 pertsonako 8,4koa zen 2016an. 60ko hamarraldian milako 20tik gora zegoen, Espainiakoaren gainetik. Harrezkeroztik jaitsiera etengabea izan zen 1995era arte, noiz iritsi baitzen izatera milako 7,3koa. Ordutik hazi zen, eta maila gorena eduki zuen 2008an (milako 9,9). Azken urteetan jaitsi egin da berriz, 2016ko aipaturiko mailaraino.

1978tik 4 urtez handitu da amen adina seme-alabak jaiotzen direlarik: 33 urte 2016an. Espainian 32 urte dira, Italian adibidez 31,8, Portugalen 31,1 eta Alemanian 30,9.

Batez besteko adina hiltzean 15 urtez goiti luzatu da

Heriotza-kopurua %52,8 hazi da 1979tik (1975-2016 aldiko minimoa) 2015ra bitartean, non maximoa iritsi baitzen. eta batez besteko adina hiltzean 15,4 urtez atzeratu da, zeinek erakusten baitu bizitza-luzera handitu dela. Sexuei erreparatuz, adin-igoera antzekoa da (15,6 urte gizonengan eta 15,2 emakumeengan), baina abiapuntua ez zen berdina; izan ere, 1975ean gizonak 60,9 urterekin hiltzen ziren batez beste, eta emakumeak 68 urterekin. Batez besteko adinaren diferentzia hiltzean gero eta handiagoa izan zen 1992ra bitartean, noiz 10 urtekoa izan baitzen, baina ondoren murriztu eta 2016an 6,6 urtekoa izan zen.

Heriotza-kausen proportzioak aldatu egin dira azken 26 urteetan, batez ere tumore eta zirkulazio-sistemaren gaixotasunetan. 1990ean azken horiek heriotzen ia %36ren eragileak ziren, eta tumoreak %27renak. Bi kausa-talde horien bilakaerak ekarri du 2016an tumoreek pisu handiagoa edukitzea (%29,8) zirkulazio-sistemaren gaixotasunek baino (%27). Aldi horretan kanpoko kausak 1990eko ia %6tik 2016ko %3,7ra murriztu dira, trafiko-istripuetan gertaturiko jaitsiera nabarmenari esker. Baina batez ere ugaritu dira buru-gaixotasunak eta nerbio-sistemarenak, zeren 1990eko %4,3tik 2016ko %13,4ra iragan baitira. Nabarmentzen dira hor Alzheimer-en gaixotasuna eta dementziak.

Gero eta ezkongai gutxiago eta gero eta zaharragoak

Sexu ezberdineko Euskal AEko pertsonen arteko ezkontzak 2016an 7.387 izan ziren, kopuru txikiena 1976tik, noiz 16.093 izan baitziren. Euskal AEko ezkontzako tasa, 3,4 ezkontza mila biztanleko, Europako txikienetakoa da, eta bakarrik da alderagarria Italia, Portugal eta Espainiakoekin.

Ezkontza-kopurua jaisteaz gain, Euskal AEko gizartearen ezkontzaren gaineko ezaugarririk garrantzitsuena ezkontide ezkongabeen adinaren igotzea da. 1986tik senargaien batez besteko adina 8,4 urtez igo da; emaztegaiena, berriz, 9,5ez. 2016an ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batez besteko adina 36,7 urtekoa zen; emakumezko ezkongabeena, 34,8koa.

Euskal AE biztanle-egozle izatetik jasotzaile izatera pasatu da

1988tik 1999ra Euskal AEk 52.638 pertsona galdu zituen migrazioengatik, eta 119.996 irabazi 2000.etik; batez ere, atzerritarren etorrera jendetsuagatik. Mende honetan iragandako hamasei urteetan 610.951 pertsona etorri dira, eta 490.955ek alde egin. Hortaz, XX. mendearen azken hamaika urteetako norabideak buelta eman du, zeren tarte horretan 136.159 immigrante izan baitziren eta 188.797 emigrante.

1988tik 2016ra Euskal AEren kanpo-migrazio saldoek ezberdin jokatu dute aztertutako eremu geografikoaren arabera. Atzerriko saldoak beti izan dira positiboak (2012, 2013 eta 2014an izan ezik: 12.851 pertsona gutxiago), baina 1997ra arte oso urriak ziren, 2.000 pertsona ingurukoak.

Gainerako Espainiarekiko saldoak, aldiz, negatiboak izan dira 1988-2008 aldi osoan gaindi. 1988an izan zen saldo negatibo altuena, 21.000 pertsona baino gehiagorekin, eta gainerako urteetan 4.000 pertsona ingurukoa izan zen. Eustatek estatistika hau egiten duenetik lehenbiziko aldiz gehiago izan dira 2008an beste erkidegoetatik hona etorritako pertsonak kontrako bidea egin dutenak baino (+49 pertsona). Hurrengo urteetan gora egin du saldo horrek eta 2011n goia jo 6.638 pertsonarekin, nahiz eta 2015ean 947koa izan.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko biztanleak 2016an 1981ean baino 35.000 gehiago ziren

Eragiketa : 
Panorama demografikoa
Eragiketa kodea : 
010915
Periodikotasuna : 
Bi urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2018/07/05
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Bilduma
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0015302_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datu Bankua

Grafikoak

Metodologia eta Kalitatea

Mikrodatuak

Definizioak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Grafiko interaktiboak

Kalitate-fitxak

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali