2018/11/29ko prentsa-oharra

HIRUHILEKO KONTUAK. III/2018

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko BPG %2,6ko urte arteko tasaz gehitu da 2018ko hirugarren hiruhilekoan

Enpleguak segitzen du hazten, %2,0ko urte arteko igoerarekin hirugarren hiruhilekoan

2018ko hirugarren hiruhilekoan Euskal AEko BPG %2,6 gehitu da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera. 2018ko bigarren hiruhilekoaren aldean, zenbatetsitako hazkundea %0,5ekoa izan da.

Hazkunde horiek berresten dituzte Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen Aurrerapeneko zenbatespenak, 2018ko iragan urriaren 30ean eskainiak, eta Euskal AEko hazkunde ekonomikoa inguruko ekonomia gehienen gainetik dute paratzen.

Eskaintzaren aldetik, sektore produktiboen bilakaerari erreparatuz, ikusten da jokaera hedakorra nagusi dela sektore guztietan, Lehenean izan ezik (Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza), zeina %4,6 txikitu baita 2017ko hirugarren hiruhilekoaren aldean eta %5,4 2018ko bigarrenarekiko.

Industria eta Energiaren sektorean baretu da hirugarren hiruhilekoan balio erantsiaren hazkundea, urte arteko %1,9ko tasa batekin, hainbat hiruhilekotan %3ren gainetik egon ondoan. Urte arteko moteltze horrek dakar sektorearen geldialdi bat aurreko hiruhilekoaren aldean. Manufaktura-industriaren jokamoldea sektoreak oro har duenaren antzekoa da, urte arteko %2,0ko gehikuntzarekin eta hiruhileko arteko geldialdiarekin.

graf0015873_01_e.png

Eraikuntzaren sektoreak bizkortu du balio erantsiaren hazkundea 2018ko hirugarren hiruhilekoan, 2017ko aldi beraren aldean %4,8ko aldakuntza zenbatetsiarekin. Hiruhileko artean, bilakaera positiboa ere da, %1,5eko tasarekin aurreko hiruhilekoarekiko.

Zerbitzuen sektorearen aktibitate orokorrak erakusten du aurreko hiruhilekokoaren antzerako eboluzio positiboa, urte arteko %2,7ko gehikuntzarekin eta hiruhileko arteko %0,5ekoarekin. Sektorean portarea oneneko adarra da Gainerako zerbitzuak deritzona, zeinek biltzen baititu, besteak beste, hala jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak nola finantzarioak eta asegurukoak. Balio erantsia %3,2 zabaldu du 2017ko hiruhileko berarekiko eta %0,7 aurreko hiruhilekoaren aldean. Zenbatespen biok bi hamarren daude bigarren hiruhilekorako lorturikoen gainetik. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarra era positiboan aldatu da hirugarren hiruhilekoan, nahiz eta balio erantsiaren hazkundea den bi hamarren azpitikoa aurreko hiruhilekoan hautemanikoaren aldean urte artean (%2,5ko hazkundea %2,7koaren aldean); aldiz, hiruhileko artean jokamolde hobea du aurreko hiruhilekoarekiko (%0,5eko gehikuntza hirugarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoko %0,3koaren ondoren). Azkenik, Herri-administrazioa, hezkuntza, osasuna eta gizarte-zerbitzuak adarraren balio erantsia %2,1 hazi da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean eta %0,1 2018ko bigarren hiruhilekoarekiko.

Sektore produktiboen balio erantsien batuketatik ateratzen da Euskal AEko Oinarrizko Preziotako Balio Erantsi Gordina, zeinak hiruhileko honetan %2,6 gora egin duen 2017ko hirugarren hiruhilekoarekiko eta %0,4 2018ko bigarren hiruhilekoaren aldean. Urte arteko hazkundea 3 hamarren azpitikoa da aurreko hiruhilekoan zenbatetsitakoaren aldean eta hamarren bat da azpitik hiruhileko artean.

Merkatuko Preziotako Barne Produktu Gordina, eskaintzaren ikuspegitik, lortzen da Balio Erantsiari gehitzean Produktuen gaineko zerga garbiak, zeinen balio agregatua 2018ko hirugarren hiruhilekoan %2,6 hazi baita urte arteko tasan eta %1,7 2018ko bigarren hiruhilekoarekiko.

graf0015873_02_e.png

Eskariaren aldetik BPGren eboluzio zenbatetsia analizatuz, ikusten da ezen, urte artean, Barne Eskariaren bilakaera hamarren bat dela BPGrenaren azpitik, %2,5eko hazkunde zenbatetsiarekin. Kanpo-sektorearen jokaeraren ondorioa ekonomiaren osotasunean, beraz, positiboa da, hamarren bat igoz Barne Eskariaren urte arteko aldakuntza, %2,6raino. Ondasun eta Zerbitzuen Esportazioak %2,2 hazi dira urte artean (%1,7 hiruhileko artean) eta Ondasun eta Zerbitzuen Inportazioak %2,1 gehitu dira (%1,1eko hazkundea aurreko hiruhilekoaren aldean).

Familia-etxeen Azken Kontsumoko Gastuak (Kontsumo Pribatua) aurrera segitzen du jotzen, tasa txikiagoan, guztiaz ere, aurreko hiruhilekoen aldean. Urte arteko hazkunde-tasa %2,3koa izan da, zeinek dakarren aurreko hiruhilekoarekiko %0.3ko gehikuntza.

graf0015873_03_e.png

Kontsumo Publikoan (HHAAen Azken Kontsumoko Gastua), aldiz, urte arteko hazkunde zenbatetsian (%1,2ko hazkundea) ikusiriko moderazioak dakar zenbatetsiriko gastuaren %0,7ko jaitsiera aurreko hiruhilekoaren aldean.

Azken Kontsumoko Gastua (Herri Administrazioen Azken Kontsumoko Gastua eta Familia-etxeena) %2,0 gehitu da oro har. 2018ko bigarren hiruhilekoarekiko, %0,1eko hazkundea gertatu da.

Kapital Eraketa Gordina (Inbertsioa) %4,0 gehitu da aurten, zeina %0,4ko gehikuntza den hiruhileko artean. Ez da homogeneoa izan Inbertsioaren osagaien eboluzioa. Ekipo Ondasunetan eginiko Kapital Finkoaren Eraketa Gordina %2,9 hazi da urte artean, baina aurreko hiruhilekoaren aldean %1,7 egin du atzera. Aldiz, Kapital Eraketa Gordinaren Gainerakoek, zeinak dauden oso lotuak Eraikuntzaren eboluzioarekin, hazkundea bizkortu dute, %4,6raino joanez urte artean. 2018ko bigarren hiruhilekoarekiko, %1,6ko hazkundea da hori.

graf0015873_04_e.png

BPGren eboluzioari begira lurraldeetan, urte artean, Arabako eta Gipuzkoako hazkundeak Euskal AEk bere osoan duenaren gainetik daude, %2,8ko aldakuntza-tasarekin; Bizkaiko hazkunde zenbatetsia %2,4koa izan da. 2018ko bigarren hiruhilekoaren aldean ere positiboki aldatu dira eta %0,5eko tasak lortu dira Araban zein Bizkaian eta %0,6koa Gipuzkoan.

Enpleguan, Lanpostuak Dedikazio Osoko Baliokidetzan neurtua, azken aldietan ikusiriko joera positiboarekin da jarraitzen, %2,0ko tasarekin urte artean eta %0,4koarekin aurreko hiruhilekoarekiko. Bilakaera positibo hori zor zaie Industrian, Eraikuntzan eta Zerbitzuen sektorean sorturiko lanpostuei, %1,8ko, %3,8ko eta %1,9ko gehikuntzekin, hurrenez hurren. Eraikuntzaren kasuan hazkundea bizkortu egin da, baina Zerbitzuetan moderatuagoa da igoera aurreko hiruhilekoaren aldean; Industrian mantendu da lanpostuak sortzeko erritmoa. Aurreko hiruhilekoaren aldean, nabarmendu da Eraikuntzaren sektorea ere, %2,0ko hazkundearekin; aldakuntza hori %0,9koa eta %0,1ekoa da Industrian eta Zerbitzuetan. Lehen sektorean eboluzioa negatiboa da, bai urte artean bai hiruhileko artean (%1,5 eta %2,0, hurrenez hurren).

Enpleguak gora egin du hiru lurraldeetan: Araban %2,2 hazi da, Gipuzkoan %2,1 eta Bizkaian %1,8.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Productuaren datuak
Productuaren datuak

Euskal AEko BPG %2,6ko urte arteko tasaz gehitu da 2018ko hirugarren hiruhilekoan

Eragiketa : 
Hiruhileroko kontuak
Eragiketa kodea : 
170115
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
III/ 2018
Eguneratze data : 
2018/11/29
Hurrengo eguneratzea : 
2019/04/26
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0015873_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali