2019/03/08ko Prentsa Oharra

HIRUHILEKOKO KONTUAK. 2018/IV

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskadiko Autonomia Erkidegoko BPGa %2,8 igo da 2018. urtean

Laugarren hiruhilekoa urte arteko %2,4ko igoerarekin itxi da, hau da, hiruhileko horretako hazkundea %0,5ekoa izan da

Euskadiko Autonomia Erkidegoko BPGk %2,4ko igoera izan du 2018ko laugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, Eustatek egin dituen estimazioek erakusten dutenez. 2018ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, hiruhilekoen arteko aurreikusitako aldaketa tasa %0,5ekoa izan da, aurreko hiruhilekoan aurreikusitako bera. 2018. urte osoan, BPGak 2017arekin alderatuz izan duen hazkundea %2,8koa dela aurreikusten da.

Laugarren hiruhilekoko hazkundearen aurreikuspenak, joan den 2018ko urtarrilaren 30ean egindako Hiruhileko Kontu Ekonomikoen Aurrerapenean lortutakoekin datoz bat.

Eskaintzaren ikuspuntutik, 2018ko laugarren hiruhilekoan BPGak izan duen urte arteko hazkundea, sektore guztiek erakutsi duten bilakaera positiboari esker eman da, Industriak izan ezik, atzera egin baitu, urte arteko zein hiruhileko arteko terminoetan.

Industria sektoreak %0,2ko urte arteko bariazio tasa negatiboa erakusten du, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. 2018ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, jaitsiera %0,9koa izan dela aurreikusten da. Manufaktura industriak urte arteko eta hiruhileko arteko terminoetan egin du behera, industria osoaren antzera, urte arteko -%0,1eko tasarekin eta hiruhileko arteko-%0,9koarekin. 2018an zehar industriak izan duen bilakaerak hazkundearen etengabeko moteltzea erakusten du, eta azken hiruhilekoan jaitsiera izan du.

graf0016345_01_e.png

Eraikuntza sektoreak, berriz, oso bilakaera positiboa erakutsi du 2018. urte osoan zehar, gorako joerari jarraituz. Laugarren hiruhilekoan, aurreikusitako urte arteko bariazio tasa %5,6koa izan da, eta horrek %1,5eko hazkunde tasa erakusten du, hirugarren hiruhilekoarekin alderatuz. 2018an eraikuntzaren sektoreak azelerazioa erakutsi du, gorako bidean joan diren hazkunde tasekin.

Zerbitzu sektoreak urteko azken hiruhilekoan izan duen jarduera orokorrak aurreko hiruhilekoetan erakutsitako bide bera jarraitu du, %2,9ko eta %0,9ko urte arteko eta hiruhileko arteko hazkunde tasekin, hurrenez hurren.

Zerbitzuen portaera desberdina da adarren arabera. Merkataritza, ostalaritza eta garraio adarrak %3,0ko hazkundea erakusten du aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta %1,1ekoa aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Administrazio publiko, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzu adarretan, hazkundeak, urte osoan zehar eutsiak izan diren arren, bigarren hiruhilekoan baino zertxobait motelagoak dira. Horrela, laugarren hiruhilekoan urte arteko hazkundea %2,2koa eta hiruhileko artekoa %1,0koa izan dira.

Amaitzeko, Gainerako Zerbitzu adarretan dauden jarduerek –higiezinen jarduerak, profesionalenak, zientifikoak eta teknikoak, eta baita finantzei eta aseguruei buruzkoak ere–, orokorrean %3tik gorako urte arteko hazkundeak erakusten jarraitzen dute. Laugarren hiruhilekoak %3,1eko eta %0,6ko urte arteko eta hiruhileko arteko hazkundeak erakutsi ditu.

Sektore agregatuek 2018ko laugarren hiruhilekoan izan duten portaerak Balio Erantsiaren bilakaera positiboa eragin du, urte arteko terminoetan (%2,4ko hazkundea) eta hiruhileko arteko terminoetan (%0,6ko hazkundea), urtean zehar hazkundearen nolabaiteko moteltzea hautematen den arren.

graf0016345_02_e.png

Eskariaren aldetik, Barne Eskariaren portaera kanpokoarena baino positiboagoa izan da laugarren hiruhileko honetan, BPGarena baino handiagoa izan den urte arteko hazkundearekin. Bi osagaien (Gastua Azken Kontsumoan eta Kapitalaren Eraketa Gordina) bilakaera positiboa izan da, Kapitalaren Eraketa Gordina nabarmenduz.

Kanpoko sektorearen bilakaera moderatuagoa izan da, %1etik behera dauden hazkunde tasekin, esportazioei zein inportazioei dagokienez.

Etxeen Gastuak Azken Kontsumoan eta ISFLSH izenekoak (Kontsumo Pribatua) azkartu egin dute erritmoa 2018ko azken hiruhilekoan. Urte arteko bariazio tasa %2,6koa da, aurreko hiruhilekoan hautemandakoa baino hiru hamarren altuagoa. Hiruhileko arteko bariazio tasa ere aurreko hiruhilekokoa baino altuagoa da, eta hiruhileko horretan %0,9ra heldu da (aurreko hiruhilekoan baino 6 hamarren gehiago). Bilakaera positiboa izan da urteko hiruhileko guztietan, aurreko urteetan hautemandakoak baino zertxobait motelagoak izan diren arren.

Kontsumo Publikoak (Administrazio Publikoen Gastuak Azken Kontsumoan) %0,8ko hazkundea erakutsi du urte arteko terminoetan, hau da, aurreko hiruhilekoan baino %1,4 gehiago. 2018an zehar Kontsumo Publikoaren hazkundea moteldu egin dela hautematen da, baina tasa positiboak erakusten ditu lau hiruhilekoetan.

Administrazio Publikoek Azken Kontsumoan izan duten Gastuaren eta Etxeek Azken Kontsumoan izan duten Gastuaren bilakaera bateratuak, Azken Kontsumoko Gastuaren %2,2ko hazkundea eragin dute. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %1eko hazkundea erakusten da.

Kapitalaren Eraketa Gordinak (Inbertsioa) hazkunde sendoak erakusten ditu 2018ko hiruhileko guztietan, laugarren hiruhileko honetan %4,1eko urte arteko tasara helduz. Hiruhileko arteko tasa ere positiboa da (%1,6). Inbertsioaren portaera orokor hori, norabide eta intentsitate desberdina duten bi bilakaeratan dago oinarrituta.

Ekipo Ondasunetan egindako Inbertsioaren bilakaerak portaera positiboa erakusten du, urtean zehar moteldu egin bada ere, urtea urte arteko %2,1eko hazkunde tasarekin amaituz, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz hazkundea %1,1ekoa izan den arren.

graf0016345_03_e.png

Eraikuntzaren bilakaerarekin lotuago dagoen Kapitalaren Eraketa Gordinaren gainerakoan, urtean zehar urte arteko hazkunde tasetan azelerazioa hauteman da. Azken hiruhilekoan urte arteko %5,2ko hazkundea lortu da, eta hiruhileko arteko %1,9koa.

Gastuak Azken Kontsumoan eta Kapitalaren Eraketa Gordinak osatutako Barne Eskariak %2,6ko bariazio positiboa erakusten du urte arteko terminoetan. Hazkunde horiek BPGean aurreikusitakoak baino zertxobait altuagoak dira eta, ondorioz, Kanpoko Sektorearen ekarpena zertxobait negatiboa izan da azken hiruhileko honetan. Horrela da, Esportazioek %0,3 egin dute gora aurreko urteko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta Inportazioek, berriz, pixka bat gehiago, %0,6.

Enplegu mailei dagokienez (jardunaldi osoko Lanpostu baliokideetan neurtuta), azpimarratzekoa da urte arteko tasaren %2,0ko hazkundea. Magnitude hori nahiko egonkor egon da azken urteetan. Urte arteko tasa horrek %0,5eko hazkundea erakusten du 2018ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Enplegu mailaren urte arteko bilakaera positiboa izan da jardueraren adar guztietan. Azpimarratzekoa da Eraikuntza sektorearen bilakaera positiboa, azken hiruhileko honetan hazkunde tasa, %4,1ekoa izan baita, 2017ko hiruhileko berean izandakoa baino altuagoa. Zerbitzu sektoreak lanpostu kopuru garrantzitsua sortzen jarraitzen du, 2017ko azken hiruhilekoan erregistratutakoak baino %1,9 gehiago. Industria sektoreak ere urte arteko hazkunde tasa positiboa erakusten du (%1,5), aurreko hiruhilekoan ikusitakoa baino txikiagoa den arren (%0,3 txikiagoa). Azkenik, Lehen sektoreak beste mota bateko patroia erakusten du, azken hiruhileko hori izan baita aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta enplegu tasa altuagoa erakusten duen bakarra, %3,1eko tasa, hain zuzen ere.

graf0016345_04_e.png

BPGak Lurralde Historikoen arabera izen duen bilakaerari dagokionez, Bizkaiak %2,6ko urte arteko tasa erakusten du, eta Gipuzkoak eta Arabak urte arteko hazkunde moderatuagoak erakusten dituzte (%2,3 eta %2,2, hurrenez hurren). Hala ere, urteko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoa da hazkunde handiena erakutsi duena, hiruhileko arteko %0,6ko tasarekin, Bizkaiak eta Arabak, hurrenez hurren, erakutsi dituzten %0,4ko eta 0,3ko tasen aurrean.

2018. URTEKO BALANTZEA

Euskadiko Autonomia Erkidegoko BPGa %2,8 hazi da 2018an, 2017an baino hamarren bat gutxiago. %3tik gertu dauden hazkunde tasak erakusten dituen ondoz ondoko laugarren urtea da. 2018. urterako BPGaren behin behineko lehenengo estimazio hori, lau hiruhileko bakoitzerako aurreikusitako BPGaren batura gisa lortzen da.

2018an, Eskaintzari dagokionez, ekonomiako sektore handi guztiek jokabide hedatzailea erakutsi dute. Azpimarragarria da, %4,3ko urteko hazkundearekin, Eraikuntza sektorea. Bere atzetik Zerbitzu sektorea (%2,9), Lehen sektorea (%2,3) eta, azkenik, Industria (%2,1) datoz. Zerbitzuen barruan, hedapen txikiena izan duen adarra Administrazio Publikoa, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak (%2,4) izan da. Eraikuntza eta Zerbitzu sektoreek azkartu egin dute beraien hazkundea 2018an. Industriak, eta Lehen sektoreak batez ere, moteldu egin dute euren igoera.

Eskariari dagokionez, ikusten da Barne Eskariak %2,8 egin duela gora, eta BPGaren hazkundea ere %2,8koa izan dela kontuan hartzen badugu, 2018an kanpoko saldoaren ekarpena hutsa izan dela ikusten dugu. Hau da, esportazio eta inportazio globalen bilakaera positiboa konpentsatu egin da urtean zehar.

Barne Eskariak 2018an izan duen hazkundearen zergati nagusia Kapitalaren Eraketa Gordina izan da batez ere (%4,1ekoa, ekipo ondasunen hazkundea %4koa eta gainerakoarena %4,2koa izanik). Azken Kontsumoan egindako Gastua gutxiago hazi da, %2,4, kontsumo publikoaren hazkunde moderatuaren (%1,7) ondorioz batez ere, kontsumo pribatua 2017an baino %2,6 handiagoa izan baita.

Jardunaldi osoko Lanpostu baliokideetan neurtutako enpleguaren bilakaera positiboa izan da, aurreikusitako %2,1eko hazkundearekin 2018rako, hau da, 19.000 lanpostu garbi baino gehiago sortu dira. Urteko enplegu tasa, hiruhileko bakoitzerako aurreikusitako enpleguen batez bestekoaren bitartez lortzen da, eta horren lehenengo behin behineko aurreikuspena da.

Enpleguaren portaera onena Eraikuntza sektorean egon da, %3,6ko igoerarekin 2017ko batez bestekoarekin alderatuz (aurreko urtean aurreikusitako %2,0koa baino altuagoa). Zerbitzu sektorean enpleguaren hazkundea %2,1ekoa izan da (2017ko hazkunde berbera), eta lanpostuen sorkuntzaren hazkundea moteldu egin da industria sektorean (%1,7ko hazkundea) eta lehen sektorean (%0,2ko hazkunde txikia).

BPGak Lurralde Historikoetan izen duen bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan. Arabak eta Gipuzkoak %2,8 egin dute gora, eta Bizkaiak %2,7.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskadiko Autonomia Erkidegoko BPGa %2,8 igo da 2018. urtean

Eragiketa : 
Hiruhileroko kontuak
Eragiketa kodea : 
170115
Periodikotasuna : 
Hiru hilekoa
Denbora arloa : 
IV/2018
Eguneratze data : 
2019/03/08
Hurrengo eguneratzea : 
2019/09/20
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0016345_e.html
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali