2019/04/05eko prentsa-oharra

DEMOGRAFIA-ADIERAZLEAK 2017

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoko gizon-emakumeen bizi-itxaropenak

Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeek batez besteko adin altua dute amatasunerako, 32,8 urte, Europar Batasunean baino 2 urte gorago

Demografia-fenomenoak aztertzeko Eustatek ondutako adierazleen emaitzek aurreikusi dutenez, gure Autonomia Erkidegoko jaioberri bat, mutikoa bada, 80 urte baino gehiago biziko da, eta ezkontzeko % 48ko probabilitatea izango du; neskatoa bada, berriz, 86,3 urte arte luzatuko da haren bizi-itxaropena, eta ia % 52ko probabilitatea izango du ezkontzeko, eta ume bakar bat ekarriko du. Bi kasuetan ere, bizilekua bederatzi aldiz aldatuko dute bizitza osoan.

Euskal AEko hala gizonen nola emakumeen bizi-itxaropena etengabe hazi da. Duela 40 urte behatutako adierazleei erreparatuz gero (hurrenez hurren, 69,6 urteko eta 76,9 urteko bizi-itxaropena gizon eta emakumeentzat 1976an), ikus daiteke emakumeen bizi-itxaropena 9,4 urte hazi dela, eta gizonena, berriz, 10,8 urte. Gizonek 3,2 hilabeteko bizia irabazi dute igarotako urte bakoitzeko, 80,4 urtera heldu arte; aldiz, emakumeek 2,8 hilabete bizi gehiago irabazi dute, 86,3 urtera heldu arte. Bi sexuen arteko bizi-itxaropenen arteko aldea 5,9 urtera gutxitu da, duela 25 urte bien artean zegoen 8,7 urteetatik. Nolanahi ere, garatutako herrialde gutxik dute hain bizi-itxaropen altua, bereziki emakumeen kasuan.

graf0016390_01_e.png

Tumoreak dira bizi-itxaropen urteetarako mehatxu nagusia. Osoki ezabatuko balira, gizonek 4,4, urte gehiago biziko lirateke; emakumeak, berriz, 3 urte gehiago. Aldiz, txikiagoak dira heriotzarako kanpoko arrazoiek eragindako kalteak: 8 hilabete kentzen diete gizonei, eta 4 hilabete emakumeei; trafiko-istripuen kasuan, kopuru horiek hilabete batera gutxitzen dira, bi sexuetan.

Hirugarren edo gehiagoko jaiotzak ia desagertu egin dira

Euskal Autonomia Erkidegoko ugalkortasuna bereziki apala da Frantzia eta Suediaren gisako herrialdeekin alderatuta, haiek 1,9 jaiotza baitituzte emakumeko. 2016an, batez bestekoa 1,3 zen, 1975ean izandako batez besteko 2,7 jaiotzetatik urrun, baita belaunaldia berritzeko behar diren 2,1 jaiotzetatik ere. Tasa apalena Bizkaian dago, 1,3 jaiotza emakumeko; Araban, 1,5 da, eta Gipuzkoan, berriz, 1,4.

Datu horietan oinarrituz, aurreikusi da batez besteko emakume batek 0,7 lehen jaiotza izango dituela (beraz, ondorioztatzen da emakumeen ia heren batek ez duela ondorengorik izango), 0,5 bigarren jaiotza, eta hamarretik bat erdituko da hirugarren edo geroko ume batez. Alde horretatik, hirugarren edo gehiagoko haurdunaldiak % 90 baino gehiago gutxitu dira 1975en aldean.

Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarri bat amatasunerako batez besteko adin altua da, 32,8 urte, Europar Batasunean baino 2 urte gorago. 1975ean baino 4,2 urte gehiago ere dira. Beste bi lurraldeen aldean, Arabak du batez besteko adin apalena: 32,4 urte; izan ere, Bizkaian 33 urtera heltzen dira, eta Gipuzkoan Euskal Autonomia Erkidegoaren batez bestekoa dute.

Ezkontzeko batez besteko adina 35 urtetik gora dago bi sexuetan

2016ko tasen arabera, lehen ezkontzen ehunekoa % 47,7ra heltzen da gizonezkoetan, eta % 51,9 emakumeetan; hori beherakada nabarmena da 2001eko tasen aldean, % 56,1 eta % 59,5 izan baitziren orduan, hurrenez hurren. Beste ikuspuntu batetik ikusita, datu horiek esan nahi dute gizonen % 52k eta emakumeen erdiak baino zertxobait gutxiagok ezkongabe jarraituko dutela. Alde nabarmena da duela 40 urteko egoerarekin: orduan, pertsonen ia % 100 ezkontzen ziren.

Ezkontzeko joeraren azterketak erakusten duenez, ezkontzeko adina geroratu egiten da gero eta gehiago. Lehen ezkontzaren batez besteko adina 37,1 urte da gizonentzat (1975ean baino 10,4 urte geroago), eta 35 urte emakumeen kasuan (1975ean baino 10,8 urte geroago).

Ugalkortasunarekin gertatzen den bezala, egiaztatu ahal izan da ezkontzak adin jakin batzuetan metatzen direla nabarmen. 6 urtetan bakarrik, 29 urtetik 35era, gizonen % 46,4 ezkontzen dira, eta emakumeen % 48,6.

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle bakoitzak hiru emigrazio eta erdi egingo ditu batez beste bizitza osoan

Ohikoena da emigrazioa probintziaren barruan egitea, alegia, helmugako udalerria abiapuntukoaren lurralde berean kokatzea; hala gertatzen da migrazioen erdietan baino gehiagotan (1,9tan gizonen guztizko 3,5etatik, eta emakumeen guztizko 3,4etatik). Aldiz, batez beste, gizon bakoitzari 1,3 migrazio dagozkio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora (emigrazio guztien % 40), eta emakume bakoitzari, berriz, 1,4 (% 38). Lurralde arteko migrazioak guztien % 9 dira bakarrik.

Lurraldeka, alde handia dago, alde batetik, Bizkaia eta Gipuzkoaren eta, bestetik, Arabaren artean; Arabak 2,7ko emigrazio tasa du bi sexuetarako. Gipuzkoak, berriz, 3,4ko migrazio kopurua du guztira, eta Bizkaia 3,7 lekualdaketatara heltzen da. Alde horien arrazoia probintzia arteko mugikortasuna da; izan ere, Gipuzkoak horrelako 1,8 lekualdaketa ditu, eta Bizkaia 2,2ra heltzen da; aldiz, Araba lurralde arteko 0,8 lekualdaketatara heltzen da bakarrik. Lurralde arteko lekualdaketetan, Araba nabarmentzen da, 0,4 lekualdaketa pertsonako edukiz, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten direnen ia bikoitza, 0,2 eta 0,3, hurrenez hurren.

Emakumeen artean, emigrazioaren distantzia handitu ahala, batez besteko adina ere handitu egiten da; ondorioz, Lurralde bakoitzaren barruan lekualdatzen direnak gazteagoak dira, 33,9 urtekoak; aldiz, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora emigratzen dutenek 34,5 urte dute batez beste. Gizonen artean, aldea txikiagoa da, eta alderantzizkoa; izan ere, Erkidegotik kanpora 34,3 urtekoak ateratzen dira, eta 34,6 urte dituzte Lurraldeon artean lekualdatzen direnak.

Udalerri barruko lekualdaketei dagokienez, gizon-emakume arabarrek dute mugikortasun handiena, ia 7 lekualdaketarekin batez beste; aldiz, Gipuzkoako egoiliarrak diren gizon-emakumeak mugitzen dira gutxien.

Migrazioen eta helbide-aldaketen batuketa egiten badugu, biztanle batek 9,5 helbide-aldaketa egingo ditu bizitza osoan, dela udalerri barruan, dela udalerritik kanpora.

graf0016390_02_e.png

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-GasteizPrentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Productuaren datuak
Productuaren datuak

Gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoko gizon-emakumeen bizi-itxaropenak

Eragiketa : 
Adierazle demografikoak
Eragiketa kodea : 
010121
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2019/04/05
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
http://eu.eustat.eus/elementos/not0016390_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarri

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali