2020/04/20ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA ENPRESETAN. 2019
IKTei dagokienez, Euskal AEko enpresen egoera desberdina da COVID-19aren krisiari aurre egiteko
Langile guztien herenek urruneko konexioa zuten gailu eramangarri baten bidez, baina telelanak langileen % 4ri baino ez zien eragiten 2019an
Euskal AEko enpresetako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) aukera ematen dute hobeto egokitzeko COVID-19 osasun-krisiaren ondorioz sortutako lan-egoera berriaren aurrean, eta hori ez da berdina Euskal AEko enpresa guztietan, Eustatek landutako datuen arabera. 2019an, enpresetan teknologia horien erabiltzaileen ehunekoa guztizkoaren % 73,1 zen, eta % 11,0 IKT sistemetan espezializatutako langileak ziren.
Gainera, langile guztien herenek (% 32,7) urruneko konexioa zuten erabilera profesionalerako gailu eramangarri baten bidez, eta enpresaren kokapen fisikotik kanpo lan egiteko aukera ematen zuen horrek. Lurraldeen arteko banaketak agerian uzten du Gipuzkoa zela urrutiko konexiodun langileen proportzio handiena zeukan lurraldea, langile guztien % 34,7. Bizkaian, ehuneko hori zertxobait txikiagoa zen, langileen % 32,5, eta are txikiagoa Araban, lurralde horretan ez baitzen gainditzen % 30 (% 29,2).
Urruneko konexioaren sartzea ere desberdina da establezimenduaren jarduera ekonomikoaren sektorea kontuan hartuta. Eraikuntzaren eta zerbitzuen sektorean, enplegatutako hiru pertsonatik batek baino gehiagok urruneko konexioa zuen establezimenduarekin, % 37,4k lehenengoaren kasuan eta % 34,3k bigarrenaren kasuan. Industria-sektorean, aldiz, lau langiletik batek baino ezin zuen konexio mota hori egin (% 25,6).
Batez beste, langileen % 3,9k enpresaren lokaletatik kanpo lan egiten zuten gutxienez lanaldiaren heren batez erregularki. Horretarako, sare telematikoak erabiltzen zituzten IKT sistemekin konektatzeko, eta, alde horretatik, telelangiletzat har daitezke. Gipuzkoan zegoen telelangileen proportzio handiena (% 4,5), eta ondoren Bizkaian (% 3,8). Bestalde, Araban zegoen telelana gutxien ezarrita, langileen % 3,2ri soilik eragiten baitzien.
Telelanaren eraginak, establezimenduaren jarduera-sektore ekonomikoaren arabera, urruneko konexioaren kasuan ikusitako aldeak ere mantentzen zituen. Industriaren kasuan, telelana langileen % 2,2ra baino ez zen iristen; zerbitzuetan, berriz, % 4,2ra, eta are gehiago eraikuntzaren sektorean, langile guztien % 6,3ra.
Teknologia horien erabileran posizio ona izatea erabakigarria izaten ari da aldaketa horiek egiteko orduan. Zentzu horretan, telefono mugikorra da ezarpen handiena duen IKT ekipamendua, eta hura Euskal AEko establezimenduen % 93,4k daukate, eta % 91,6k Interneterako sarbidea dute. Gainera, enpresen erdiek baino zertxobait gehiagok, % 54,6k, web-orria dute.
Ehuneko horiek handiagoak dira 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan. Establezimendu horietan, hain dira handiak mailak, ezen esan baitaiteke ezarpen orokorrekoak direla: % 99,6k ordenagailua dute, % 99,2k Interneterako sarbidea, % 96,3k telefono mugikorra eta % 92,3k web-orria.
Internetera sartzeko konexio-mota ere garrantzitsua da enpresetako langileen mugikortasunari begira. Euskal AEn, telefono mugikorraren bidezko konexioak, % 88,6, eta zuntz optikoaren bidezko konexio finkoak (Kablea, FTTH...), % 71,0, dira sarera sartzeko modu nagusiak. Konexio finkoen multzoa Interneterako sarbidea duten enpresen % 94,5etan dago; konexio mugikorrak, berriz, gaur egun konektatutako enpresen % 89,6k erabiltzen dituzte, telefono bidez (smartphoneak, PDA...) edo ordenagailu eramangarri bidez (tableta, netbooka, etab.).
Segurtasuna, gainera, funtsezkoa da etxeetako lan-jarduera bermatzeko. Gure enpresa-sarean erabiltzen diren beste segurtasun-neurri batzuen artean, zeregin horretarako berebiziko garrantzia dute datuak zifratzeak (% 31,6) eta VPN sareak erabiltzeak Internet bidez informazioaren zirkulazioan konfidentzialtasuna bermatzeko (% 21,8). 10 langile edo gehiagoko enpresen kasuan, erdiek baino gehiagok erabiltzen dituzte segurtasun-neurri horiek.
Enpresen eraldaketa digitala ebaluatzeko, Industria 4.0 izenekoa, jarraian aztertzen diren adierazle batzuk hartzen dira kontuan.
10 langile edo gehiago dituzten establezimenduen kasuan, zeinak baitira aldaketa-prozesu hori bizkorren ezartzen ari direnak, nabarmentzekoa da Sare sozialen erabilera enpresa-helburuetarako, 2019an Euskal AEko establezimenduen % 66,0rekin. Bigarrenik, Zibersegurtasun-jarduerak daude, establezimenduen % 42,8tan. % 30etik gora daude, halaber, Zerbitzu informatikoak hodeian eta Zerbitzu mugikorrak. Lehenengoei dagokienez, Cloud Computing izenekoari dagokionez, Euskal AEko establezimenduen % 36,3k ordaintzen dute ostatatze hori; adierazi behar da zerbitzu mota horrek aukera ematen duela enpresa baten informazioa edo zerbitzuak eskuratzeko, edozein lekutan kokatutako edozein gailutatik Interneterako konexioaren bidez. Bigarrenei dagokienez, Zerbitzu mugikorrak, hau da, horiek zeinak erabiltzen baitira enpresaren jarduerarekin eta ekoizpen-prozesuekin lotutako aplikazioetan, establezimenduen % 35,4tara iristen dira. Azkenik, Big Dataren Analisia (% 22,1) eta beste teknologia batzuk nola Robotika (% 12,1) eta 3Dko inprimaketa (% 8,2), teknologia batzuk zeinek aukera ematen baitute ekoizpena egoera aldakorretan azkar aztertu eta egokitzeko, tamaina horretako establezimenduetan ere agertzen dira.
Bestalde, merkataritza elektronikoak, aurrez aurreko merkataritzaren osagarri edo ordezkoak, banaketa desberdina adierazten du, Euskal AEko enpresetan sistema horren bidez egindako erosketak edo salmentak diren. 2018an merkataritza elektronikoa egin zuten enpresen ehunekoa % 26,3 izan zen, eta enpresen % 24,1ek hartu zuten parte erosketen arloan eta % 6,9k salmentenean. Tamaina kontuan hartuz gero, 10 langile edo gehiago dituztenetan, merkataritza elektronikoa % 31,6koa izan zen, % 27,0koa erosketetan eta % 13,1ekoa salmentetan.
Kalkuluen arabera, Euskal AEn merkataritza elektronikoaren bidez egindako erosketak 14.065,9 milioi eurokoak izan ziren 2018an, eta salmentak, berriz, 19.142,9 milioi eurokoak aldi horretan berean.
Azken urteotan merkataritza elektronikoan izandako igoerak gorabehera, mota horretako trukeek Euskal AEko enpresetan duten eragina, orain arte, neurrizkoa zen. Ziur aski, osasun-krisiaren eragin ekonomikoak nabarmen aldatuko ditu zifra horiek, bai merkataritza elektronikoa duten establezimenduen kopuruari dagokionez, bai trukatzen diren kopuru ekonomikoei dagokienez, bereziki sektore jakin batzuetan.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62