Hasiera > Eskola web-a hasi > Aipagarriena

Orrialde honetan Eustaten estatistika-eskaintzaren alderdirik garrantzitsuenak ikus ditzakezu.

Jaiotakoen izenak

 -  Esteka hau irekitzean nabigatzailean leiho berria agertuko zaizu

Agian Eustaten webgunean ageri den informazioa interes gutxikoa edo ulergaitza dela pentsatuko duzu. Ba, oker zaude. Euskal Estatistika Erakundeak prestatzen dituen datuak enpresek, administrazioek eta norbanakoek erabiltzen dituzte aldi eta arlo jakinetako gizartearen eta ekonomiaren berri jakiteko. Beraz, horiek guztiek ezinbestekoa dute Eustatek ematen duen informazioa etorkizunerako planak egiteko. Ikusiko duzu, gainera, datu asko erabilgarriak ez ezik bitxiak ere badirela. Adibidez, badakizu azken urteetan Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaiotakoei ezarritako izenetan Iker eta Ane izan direla erabilienak? Informazio zehatzagoa daukazu irudian klik egin eta agertuko zaizun Internet helbidean.


Udal informazioa

Nahi duzu jakin zenbat biztanle zareten zeure udalerrian? Eta zenbat etxebizitza dauden? Eta zenbat osasun-zentro edo banku dauden? Euskaraz asko egiten den? Zenbat etorkin bizi diren? Galdera horien guztien erantzunak aurki ditzakezu Eustaten webguneko atal oso interesgarri batean: Euskadiko Autonomia Erkidegoko 251 udalerrietako 140 adierazkariren datuak ezarri dira. Gainera, udalerriak alderatu ditzakezu, Erkidegoko udalerri guztietako datuak zein bakar batekoak bistara ditzakezu.Atal hortara joateko bidea marrazkian klik eginik.


Informazio Estatistikoa

Eustaten webgunean "Berriak" deritzon atal handia dago erdialdean, eta bertan, izenak berak azaltzen duen bezala, Euskal Estatistika Erakundeak herritarren esku jarritako azken informazioak ageri dira. Ezkerraldean hainbat atal daude; gorengoaren izena "Gaiak" da, eta bertan Eustatek egindako eragiketa estatistiko guztietan bildutako informazioa ageri da (datuen kopurua izugarri handia da). Informazioa gaika antolatuta dago: bat klikatzen baduzu Eustatek horretaz bildutako datu guztiak eskuratuko dituzu. Jarraitu marrazkiaren esteka.


Turismoa

Badakizu Eustatek inkesta bat egiten duela hilero gurera geroago eta turista gehiago edo gutxiago hurbiltzen den argitzeko eta turisten jatorria eta egonaldia aztertzeko? Eragiketa estatistiko hau Euskal Estatistika Erakundeak egiten dituen garrantzitsuenetako bat da, eta hotelen zein nekazalturismoen datuak biltzen ditu. Jakingo duzun bezala, turismoaren bilakaera adierazkari garrantzitsua da, alde geografiko jakin batean ekonomia eta gizartea zer moduz ari diren argitzen laguntzen baitu.Informazio gehiago nahi baduzu joan dagokion atalera.


Hezkuntza

Ikaslea zarenez, baliteke jakin nahi izatea zenbat pertsona ari ziren ikasten aldi jakin batean Euskadiko Autonomia Erkidegoan edo bizi zaren lurralde historikoan edo udalerrian, edo zenbat ikasle eta ikastetxe zeuden urte jakin batean. Horrez gainera, datu horiek irizpide batzuen arabera taldekatu ditzakezu: irakaskuntza mota (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa, unibertsitate hezkuntza,…) eta hizkuntza eredua (A, B, D,…). Halaber, zeure hezkuntzak eragiten duen gastuaren berri jakin dezakezu, eta gastua nola finantzatzen den ere bai. Horretarako ez daukazu besterik Eustaten webguneko "Hezkuntza" atalera joan eta nahi duzun gaia hautatu baino.Irudian klik egin eta bertatik hasi zaitezke...


Biztanleriaren Mugimendua

Jaiotzak, heriotzak, hazkunde begetatiboa (jaiotzen eta heriotzen arteko diferentzia), ezkontzak (erlijiosoak zein zibilak), migrazio-mugimenduak (Erkidegora, lurraldera edo udalerrira kanpotik bizitzera etorritako pertsonak, eta kanpora bizitzera joandakoak) …, hauek guztiak Biztanleriaren Mugimendua (BM) atalaren osagaiak dira. Ikus dezakezun bezala, Eustatek garrantzi handikotzat dauka atal hau, lotura estua baitu demografiarekin. Datuak ikusteko, hemen ageri den Internet helbidera joan eta gero "Biztanleriaren mugimenduak" atala hautatu behar duzu.Lehenengo jarraitu irudiak daukan esteka.


Datu Bankua

Badakizu Eustaten webguneko atal batera sartuta hainbat gairen inguruko datuen bilakaeraren berri jakin daitekeela? Horren bitartez interesatzen zaizkizun gai guztien ikuspegi dinamikoa eduki dezakezu, ez aldi jakin batekoa bakarrik. Esate baterako, zeure herriko, eskualdeko, lurralde historikoko edo Autonomia Erkidegoko biztanleria edo langabezia urtetik urtera igo edo jaitsi den jakin dezakezu, eta dena kontsulta bakar batean. Aldirik aldi hainbat gairi (demografia, lan-merkatua, hezkuntza, euskara, osasuna, ingurumena, etxebizitza...) ateratako argazkiak ikustea bezala da, egoerak denboraren joanean onera ala txarrera egin duen jakiteko.Gehiago jakiteko irudian klik egin ezazu.