OHAR BIOGRAFIKOAK 1990

GAD NATHAN

Estatistika irakaslea eta Estatistika Sailaren buru da Gad Nathan, Hebrear Unibertsitatean (Jerusalem). Aurretik Israelgo Estatistika Erakunde Nagusiko Ikerketa eta Garapen zuzendari izan da, eta bisitari modura lan egin izan du munduko hainbat unibertsitate eta estatu mailako estatistika erakundetan. Nathan doktoreak Estatistika masterra eskuratu zuen Hebrear Unibertsitatean, 1960 urtean, eta Eragiketen Ikerketako doktoretza Case Teknologia Erakundean, 1964an.

Ikerketagai izan ditu laginketa metodologia eta laginketaz kanpoko akatsak; laginketa konplexuetatik eginiko inferentzia; erantzun-akatsen ereduen luzapenak; anizkoitasunekin egindako inkestak; eta inkesta metodologiaren alderdi kognitiboak. Australia, Kanada, Ingalaterra, Frantzia eta Estatu Batuetako taldeekin hainbat ikerketa proiektutan esku hartu du. Nathan doktoreak 50 bat argitalpen plazaratu ditu: zientzia aldizkarietako artikuluak, liburuak eta prozedurak.

Nathan doktorea lehendakariorde izan da Nazioarteko Estatistika Erakundean, eta Inkesten arloko Estatistikarien Nazioarteko Elkarteko kontseilukide da. Israelgo Estatistika Kontseilu Publikoaren buru izendatu berri dute.

ILDEFONSO VILLAN CRIADO

Ildefonso Villan Criadok Matematikako lizentziatura eskuratua du Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Bere argitalpenen artetik, aipatzekoak dira «Desarrollo de un Sistema de Detección e Imputación Automática basado en la Metodología de Fellegi y Holt ampliada», «On the routing structure editing rules», «DIA SYSTEM: Software for the automatic imputation of qualitative data» eta «METODO ABC». Egun, alboko zuzendariorde da Espainiako Estatistika Erakundean, Informatika Metodologiaren arloan.

MARIA SOLEDAD BRAVO CABRIA

Maria Soledad Bravo Cabriak Ekonomiako lizentziatura eskuratu zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta ikastetxe horretako irakasle elkartua da. Bi master ditu: Administrazio Publikoaren arlokoa bata, Harvard-eko KSGan eskuratua; eta Ekonomia Kuantitatibokoa bestea, Espainiako Bankuak emana. Bekadun lanetan jardun zuen Estatu Batuetako Errolda Bulegoaren Estatistika Ikerketarako Sailean, eta Statistics Canada erakundean. Espainiako Estatistika Erakundeko Informatika Metodologiaren Arloko buru da gaur egun.

ESTELLE BEE DAGUM

Estelle Bee Dagum doktorea Statistics Canada erakundeko Denbora Serieen Ikerketarako eta Analisirako Sailaren zuzendari da, eta Mendebaldeko Ontarioko Unibertsitateko Estatistika eta Zientzia Aktuarialen Saileko ohorezko irakasle.

Dagum doktorea XllARIMA delakoaren egilea da. Denboraldien arabera doitzeko metodo hori metodo ofizialtzat hartu dute munduko estatistika erakunde gehienek, eta banku zentralek, finantza erakundeek eta unibertsitateek ere badarabilte. Dagoeneko argitaratuak ditu hainbat liburu eta laurogei lan baino gehiago, zientzia aldizkarietan, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, alemanez eta japonieraz.

Dagum doktoreak aholkulari nagusi lanak egin ditu zenbait gobernurentzat eta atzerriko hainbat erakunde pribaturentzat, Estatu Batuetan, Australian, Frantzian, Argentinan, Mexikon eta Portugalen. Analisten Nazioarteko Erakundeko lehendakari izan da, eta Erreserba Federalaren Kontseiluko hizlari gonbidatua. Amerikako Estatistika Elkarteko kide da, Nazioarteko Estatistika Erakundeko kide hautatua, Julius Shiskin sariaren lehen hartzailea eta Errenta eta Ondasunen arloko Ikerketari buruzko Nazioarteko Elkartearen kide hautatua. "International Journal of Forecasting, Canadian Journal of Statistics eta Journal of Survey Methodology" aldizkarietako editore lanetan dihardu.

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali