Eustatek 25 urte bete ditu

Eustatek 25 urte bete ditu. Zehazki, Euskal Estatistika Erakundea 1986ko azaroaren 25ean sortu zen, EAEren Estatistikari buruzko 4/1986 Legeak xedatzen dituen eginkizunekin, ahalmenekin eta egiturarekin.
Erakundearen eginkizun nagusia hau da: Euskal AEko gizartearen eta ekonomiaren alderdi guztiei buruz agintzen zaion informazio estatistiko ofiziala eta kalitatekoa garatzea, ekoiztea eta zabaltzea; informazio hori, gainera, objektiboa eta zientifikoki egiaztatua izan behar da. Era berean, Euskal AEko estatistika-jarduna zuzendu eta koordinatzen du eta estatuko eta nazioarteko estatistika-esparruan laguntzen du.
Eustat erakunde zorrotz eta fidagarria dela heldu da urteurren honetara, estatistikak ekoizteko orduan hurrengo alderdiak oinarritzat hartuta: independentzia profesionala, konfidentzialtasuna, etika eta zuzentasuna, kalitatearekin konpromisoa, erabiltzaileari zuzendutako orientazioa, talde-lana, etengabeko hobekuntza eta pertsonen garapena.
Eustat Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da, Ekonomia eta Ogasun Sailera atxikita dagoena. Estatistika-jarduerari lotutako alderdi tekniko guztietan independentzia profesionala zorrotz gordetzen du, eta estatistikak erabiltzaile guztiek aldi berean eskura ditzakete, argitaratzen diren unean bertan.
Erakunde autonomo hau Euskadiko datu estatistikoen iturri nagusia da, eta hasieratik argi izan du ororen gainetik zerbitzu publikoa dela. Beraz, erabiltzaileen beharrizan estatistikoak ulertzea, ikertzea eta interpretatzea dira bere betebeharrak.
20 eremu baino gehiagotan jarduten du, besteak beste demografia eta gizarte-ohiturak, osasuna, lana, gizarte-babesa, etxebizitza, berrikuntza eta garapena, industria, prezioak, kultura eta informazioaren gizartea.
UNE GOGOANGARRIAK
EAEren Estatistikari buruzko 4/1986 Legea 1986ko apirilean onartu zen eta Estatuan aitzindaria izan zen. Eustaten jarduera lege horrek xedatzen duenaren araberakoa da, aldizkako Euskal Estatistika Planaren onespenari jarraiki. Plana sei aldiz gaurkotu da, eta egun 2010-2012 aldikoa dago indarrean.
Hain zuzen, orain Eustat 2013-2016 aldiko Euskal Estatistika Planaren aurreproiektua prestatzen ari da. Gainera, hurrengo 2012-2014 aldirako Plan Estrategikoa eta Berrikuntza Plana izango dena ere lantzen ari da.
ZERBITZUAK
Eustatek ematen dituen zerbitzu nagusienak urtero AENORek ziurtatzen duen Zerbitzuen Kartan deskribatzen dira. Hauexek dira: webguneko informazio eta hedapen-zerbitzua, “kontsulta azkarren” zerbitzua eta “neurrira emandako informazioa” izeneko eskaerena, laguntza teknikoa eta metodologikoa emateko zerbitzua eta prestakuntza-zerbitzua. Zerbitzuen Kartan jasotzen dira erabiltzaileek erakundearekin dituzten harremanetan balia ditzaketen eskubideak eta dituzten betebeharrak.
Webgunean eta datu-bankuan etengabe eguneratzen den informazioa eskaintzen da, Estatistika Planetan eta Programetan aurreikusitako eragiketen bidez lortzen dena.
Eustaten webgunean aurki daiteke erakundeari buruzko informazio guztia, baita Euskal AEri lotutako edozein gairi buruzko datu estatistikoak eta horiei dagozkien taula estatistikoak ere. Horrez gain prentsa-oharrak, txostenak eta dokumentuak, metodologia, datu-bankua eta abar erabilgarri daude webgunean, baita udalerrika bereiztutako 200 estatistika-adierazle baino gehiagorako sarrera ere.
Eustatek urtero 150 prentsa-ohar argitaratzen ditu; neurrira egindako 300 datu-eskaera inguru prozesatzen ditu; telefonoz bideratutako 1.500 kontsulta ingururi erantzuna ematen die, webgunean 400.000 bisita izaten ditu eta hango 3.000.000 orrialdetik gora ikusten dira.
Euskarri elektroniko berriez lagunduta, newsletterrak ere bidaltzen zaizkie orain, posta elektronikoz, Euskal AEko administrazio publikoko erabiltzaile kalifikatuei eta estatistika-informazioa ematen duten 10.000 hornitzaile ingururi (enpresak, komertzioak, hotelak,...)
ETORKIZUNA
Euskal Estatistika Erakundeko zuzendaritzak etorkizunerako erronka gisa hartu du inmigrazioa, garapen iraunkorra, gizarteratzea, ezagutzaren gizartea eta ingurumena bezalako esparruetan dauden eta egon daitezkeen politika publikoak diseinatu eta ebaluatzen lagunduko duten informazio-beharrizanei aurrea hartzea.
Gainera, erakunde moduan lanean jarraitu nahi du erabateko kalitatea eta bikaintasuna lortu arte eta Europako estatistiketako Praktika Onen Kodeak ondo bete nahi ditu.
Beste erronka bat ere badu, hau ere gainerakoak bezain garrantzitsua: Eusko Legebiltzarrak 2005eko otsailaren 18an onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean xedatutakoa bere erregistro guztietan konplitzea, eta Euskal AEko estatistikaren esparruan hizkuntz normalizaziorako konpromisoa betetzea.
25 urteko ibilbidearen ostean erabiltzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu Eustaten konfiantza izateagatik, eta informazioa ematen diguten pertsona eta erakunde guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu ematen duten laguntza garrantzitsu eta beharrezkoagatik. Aurrerantzean ere behar duten estatistika-informazioa eskaintzen jarraituko dugu.