Ohiko bizilekua, sei hilabeteko irizpidearen arabera
Pertsona bat etxebizitza batean bizi ohi dela ulertuko da bere eguneroko atsedenaldiaren gehiengoa etxebizitza horretan igarotzen badu, eta azken sei hilabeteetako aldia kontuan hartu beharko da.
Etxe berriak osatzen dituzten pertsonak edo dagoeneko existitzen diren etxeetan sartzen direnak normalean bizileku berriko kidetzat hartuko dira; era berean, beste edozein lekutara bizitzera joateko etxea uzten duten pertsonak jatorrizko etxeko kidetzat hartzeari utziko diote.
Gorago aipatutako azken sei hilabeteetako irizpidearen ordez, bizileku berrian sei hilabetez edo gehiagoz bizitzeko asmoa erabiliko da. Kontuan hartu beharko da etxeetako sarrera- edo irteera-mugimendu iraunkorra zer den. Hau da, etxe batean denbora mugagabean edo sei hilabetez edo gehiagoz bizitzeko asmoz bizitzen jartzen den pertsona bat etxekoen unitate horretako kidetzat hartuko da, nahiz eta oraindik sei hilabete igaro ez dituen eta, egia esan, denbora horren zatirik handiena beste edozein bizilekutan eman duen. Era berean, sei hilabete edo gehiago kanpoan egoteko asmoz beste edozein bizilekutara joateko etxea utzi duen pertsona batek aurreko etxeko kidetzat hartzeari utziko dio.
Aldi baterako absente dagoen pertsona bat etxebizitza pribatu batean badago, egungo edo aurreko etxekoen unitateko kidetzat hartuko da, absentziak irauten duen denboraren arabera. Salbuespen gisa, etxearekin oso lotura estuak dituzten pertsona-kategoria jakin batzuk etxekoen unitateko kidetzat hartu ahal izango dira, kanpoan emandako denbora edozein dela ere, betiere beste etxe pribatu bateko kidetzat hartzen ez badira.