GBABESE Eskuliburuaren arabera, gizarte-babesaren kontzeptuan sartzen dira "erakunde publiko zein pribatu guztien esku-hartzeak, arrisku edo behar jakin batzuek familientzat eta gizabanakoentzat suposatzen duten zama arintzera bideratuak". Banakako "akordiorik" ez balego, arrisku edo behar hori taldeka estaliko litzateke; beraz, gizarte-babesaren ataletik kanpo geratzen dira banakako ekimenak, hau da, herritarrek edo familiek nork beren mesedetan hartzen dituzten ekimenak. Hortaz, definizio hori gizarte-babesari buruzko definizio nahiko zabala da.
Gizarte-babesaren arloko beste estatistika batzuetan, hala nola Lanaren Nazioarteko Bulegoaren estatistikan, gizarte-segurantzako sistemei dagozkien erakundeek burututako ekintzak baino ez dira sartzen. GBABESE metodologian, aldiz, behaketa-eremua gizarte-babeseko ekintzak burutzen dituzten erakunde guztietara, publikoetara zein pribatuetara, zabaldu da. Ekintza horiek, betiere, definizio orokorraren arabera burutuko dira.
Gizarte-babesaren kontzeptua osatzeko, definizioan aipatzen diren arriskuak eta beharrak azaldu behar dira. Hona hemen funtzio direlako horien zerrenda:Gaixotasuna / osasun-asistentzia, Elbarritasuna, Zahartzaroa, Umezurtz-alargunak, Familia / seme-alabak, Langabezia, Etxebizitza, Beste inon sailkatuta ez dagoen gizarte-bazterkeria.