EUSTATek egindako Jaiotzen Estatistikako 2002ko bigarren hiruhilekoko datuetan, 4.581 jaio ageri dira, aurreko hiruhilekoan baino gehiago. Lurraldez lurralde, Araban 654 ume jaio ziren, aurreko hiruhilekoan baino %16 gehiago; Bizkaian 2.373, aurreko hiruhilekoan baino %6,8 gehiago; eta Gipuzkoan 1.554, %5,9 gehiago.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2002ko bigarren hiruhilekoan, erdiak baino gehiago, 2.571 ume (%56,1), lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.737 ume (%37,9) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi dira; eta 273 ume (%6) hirugarren eta ondorengo seme-alabak dira.
Lau jaiotzatik hirutan amek 30 urtetik gora dituzte
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzen baditugu, ikusiko dugu 30-34 urteko amen taldea oraindik ere nagusi dela argi eta garbi, horien artean izan baitira erditzeen %45,6. Talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea dago, hau da, 35-39 urte artekoa (%25,8) eta 25-29ko taldea beherago geratu da, erditzeen %20,4 ekarri baititu. Muturreko adinak dituzten taldeetan, 25 urtez behera amatzen direnak %5,2 dira, eta 40 urtez gorakoen taldeak, berriz, jaiotzen %3,1 besterik ez du ekarri.
Ezkontzaz kanpo jaioek guztizkoaren %17,7 hartzen dute. Araba (%21,2) izan da Euskal AEko kopuru orokorra baino handiagoa izan duen lurralde bakarra. Talde horren erditze-adina umeak eduki dituzten amen multzo osoarena baino txikiagoa da, 25 urtetik beherakoak baitziren ama ezkongabeen %19,1.