EUSTATek egindako Jaiotzen Estatistikako 2002ko hirugarren hiruhilekoko datuetan, 4.529 jaio ageri dira, aurreko urteko aldi berean baino %1,6 gehiago. Lurraldez lurralde, Araban 626 ume jaio ziren (%+2,5), Bizkaian 2.325 (%+1,8) eta Gipuzkoan 1.578 (%+1,0).
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2002ko hirugarren hiruhilekoan, erdiak baino gehiago, 2.704 ume (%59,7), lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.572 ume (%34,7) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi dira; eta 253 ume (%5,6) hirugarren eta ondorengo seme-alabak dira. Araba izan da hirugarren eta ondorengo seme-alaben proportzioa Euskal AEko batez bestekoa baino txikiagoa izan duen herrialde bakarra.
Amen ia erdiak 30 eta 34 urte artean dituzte
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzen baditugu, ikusiko dugu 30-34 urteko amen taldea oraindik ere nagusi dela argi eta garbi, horien artean izan baitira erditzeen ia erdiak. Talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea dago, hau da, 35-39 urte artekoa (%25,3) eta 25-29ko taldea beherago geratu da, erditzeen %20 ekarri baititu. Muturreko adinak dituzten taldeetan, 25 urtez behera amatzen direnak %5,6 dira, eta 40 urtez gorakoen taldeak, berriz, jaiotzen %2,9 besterik ez du ekarri.
Ezkontzaz kanpo jaioek guztizkoaren %17,7 hartzen dute eta 2001eko hirugarren hiruhilekoaren aldean puntu bat baino gehiago hazi da. Gipuzkoan proportzio hori Euskal AEko guztizkoaren (%16,0) azpitik geratu da. Talde horren erditze-adina umeak eduki dituzten amen multzo osoarena baino txikiagoa da, 25 urtetik beherakoak baitziren ama ezkongabeen %20,4.