EUSTATek egindako Jaiotzen Estatistikako 2002ko lehen hiruhilekoko datuetan, 4.254 jaio ageri dira, hots, aurreko hiruhilekoan baino % 2,9 gutxiago. Lurraldez lurralde, Araban 564 haur jaio ziren, Bizkaian 2.222, eta Gipuzkoan 1.468.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2002ko lehen hiruhilekoan, erdiak baino gehiago, 2.414 haur, lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.607 haur (% 37,8) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi dira; eta hirugarren eta ondorengo seme-alabak ez dira % 5,5era iristen. Bizkaian (% 42,6), bigarren eta ondorengo seme-alaben kopurua Euskal AEko batez bestekoa (% 43,3) baino txikiagoa izan da, eta hori herrialde historiko horretan batean baino ez da gertatu.
Amen adina egonkortu egin da
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatzen baditugu, ikusiko dugu 30-34 urteko amen taldea oraindik ere nagusi dela argi eta garbi, haien artean gertatu baitira erditzeen ia erdiak. Talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea dago, hau da, 35-39 urte artekoa (% 25,3); 25-29ko taldea beherago geratu da, erditzeen % 20,5 ekarri baititu. Muturreko adinak dituzten taldeetan, 25 urtez behera amatzen direnak % 5,7 dira, eta 40 urtez gorakoen taldeak, berriz, jaiotzen % 3,3 besterik ez du ekarri. Hala ere, banaketa hori 2001eko lehen hiruhilekoan jasotakotik oso hurbil dago.
Ezkontzaz kanpo jaioek guztizkoaren % 17,9 hartzen dute, eta ia hiru puntu igo dira 2001eko lehen hiruhilekoaren aldean. Araba (% 20,2) izan da Euskal AEko kopuru orokorra baino handiagoa izan duen lurralde bakarra. Talde horren erditze-adina haurrak eduki dituzten amen multzo osoarena baino txikiagoa da, zeren ama ezkongabeen % 20 15 eta 24 urte bitartekoak baitziren.