2002ko irailean, 133.736 bidaiari-sarrera erregistratu dira Euskal AEko hotel-establezimenduetan, aurreko urteko hil berean baino ia 10.000 sarrera gehiago, hau da, % 8ko gehikuntza, Eustatek eskainitako datuen arabera. Bidaiari-sarrerak % 15 gehitu dira Araban, % 8 Bizkaian, eta % 4 Gipuzkoan.
Estatutik datozen bidaiarien kopuruak gora egin du (%9), atzerriko bidaiarien sarrerak baino gehiago (% 5). Estatutik datozen bidaiarien kopurua hiru herrialdeetan igo da: % 16 Bizkaian, % 14 Araban, eta % 2 Gipuzkoan. Eta atzerritik datozen bidaiariak % 17 gehitu dira Araban eta % 9 Gipuzkoan; Bizkaian, berriz, % 4 urritu dira.
Estatutik datozen bidaiarien artean, batik bat Madrildik, Andaluziatik, Asturiastik eta Gaztela eta Leondik datozenak gehitu dira. Pixka bat gutxitu dira, aitzitik, Murtziatik, Kataluniatik eta Galiziatik etorriak, besteak beste. Atzerriko bidaiarien artean, aipatzekoa da, Frantziatik, Erresuma Batutik eta Europako gainerako herrialdeetatik datozen bisitariek izan duten gehikuntza; pixka bat urritu dira, ostera, Italiatik eta Alemaniatik etorriak.
2002ko irailean, 253.427 gaualdi erregistratu dira. Horrenbestez, aurreko urteko aldi berean baino ia 19.000 gehiago izan dira, hau da, % 8 gehitu dira ehuneko-baliotan. Egindako gaualdien kopuruak % 11ko hazkundea izan du Bizkaian, % 7koa Gipuzkoan eta % 5ekoa Araban.
Euskal AEko hoteletan ostatu hartu duten bidaiarien batez besteko egonaldia mantendu egin da 2002ko irailean (1,89 egun), baina herrialde historikoetan aldaketak izan dira, Bizkaia eta Gipuzkoan % 3 igo da eta Araban, aldiz, % 8 jaitsi.
Plazako betetze-maila % 4 goratu da Euskal AE osoan.
Udako hilabeteetan (uztaila-iraila), bidaiari-sarrera eta gaualdiak % 9 igo dira 2001eko udaren aldean; hiru herrialdeei eragin die hazkunde honek, baina ez era berean (Araban % 5, Bizkaian % 12 eta Gipuzkoan % 9 igo dira bidaiarien sarrerak).
Euskal AEko nekazalturismoko establezimenduetan, 6.462 bidaiari-sarrera zenbatu dira 2002ko irailean, aurreko urtean baino % 41 gehiago: % 66 ugaritu dira Gipuzkoan, % 24 Bizkaian; eta % 23 Araban. Gehikuntza hori Estatutik datozen bisitariek eta atzerrikoek eragin dute, % 43 eta % 20 ugaritu baitira, hurrenez hurren, Euskal AEko guztizkoan.
Egindako gaualdiak 17.438 izan dira, hau da, 2001eko irailean baino % 39 gehiago, eta horrek Gipuzkoan (% 72) eta Bizkaian (% 26) eragin du, Araban ez baita izan aldaketarik (% 0).
Batez besteko egonaldia % 1 laburtu da Euskal AE osoan. Araban % 19 moztu da, eta Gipuzkoa eta Bizkaian % 4 eta % 1 luzatu dira, hurrenez hurren.
Udako hilabeteetan, aurreko urtean baino 6.000 bidaiari-sarrera gehiago zenbatu dira, % 24ko gehikuntza. Tarte berean, gaualdiek % 18ko gorakada izan dute.