Eustatek hiru hilean behin zabaltzen duen Biztanleria Jardueraren
Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestaren arabera, 2002ko lehen hiruhilekoan, ia
880.000 landun zenbatu ziren, aurreko hiruhilekoan baino %1,6 gehiago. Langabeen
kopurua 81.000 lagunekoa da, eta langabezia-tasa, %8,4koa, Europar Batzordearen
1897/2000 Erregelamenduan jasotako biztanleria langabearen definizio harmonizatu
berriaren arabera (ikus eranskin metodologikoa). Horrek esan nahi du igo egin
dela langabeen kopurua (5.400) eta langabezia-tasa (ehuneko +0,4 puntu), 2001eko
4. hiruhilekoaren aldean. Biztanleria landunaren eta langabearen bi gehikuntza
horiek aktibo-tasaren igoera ekarri dute (ehuneko puntu bat), eta %53,4ra iritsi
da.
Euskal AEko langabezia-tasa harmonizatuak (%8,4) euroguneko
herrialdeena berdindu du
Alderatze-baliotan, Eurostatek (Europar Batasuneko Estatistika
Bulegoak) eskaintzen duen Europar Batasuneko herrialdeen langabezia-tasa %7,7koa
izan da 2002ko otsailean; euroguneko herrialdeena, berriz, %8,4koa da, Euskal
AE 2002ko lehen hiruhilekoan izan duen tasa bera, 2002. urtean Espainiako Estatuan
eraginkor bihurtzen hasi den Europar Batzordearen 1897/2000 Erregelamenduko
langabearen definizio berria aplikatzearen ondorioz.
Zenbaki absolututan, biztanleria langabeari buruzko emaitza,
2002ko lehen hiruhilekoan, 81.000 lagunekoa da, duela hiru hilabete baino 5.400
gehiago (2.400 langabe emakumezko eta 3.000 langabe gizonezko). Sexukako langabezia-tasek
alde oso nabarmenak dituzte oraindik, zeren emakumezkoenak (%12,4) gizonezkoena
(%5,7) bikoizten baitu.
Langabezia-tasa igo egin da Araban eta Bizkaian, eta jaitsi
Gipuzkoan
Herrialde historikoka, langabezia-tasaren gehikuntza Araban
eta Bizkaian gertatu da; Gipuzkoan, aldiz, jaitsi. Arabari dagokionez, %7,2rekin,
langabezia-tasa ehuneko 1,4 puntu igo da, 2001eko 4. hiruhilekoaren aldean.
Bizkaian, %10,2rekin, igoera ehuneko 0,4 puntukoa da. Gipuzkoak, azkenik, hiruetatik
tasa baxuena lortzen du hilabete horretan, %6,2rekin, ehuneko 0,3 puntu aurrekoaren
azpitik.
Langabeen kopurua, 2002ko lehen hiruhilekoan, 10.000 langabekoa
izan da Araban, 50.000koa Bizkaian, eta 20.000koa Gipuzkoan.
Biztanleria landunaren joera goranzkoa da oraindik
Biztanle landunen kopurua, 2002ko lehen hiruhilekoan, 878.900koa
da, hau da, duela hiru hilabete baino 14.100 gehiago, eta, horrekin, azken lau
hiruhilekoetako goranzko joera ez da eten. Hobekuntza gizonezkoen (7.900) eta
emakumezkoen (6.200) artean banatzen da. Herrialde historikoka, Arabak ia aurreko
emaitza errepikatu du (+900 biztanle); Gipuzkoak eta Arabak, aldiz, landunen
kopurua igo dute, 3.200 eta 10.100 biztanle, hurrenez hurren.

Sektore ekonomikoei dagokienez, azken hiru hilabeteetan igo
egin da landunen kopurua eraikuntzan (6.500) eta zerbitzuetan (13.400); nekazaritzan,
berriz, emaitza errepikatu da (+900), eta industrian jaitsi egin da (-6.400).
Landunen kopuruaren igoerarekin, enplegu-tasa ere igo egin
da, hau da, biztanle landunen ehunekoa, 16 urtetik 64 urte arterainoko biztanleriaren
guztizkoaren aldean. 2002ko lehen hiruhilekoan, ehuneko hori %61,7ra iritsi
da (aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 1,1 puntu gehiago), eta alde nabarmenak
daude gizonezkoen (lan egiteko adinean dauden 100 gizonezkotik 75) eta emakumezkoen
(100etik 48) artean.
Etxeguneen sailkapenean, jaitsi egin dira aktiborik gabeko
etxeguneak (-3.000); biztanle aktibo guztiak langabezian dituzten etxeguneen
kopurua (etxeguneen guztizkoaren %2,5), aldiz, ez da aldatu.
Duela 12 hilabete baino ia 50.000 biztanle landun gehiago
Biztanleria landuna hazi egin da, 2001eko lehen hiruhilekoaren
aldean (48.400 biztanle gehiago), hau da, ia %6. Igoera hori %10ekoa izan da
gutxi gorabehera emakumezkoentzat, eta %3,5ekoa, gizonezkoentzat. Herrialde
historikoka, ez dago alde erlatibo handirik: azken 12 hilabeteetako landun-kopurua
%6 igo da Araba eta Bizkaian, eta %5 Gipuzkoan.
Sektore ekonomikoka, zertxobait jaitsi da landunen kopurua
nekazaritza eta industrian, eta %9 igo da eraikuntza eta zerbitzuak sektoreetan.
Aldi horretan berean, enplegu-
-tasa ehuneko 3,4 puntu igo da.
Langabezia-tasa 2,5 puntu jaitsi da azken urtean
Alderatze-xedeekin, 2001eko lehen hiruhilekoko langabezia-tasa
zenbatetsi da, eta %10,9 lortu da. Beraz, azken urte horretarako zenbatetsitako
jaitsiera ehuneko 2,5 puntukoa da guztizko biztanlerian, bi puntu gizonezkoentzat
eta 3,5 puntu emakumeentzat. Herrialdeka, jaitsiera 1,7 puntukoa da Araban,
3,7koa Bizkaian, eta ia puntu batekoa Gipuzkoan.
Orain arte, Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko
Inkestak biztanleria langabetzat honako hauek jotzen zituen: erreferentziako
astean enplegurik ez izateagatik (enplegu alokatu edo beregaina) lanik egin
ez duten, enplegu bila dabiltzan eta lan egiteko prest dauden pertsona guztiak,
LANEk definitzen duen bezala.
2002az geroztik, inkestaren sailkapen-irizpidea Europar Batzordearen
1897/2000 Erregelamenduko langabezia landunaren definizio harmonizatura egokituko
da. Erregelamendu horren arabera, aldatu egin da LANEren definizioa eraginkor
bihurtzeko modua, eta langabetzat bakar-bakarrik jotzen dira inkesta egin
aurreko lau asteetan enplegua bilatzeko kudeaketa aktiboren bat egin duten pertsona
guztiak.
Erregelamenduak langabeen taldetik kanpo uzten ditu bilaketa
aktiborik egin ez duten biztanleak, eta ez da bilaketa aktibotzat jotzen, lau
aste horietan, enplegu-bulego publikoarekin harremanetan jartzea, lan-eskaera
berritzeko administrazio-izapidea ("kartilla zigilatzea") edo prestakuntza-ikastaroekin
lotutako beste izapide batzuk egiteko. Betiere erregelamendu horren arabera,
aktibotzat jo ahal izan daitezen, enplegu-bulego publikoarekiko harremanak lan-bilaketarekin
lotuta egon behar dira, hala nola, lehen aldiz izena ematea, eskaeraren datuak
eguneratzea, eskaintzei buruzko informazio jasotzea, etab.
Aldaketak Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestan
Europar Batzordearen Erregelamendua aplikatzeko, bi aldaketa
burutu dira BJAn:
- lehenik, irizpide hau erabili da: azken lau asteetan enplegua bilatzeko
kudeaketaren bat egin izana, eta ez denbora-aldirik gabe enplegua bilatu izana.
- Bigarrenik, aldi horretan egindako kudeaketa-motari buruzko galderak sartu
dira, kudeaketa aktiboren bat egin duten pertsonak bereizteko.
Aurreko bi irizpide horiek aplikatzearen ondorioa biztanleria
langabea murriztea izan da, eta aldi berean biztanleria ez-aktiboa igotzea.
Aurreko definizioarekin alderatuta, langabezia-tasak eta, ondorioz, aktibo-tasak
murriztuko dira.
Aldaketen eraginak 2002ko lehen hiruhilekoan
Oraindik biztanleria aktiboaren aurreko definizioa aplikatuz,
2002ko lehen hiruhilekoan 92.600 langabeko emaitza lortuko litzateke. Argitaratu
den zifra (81.000) lortzeko eman diren urratsak honako hauek dira:
Lehenik, langabetzat jotzeko aurreko baldintzak dituen –eta,
gainera, azken lau asteetan enplegua bilatzeko kudeaketaren bat egin duen– biztanleria
hartu da, eta horiek 79.600 biztanle dira. Ondorengo irizpidea aplikatuz, horiek
guztietatik aktibotzat jotzen den kudeaketaren bat egin dutenak baino ez dira
kontuan hartu behar (79.400). Azken zifra lortzeko, erreferentziako astean enplegurik
ez zuten arren, lanean hasiko diren pertsonak ere batu behar dira (1.600 biztanle),
horiek ere langabetzat jo behar baitira (LANEren arabera). Azken emaitza 81.000
biztanleko taldea da.

Inkestan sartu diren bi aldaketetatik, langabeen kopuruaren
murriztean eraginik handiena honako honek izan du: azken lau asteetan enplegua
bilatzeko kudeaketaren bat egin izana ezartzen duen baldintza aplikatzeak, eta
ez orain arte bezala, oro har enplegu bila egotea. Azken bi urteetan, baldintza
hori betetzen ez zuten langabeak (langabetzat jotzen zirenak), gorabehera batzuekin,
%15 inguruan zeuden.
Emaitzen alderaketa 2002ko lehen hiruhilekoari buruz
Langabezia-tasa aldaketaren erakusgarri nagusitzat hartuz,
aurreko definizioarekin jarraituz, Euskal AEko langabezia-tasa %9,5ekoa izango
zatekeen, argitaratu dena baino ehuneko 1,1 puntu handiagoa. Azken hori definizio
berriarekin lortu da. Gizonezkoen langabezia-tasari dagokionez, argitaratutako
tasa aurreko definizioarekin lortutakoa baino 0,8 puntu txikiagoa da, baina
emakumezkoena are gehiago urruntzen da, %13,9tik %12,5era (-1,5 puntu).

Irizpide-aldaketaren eragina ez da berdina hiru herrialde historikoetan.
Arabari eta Gipuzkoari dagokionez, langabezia-tasa ehuneko 0,3 puntu murriztu
da; Bizkaiari dagokionez, aldiz, 1,8 puntu murriztu da, eta %12tik %10,2ra pasa
da.
Bi definizioetan desberdin sailkatzen diren taldeak lanez besteko
jarduera duten emakumeak (etxeko lanak, ikasketa, etab. egiten dituztenak) eta,
oro har, enplegu bila denbora gehiago daramaten pertsonak eta lehen langabetzat
jotzen zirenak. Hau da, enplegu bila dabiltzala esan arren, ezarritako aldian
bilaketa-kudeaketarik egin ez duten pertsonek ezaugarri horiek izan ohi dituzte.
Biztanleria langabearen definizio zaharraren araberako emaitzak
erabilgarri daude erabiltzaileentzat Eustaten.