
2002/04/02ko prentsa-oharra
KANPO MERKATARITZAREN ESTATISTIKAK (KAMEE) 2001eko 4. hiruhil. eta 2001eko balantzea
EUSKAL AE-KO ESPORTAZIOAK (%-6,4) ETA INPORTAZIOAK (%-12,0) JAITSI EGIN DIRA 2001EKO AZKEN HIRUHILEKOAN
Hobetu egin da, hala ere, merkataritza-balantzaren superabita, 340 milioi eurora iritsi baita
Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioek %6,4ko hazkunde nominala
izan dute 2001eko laugarren hiruhilekoan, eta sendetsi eta areagotu ere egin
dute urteko aurreko hiruhilekoetan izandako moteltzea, Eustatek taxututako datuen
arabera.
Inportazioek, bestalde, %12,0ko murriztea izan dute hiruhilekoan,
inportazio energiazkoen beherakada nabarmenak eraginda, 2001eko azken hiruhilekoan
%45,0 jaitsi baitira.
Produktu ez-energiazkoak besterik aztertzen ez badugu, ikusiko
dugu esportazioak %5,2 jaitsi direla, 2000ko laugarren hiruhilekoaren aldean,
eta inportazioek aurreko urteko maila bertsuan dirautela (%-0,4).

Kanpo-merkataritzaren bolumena –esportazioen eta inportazioen
batura–, 2001eko azken hiruhilekoan, 5.465 milioi eurokoa izan da. Esportazioek
inportazioen gainean duten estaldura-tasa hobetu egin da, 2000ko azken hiruhilekoko
%106,5etik 2001eko epe bereko %113,3ra. Ondorioz, igo egin da, orobat, hiruhilekoan
izandako merkataritza-superabita; aurreko urtean izandako 189 milioi euroetatik,
340 milioi euroraino igo da. Hori guztia, inportazioak esportazioak baino areago
jaitsi direlako.
Herrialde historikoka begiratuta, 2001eko laugarren hiruhilekoan
Gipuzkoan baino ez dira esportazioak hazi, %2,5. Bizkaikoak eta Arabakoak, berriz,
%11,1 eta %10,3 beheratu dira, hurrenez hurren.
Inportazioetan ere ikuspegi berbera ageri da: gora egin dute
inportazioek Gipuzkoan (%2,0) eta behera Araban (%-7,3) nahiz Bizkaian (%-19,9).
KANPO-MERKATARITZAREN BALANTZEA 2001
JAITSI EGIN DA KANPO-MERKATARITZAREN BOLUMENA, BAINA HOBETU
EGIN DIRA MERKATARITZA-SUPERABITA ETA ESTALDURA-TASA, 2001. URTEAN.
Euskal AEko kanpo-merkataritzaren bolumena 21.390 milioi eurokoa
izan da 2001 urtean, aurreko urtean baino %2,2 txikiagoa. Merkataritza-saldoa
1.621 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitaldian baino %3,0 gehiago, baina aurreko
urteetan lortutako kopuruetatik urruti.
Produktu ez-energiazkoen merkataritza-balantza, bestalde, jaitsi
egin da, 2000.eko 3.299 milioi euroetatik 2001.eko 3.021 milioi euroetara. Izan
ere, inportazio ez-
-energiazkoak %1,5 hazi dira, eta esportazio ez-energiazkoak %1,5 urritu.
Guztizko esportazioek inportazioen gainean duten estaldura
aurreko urteko %115,5etik 2001eko %116,4ra pasa da, ia ehuneko-puntu bat handituta.
Aitzitik, kontrakoa gertatu da produktu ez-energiazkoen atalean; hor, estaldura-tasa
jaitsi egin da, 2000.eko %142,6tik azken ekitaldiko %138,4ra.

HELBURU GEOGRAFIKOA ETA PRODUKTU NAGUSIAK
Euskal AEko esportazioen helburu geografikoari dagokionez, ikusten da, lehenik eta behin, Europar Batasuneko herrialdeetara egindako salmentek aurreko urteko mailari eutsi diotela 2001ean (%-0,2): handitu egin dira Frantzia (%5,3) eta Erresuma Batua (%10,7) helburu izan dituzten esportazioak, txikitu egin dira Alemaniara (%-8,4) eta Herbeheretara (%-27,0) egindakoak, eta bere horretan diraute Italia (%0,0) helburu izan dutenak. ELGEko beste herrialdeetarako esportazioak %14,4 jaitsi dira; eta gainerako herrialdeetara zuzendutakoak, %5,5 goratu.
Ondasun-motari erreparatuz gero, ekipo-ondasunek Euskal AEko esportazio ez-
-energiazkoen erdia baino gehiago hartzen dute, eta %4,1 igo dira haien salmentak. Metal arruntak eta manufakturak atala ere sektore garrantzitsua da Euskadiko industrian, eta bere esportazio-bolumenaren %2,2 galdu du. Nekazaritza-produktuak (%11,5), papera (%12,8) eta bestelako manufakturak (%9,8) ataletan hobetu egin dira datuak, aurreko ekitaldiaren aldean.
Inportazioei dagokienez, jaitsi egin dira produktu ez-energiazkoak (%-15,7) eta, neurri txikiagoan, ekipo-ondasunak (%-4,6). Hazi egin dira metalak eta manufakturak (%2,4), bestelako manufakturak (%26,8) eta nekazaritza-produktuak (%4,6) ataletako inportazioak.
HERRIALDE HISTORIKOAK
2001. urte osoan, jaitsi egin dira esportazioak Araban (%-6,6) eta Bizkaian (%-4,7), eta igo egin dira Gipuzkoan (%6,6). Joera horiek berak gertatu dira, intentsitate ezberdinekin bada ere, bai guztizko esportazioetan bai ez-energiazkoetan. Ekipo-
-ondasunak ataleko salmentak txikitu egin dira Araban (%-13,7) nahiz Bizkaian
(%-7,0), eta handitu Gipuzkoan (%11,3). Garrantziagatik bigarrena den metalak eta manufakturak taldeak, bilakaera negatiboa izan du Bizkaian (%-5,6) nahiz Gipuzkoan (%-2,1), eta aldakuntza positiboa Araban (%4,7).
Inportazioez den bezainbatean, beherakada nabarmena gertatu da Araban (%-17,8), ekipo-ondasunen inportazioetan izandako jaitsierak (%-32,6) eraginda. Bizkaian, ia aurreko urteko zifra berberetan mantendu dira guztizko inportazioak (%-0,9), baina asko murriztu dira inportazio energiazkoak (%-16,3), nabarmen gehitu ekipo-
-ondasunak (%11,2), eta gutxixeago handitu metalak eta manufakturak (%2,4). Gipuzkoan, handitu egin dira orobat inportazioak, asko hazi direlako ekipo-ondasunak (%25,3), bestelako manufakturak (%13,5), kimika-produktuak (%15,4) eta nekazaritza-
-produktuak (%5,4) ataletako kanpo-erosketak.
Argibide gehiagorako:
|

|
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945 017 500 Faxa:+34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Patxi Garrido Espinosa
Tel:+34-945 017 507. Faxa:+34-945 017 501
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus |
Informazio gehiago